Berunezkoa dirudi hareazko erlojutik eroritako azken aleetako bakoitzak Bilboko Arte Ederren Museoan. Lau urte joan dira Norman Foster eta Luis Mari Uriarte arkitektoek diseinatutako Agravitas izeneko proiektua altxatzeko lanak hasi zituztenetik, eta, azkenik, astearte honetan zabalduko dituzte eraikin berritu eta handituaren ateak parez pare, erakusketetarako 6.000 metro koadro irabazita. Museoa alderik alde gurutzatzen duen bildumako piezekin osatutako erakusketa aurkeztu zuten aurreko astean, eta oraintxe arte itxita eduki dituzten azken guneak aurkeztu dituzte berriki aurrenekoz. Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren hitzetan, ordea, irekiko dutena ez da museo handitu bat edo museo berritu bat izango; haren arabera, berrikuntzak «birdimentsionatu» egin baitu erakundea. Eta, salbuespen txiki batzuekin, alderik alde erakutsi ahal izan diete dena hedabideei; oraindik ere pintura usaina igar zitekeen hainbat txokotan, eta langileak joan-etorrian zebiltzan barruan zein kanpoan. Artelanen betikotasunak eta erloju kontra aritzearen urgentziak bat egiten duten une delikatu horretan.
«Museo bakarra da», azaldu du Zugazak, «baina hiru arkitektura dira». Lehendik ere, bi eraikinek osatzen zuten Bilboko Arte Ederren Museoa. 1945ean eraikitakoa zegoen batetik, Euskadi plazara begira zegoena, eta, hari lotuta, 1970ean eraikitako eraikin modernoa ere bazegoen bestetik. Eta, hain zuzen ere, bi horien gainean pausatutako zubi moduko bat osatzen du orain Fosterrek eta Uriartek diseinatutako hirugarren eraikinak. Eta gune horretan kokatutako aretoak erakutsi dituzte orain aurrenekoz: BBK museoa, haren ondoko terraza, diseinuari eta arkitekturari eskainitako tokia eta Jorge Oteiza artistaren lanekin osatutako aretoa. Eta gune berri horiez gainera, Placido Arango bildumagilearen omenezko erakusketa ere aurkeztu dute.
BBK museoa
Guztira, 1.500 metro koadroko eta sei metroko garaierako eremu zuri garbi bat da eraikin berriko gunerik ikusgarrienetako bat, eta euskal artistarik garaikideenen lanak jarri dituzte bertan ikusgai. Bertan dira, esate baterako, Itziar Okariz artistaren Arnasketa ozeanikoa soinu instalazioa, handitze lanek iraun bitartean museoko eraikin zaharrean egon den Sergio Pregoren 13 Zentaurora instalazioa eta Ana Laura Alaez artistak larruzko jakekin osatutako serie zabaleko hainbat pieza ere. Baina, horiez gainera, June Crespo, Jon Mikel Euba, Damaris Pan, Ibon Aranberri, Gema Intxausti, Erlea Maneros, Lorea Alfaro, Jon Otamendi eta Azucena Vieites artisten lanak ere topatuko ditu bertan bisitariak.
Aretoa handia izanik, gainera, halakoxeak dira artista horien lan gehienak ere. «Lehengo museoak ezin izango zituzkeen obra hauek hartu», azaldu du Zugazak.

Berez, museoak bere bildumarekin osatutako Bildu(e)mak erakusketa zabalaren azken atala da aretokoa, baina BBK banku fundazioa izan da haren babeslea, eta horregatik hartu du haren izena: BBK museoa. Zehazki, programazioaren herena ordaintzen du fundazioak, bestelako babesleen bidez osatzen du bigarren herena museoak, eta, azkenik, sarreren bidez jasotakoarekin lortzen du hirugarren herena.
Terraza
Eraikin berriko azken solairuan dago euskal arterik garaikideenari eskainitako gunea, eta terraza bat ere badu eraikinak. Euskadi plaza eta Casilda Iturrizar parkea ikus daitezke bertatik, eta hiru eskultura monumental ere topatuko ditu bertan bisitariak. Anthony Caro artista britainiarrarenak dira hirurak. Norman eta Elena Fosterrek emanda jaso dituzte haietako bi, eta Arango bildumaren parte da hirugarrena. Lan hori aldi baterako utzi dute museoan.
Diseinua eta arkitektura
Proiektua aurkeztu zutenean, solairu bakarra zuen Fosterren eta Uriarteren eraikin berriak. Lanak zehazten joan ahala, ordea, beste solairu bat egiteko modua topatu zuten arkitektoek, eta, hain zuzen ere, bertan jarri dute orain diseinuari eta arkitekturari eskainitako gunea, BBK museoaren azpian justu. Bederatziehun metro koadroko areto bat da, eta, besteak beste, industriari, diseinuari eta altzarigintzari lotutako hainbat pieza ikus daitezke bertan. CAF enpresak sortutako hainbat gurpil topatuko ditu bertan bisitariak, bai eta Aurelio Artetak Ricardo Bastidaren etxerako egindako margolanak, eta Nestor Basterretxeak Uharte familiarentzako sortutako diseinuzko mahai pare bat ere. Horiez gainera, industriarekin lotutako hainbat ikerlan artistiko ere jarri dituzte ikusgai, hala nola Ainara Elgoibarren eta Ismael Iglesiasen lanak.

