Berunezkoa dirudi hareazko erlojutik eroritako azken aleetako bakoitzak Bilboko Arte Ederren Museoan. Lau urte joan dira Norman Foster eta Luis Mari Uriarte arkitektoek diseinatutako 'Agravitas' izeneko proiektua altxatzeko lanak hasi zituztenetik, eta, azkenik, astearte honetan zabalduko dituzte eraikin berritu eta handituaren ateak parez pare, erakusketei eskaini ahal izateko 6.000 metro koadro irabazita. Museoa alderik alde gurutzatzen duen bildumako piezekin osatutako erakusketa aurkeztu zuten aurreko astean, eta, oraintxe arte itxita eduki dituzten azken espazioak aurkeztu dituzte orain aurrenekoz. Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren hitzetan, ordea, irekiko dutena ez da museo handitu bat edo museo berritu bat izango; haren arabera, berrikuntzak «berdimentsionatu» egin baitu erakundea. Eta, salbuespen txiki batzuekin, alderik alde erakutsi ahal izan diete dena hedabideei, oraindik ere hainbat txokotan pintura usaina igar zitekeela eta, barru zein kanpo, langileak joan-etorrian zebiltzala. Artelanen betikotasun aireak eta erloju kontra aritzearen urgentziak bat egiten duten une delikatu horretan.
«Museo bakarra da», azaldu du Zugazak, «baina hiru arkitektura dira». Lehendik ere, bi eraikinek osatzen zuten Bilboko Arte Ederren Museoa. Euskadi plazara begira zegoen 1945ean eraikitakoa zegoen batetik, eta, hari lotuta, 1970ean eraikitako eraikin modernoa ere bazegoen, bestetik. Eta, hain zuzen ere, bi horien gainean pausatutako zubi moduko bat osatzen du orain Fosterrek eta Uriartek diseinatutako hirugarren eraikinak. Eta gune horretan kokatutako aretoak erakutsi dituzte orain aurrenekoz: BBK museoa, haren ondoko terraza, diseinuari eta arkitekturari eskainitako espazioa eta Jorge Oteiza artistaren lanekin osatutako aretoa. Eta gune berri horiez gainera, Placido Arango bildumagileari eskainitako omenaldi erakusketa ere aurkeztu dute.
BBK museoa
Guztira, 1.500 metro koadroko eta sei metroko garaierako eremu zuri garbi bat da eraikin berriko gunerik ikusgarrienetako bat, eta euskal artistarik garaikideenen lanak jarri dituzte bertan ikusgai. Bertan dira, esate baterako, Itziar Okariz artistaren Arnasketa ozeanikoa soinu instalazioa, handitze lanek iraun bitartean museoko eraikin zaharrean egon den Sergio Pregoren 13 Zentaurora instalazioa, edota Ana Laura Alaez artistak larruzko jakekin osatutako serie zabaleko hainbat pieza ere. Baina, horiez gainera, June Crespo, Jon Mikel Euba, Damaris Pan, Ibon Aranberri, Gema Intxausti, Erlea Maneros, Lorea Alfaro, Jon Otamendi eta Azucena Vieites artisten lanak ere topatuko ditu bertan bisitariak.
Aretoa handia izanik, gainera, neurri handikoak dira ikusgai jarri dituzten artista horien lanik gehienak ere. «Lehengo museoak ezin izango zituzkeen obra hauek hartu», azaldu du Zugazak.

Berez, museoak bere bildumarekin osatutako Bildu(e)mak izeneko erakusketa zabalaren azken atala da aretokoa, baina BBK banku fundazioa izan da haren babeslea, eta horregatik hartu du haren izena: BBK museoa. Programazioaren herena ordaintzen du zehazki fundazioak, bestelako babesleen bidez osatzen du bigarren herena museoak, eta, azkenik, sarreren bidez jasotakoarekin lortzen du hirugarren herena.
Terraza
Eraikin berriko azken solairuan dago euskal arterik garaikideenari eskainitako gunea, eta terraza bat ere badu eraikinak. Euskadi plaza eta Casilda Iturrizar parkea ikus daitezke bertatik, eta hiru eskultura monumental ere topatuko ditu bertan bisitariak. Anthony Caro artista britainiarrarenak dira hirurak. Norman eta Elena Fosterrek emanda jaso dituzte haietako bi, eta Arango bildumaren parte da hirugarrena. Kasu horretan, aldi baterako utzi dute museoan.
Diseinua eta arkitektura
Proiektua aurkeztu zutenean, solairu bakarra zuen Fosterren eta Uriarteren eraikin berriak. Lanak zehazten joan ahala, ordea, bigarren solairu bat egiteko modua topatu zuten arkitektoek, eta, hain zuzen ere, bertan jarri dute orain diseinuari eta arkitekturari eskainitako gunea, justu, BBK museoaren azpian. 900 metro koadroko areto bat da, eta, besteak beste, industriari, diseinuari eta altzarigintzari lotutako hainbat pieza ikus daitezke bertan. CAF enpresak sortutako hainbat gurpil topatuko ditu bertan bisitariak, bai eta Aurelio Artetak Ricardo Bastidaren etxerako sortutako margolanak, eta Nestor Basterretxeak Huarte familiarentzako sortutako diseinuzko mahai pare bat ere. Horiez gainera, ordea, industriarekin lotutako hainbat ikerketa lan artistiko ere jarri dituzte ikusgai. Hori da, adibidez, Ainara Elgoibarren eta Ismael Iglesiasen lanen kasua.

