Bizkaiko Foru Berriaren bosgarren mendeurrenak edozein arlo zipriztintzeko gaitasuna duela agerian geratu da. Bidesarien auzia Batzar Nagusietara heldu da gaur, eta AP-68 Doan plataformako Kepa Alañak, garai bateko «foru paseari» aipamen egin, eta azaroaren 11tik aurrera ez ordaintzera deitu ditu gidariak. Egun horretatik aurrera Bizkaiko eta Arabako foru aldundien esku geratuko da Bilbo eta Zaragoza (Espainia) arteko autobidearen kudeaketa, eta ibilbide osoan soilik Bizkaiko eta Arabako zatiak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute gidariek. AP-8 Peajerik Ez plataformako Juan Carlos Poderosok agintariei leporatu die foruaren mendeurrenaren ospakizunetan bizkaitarren arteko berdintasuna goraipatzen ibili diren arren bidesarien kasuan «lehen eta bigarren mailako bizkaitarrak» daudela: «Ez gara berdinak; autobide hauen inguruan bizi garenoi ez zaigu bermatzen mugikortasun seguru, eraginkor eta ekologikorako eskubidea».
Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean izan dira plataforma bietako ordezkariak, eta gogor egin diete berba batzarkide taldeetako ordezkariei. EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia egin ditu Alañak egoeraren erantzule, eta bereziki jeltzaleei eta koalizio subiranistari «hipokrisia» egotzi die, AP-68aren Nafarroako zatian doakotasuna babestu dutelako. «Geroa Bairen bitartez, EAJk ordainsaria kentzea babestu du, eta EH Bilduk ere bai, [Maria] Txibite [Nafarroako lehendakaria] babestuta. Ostera, Bizkaian eta Araban ordaintzen jarraitzea nahi dute».
Alañak gura zuen talde guztiek esatea ordainsarien alde edo aurka dauden, datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan herritarrek kontuan hartzeko. Baina ez du lortu EH Bilduko batzarkide Raul Mendezek beren jarrera argitzea: «Printzipioz ez dugu bidesaria kentzea planteatzen. Proposatzen duguna da eztabaida publiko eta politiko bat, egoera aztertu eta ahalik eta adostasunik zabalenarekin erabakiak hartzeko». EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeek argi utzi dute bidesariei eustearen alde daudela, baina Elkarrekin Bizkaia taldeko Richar Vaquerok esan du gehien erabiltzen dutenak, beharginak eta errenta baxuena dutenak kontuan hartuko dituen tarifa sozialak beharko direla. Erabilitako argudioen artean, besteak beste, doakoak izateak ingurumenean eragingo lukeen kaltea nabarmendu dute. PP izan da plataformakoen aldarrikapenekin bat egin duen bakarra, eta Raquel Martinez batzarkideak beste taldeetakoei esan die «arriskutsua» dela erabiltzen duenak ordaindu behar duela esatea: «Logika horri jarraituta, Bizkaibus edo zahar etxeak finantzatzeari uko egiten dioten bizkaitarrak ager daitezke, ez dituztelako erabiltzen».

Poderosok nabarmendu du «deigarria» egiten zaiola Bizkaian edozein errepidek 15.000 ibilgailuren langa gainditzen duenenean ordezko bat eraikitzen diotela, salbu AP-8aren doako alternatiba denari, BI-634 errepideari. «Durangaldeko eta Lea-Artibaiko herritarrok aukera bi baino ez ditugu: ordaindu eta AP-8tik joan, ala BI-634 errepidea hartu eta bizitza arriskatu». Alañak eman du datua: lau istriputik hiru bigarren mailako errepideetan gertatzen dira. Horregatik iruditzen zaio ordaintzeko zailtasunak dituztenak «arriskuan» jartzen dituela diputazioak.
Poderosok «aitzakiak» erabiltzea leporatu dio diputazioari. «Kutsatzen duenak ordaindu dezala, hori esaten duzue, baina dagoeneko ordaintzen dugu hidrokarburoen zergan. Europako Batasunak kobratzera behartzen duela ere esaten duzue, baina ez da egia». Alañaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak 120 milioi euroko gastua izaten du urtean herrialdeko errepideetan. 80 milioi euro biltzen ditu ordainsariekin, eta 300 milioi euro hidrokarburoen zergarekin. «250 milioi euroko superabita esan nahi du horrek! Behintzat Carlos Alzaga [Azpiegitura] diputatuak aitortu bildutakoa gizarte zerbitzuak eta beste ordaintzeko erabiltzen dutela», adierazi du.