Museoko langileek ere solairu horretan izango dituzte lantokiak aurrerantzean, baina bukatu gabe dituzte lan horiek oraindik, eta Rosario Lopez artista Kolonbiarraren Etxea lana jarri dute bertan ikusgai.
Oteizaren aretoa
Ez dok amairu leloarekin aurkeztu du museoak bere eraikin berrituko ibilbidea. Izan ere, guztira hamahiru gune berritu izango ditu museoak, eta Jorge Oteizaren lana da azken aretoko protagonista nagusia. Fosterrek eta Uriartek diseinatutako egituraren ertz batean dago zehazki, eta, ofizialki, Ikuspuntua deitu badiote ere, artistaren hogei lan inguru bildu dituzte bertan. Horman jarritako apalategi moduko batean jarri dituzte lanetako batzuk ikusgai, baina gela erdian ere badaude beste batzuk. Sortzaileak esferekin eta kuboekin egindako espazioa desokupatzeko saioak dira. Oteizaren lana ez ezik, Cristina Iglesias artistak bere ibilbidean sortutako putzu itxurako lehen eskulturetako bat ere topatuko du bisitariak hamahirugarren areto horren kanpoaldeko terrazatxoan.
Gune horiez gainera, hezkuntza tailerrak ere izango du bere lekua Foster eta Uriartek sortutako toki berrian, eta kafetegi bat ere izango du museoak. Atrioaren azpian egongo dira, halaber, liburutegia eta auditoriuma, eta horiek dira, hain justu, oraindik zabaltzeko dauden azken guneak, bulegoekin batera.
Arangoren bilduma
Zugazak nabarmendu duenez, gaur egun bildumagileek eta artistek emandako lanek osatzen dute Bilboko Arte Ederren Museoko bildumaren %70 inguru, eta horregatik esan du erakundea, funtsean, «bildumen bilduma bat» dela. Horrenbestez, bildumazaletasun horri bi keinu eginda zabaldu nahi izan dute museo berritua. Duela bi aste aurkeztu zuten Patricia Phelps de Cisnerosen bildumarekin osatutako erakusketa, eta, horrez gainera, Placido Arango bildumagilearen omenezko erakusketa bat aurkeztu dute orain. Bost areto hartzen ditu osotara, eta lau urtez egongo da ikusgai, nahiz eta, iragarri dutenez, sei hilabetean behin erakusketaren zatiren bat berrituko duten. Arangoren bildumako piezak ez ezik, beste museo batzuek eta beste bildumagile batzuek utzitako lanak ere baliatuko dituzte horretarako.

Mexikon jaio zen Placido Arango, 1931n, eta 2020an hil zen, Madrilen; negozio gizona ez ezik, artezale porrokatua ere izan zen. Bilduma esanguratsua osatu zuen horri esker, eta haren parte bat jarri dute orain ikusgai Bilbon. Baina Arangoren bildumako lanez gainera, haren senideek eta lehen lerroko beste hainbat museok utzitako lanak ere topatuko ditu bisitariak erakusketan. Hala, gaur egun honako artista hauek topatuko ditu bertan bisitariak, besteak beste: Pedro de Campaña, Grekoa, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Antonio de Pereda, Francisco Goya, Ignacio Zuloaga, Antoni Tapies, Kees van Dongen, Albert Gleizes, Germaine Richier, Jean Dubuffet, Joan Miro, Andy Warhol, John Chamberlein, Diego Ribera eta Frida Kahlo. Gego artista venezuelarraren alanbrez egindako eskultura eder bat ere jarri dute ikusgai; Arangoren lagun izandako Patricia Cisneros Phelps bildumagileak emanda jaso du lana museoak.
Edonola ere, museoko arduradunek azaldu dutenez, erakusketaren mugak gainditzen dituzte Arangoren bildumako lanek. Besteak beste, bilduma horren parte da museoaren kanpoaldean ikusgai dagoen Cristina Iglesiasen lana.
Irekiera eguna
Bizi igaroko dira hurrengo egunak museoan. Norman Foster arkitektoa bisitan joango da igandean, esaterako, eta astelehenean egingo dute irekiera ofiziala, seiehun gonbidaturekin. Asteartean irekiko dituzte ateak, azkenik, publiko orokorrarentzat, eta sarrera doakoa izango da urriaren 13ra arte. Bitartean, ordea, lanean jarraitzen dute langileek, eta belar multzoak lurrari erabat itsatsi gabe daudela igar daiteke eraikinaren kanpoko belardietan, oraindik ere erabat bukatu gabeko puzzle baten piezak balira bezala.