Museoko langileek ere solairu horretan izango dituzte lantokiak aurrerantzean, baina bukatu gabe dituzte lan horiek oraindik, eta, une honetan, Rosario Lopez artista Kolonbiarraren Etxea lana jarri dute bertan ikusgai.
Oteizaren aretoa
Ez dok amairu leloarekin aurkeztu du museoak bere eraikin berrituko ibilbidea. Izan ere, guztira, hamahiru dira museo berrituak izango dituen espazioak, eta Jorge Oteizaren lana da azken aretoko protagonista nagusia. Fosterrek eta Uriartek diseinatutako egituraren ertz batean dago zehazki, eta, ofizialki, Ikuspuntua deitu badute ere, artistaren hogei lan inguru bildu dituzte bertan. Horman jarritako apalategi moduko batean jarri dituzte lanetako batzuk ikusgai, baina gela erdian daude ikusgai beste batzuk. Sortzaileak esferekin eta kuboekin egindako espazioa desokupatzeko egindako saioak dira. Oteizaren lana ez ezik, Cristina Iglesias artistak bere ibilbidean sortutako putzu itxurako lehen eskulturetako bat ere topatuko du bisitariak hamairugarren areto horren kanpoaldeko terrazatxoan.
Gune horiez gainera, hezkuntza tailerrak ere izango du bere gunea Foster eta Uriartek sortutako espazio berrian, eta kafetegi bat ere izango du museoak. Atrioaren azpian egongo dira liburutegia eta auditoriuma ere, eta, hain justu, bulegoekin batera, horiek dira oraindik zabaltzeko dauden azken guneak.
Arangoren bilduma
Zugazak nabarmendu duenez, gaur egun bildumagileek zein artistek emandako lanek osatzen dute Bilboko Arte Ederren Museoko bildumaren %70 inguru, eta, horregatik esan du, erakundea, funtsean, «bildumen bilduma bat» dela. Horregatik, bildumazaletasun horri egindako bi keinurekin zabaldu nahi izan dute museo berritua. Duela bi aste aurkeztu zuten Patricia Phelps de Cisnerosen bildumarekin osatutako erakusketa, eta, horrez gainera, Placido Arango bildumagileari egindako omenaldi erakusketa bat aurkeztu dute orain. Bost areto hartzen ditu, osotara, lau urtez egongo da ikusgai, nahiz eta, iragarri dutenez, sei hilabetean behin berrituko duten erakusketaren zatiren bat. Arangoren bildumako piezak ez ezik, beste museo batzuek eta beste bildumagile batzuek utzitako lanak ere baliatuko dituzte horretarako.

Mexikon jaio zen Plácido Arango 1931an, eta 2020an hil Madrilen; negozio gizona ez ezik, arte zale porrokatua ere izan zen. Bilduma esanguratsua osatu zuen horri esker, eta haren parte bat jarri dute orain ikusgai Bilbon. Baina Arangoren bildumako lanez gainera, haren senideek zein lehen lerroko beste hainbat museok utzitako lanak ere topatuko ditu bisitariak erakusketan. Hala, besteak beste, une honetan, ondorengo artistak topatuko ditu bertan bisitariak: Pedro de Campaña, Grekoa, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Antonio de Pereda, Francisco Goya, Ignacio Zuloaga, Antoni Tapies, Kees van Dongen, Albert Gleizes, Germaine Richier, Jean Dubuffet, Joan Miro, Andy Warhol, John Chamberlein, Diego Ribera eta Frida Kahlo. Gego artista venezuelarraren alanbrez egindako eskultura eder bat ere jarri dute ikusgai, eta, kasu horretan, Arangoren lagun izandako Patricia Cisneros Phelps bildumagileak emanda jaso du lana museoak.
Edonola ere, museoko arduradunek azaldu dutenez, erakusketaren mugak gainditzen dituzte museoan ikusgai dauden Arangoren bildumako lanek. Besteak beste, bilduma horren parte da museo kanpoaldean ikusgai dagoen Cristina Iglesiasen lana.
Irekiera eguna
Bizi joango dira hurrengo egunak museoan. Norman Foster arkitektuaren bisita jasoko du igandean, esaterako, eta astelehenean egingo dute irekiera ofiziala, 600 gonbidaturekin, baina asteartean irekiko dituzte ateak, azkenik, publiko orokorrarentzat, eta doako sarrera eskainiko du urriaren 13ra arte. Bitartean, ordea, lanean jarraitzen dute langileek eta lurrari erabat itsatsi gabe igar daitezke belar multzoak eraikinaren kanpoko belardietan, oraindik ere erabat bukatu gabeko puzzle baten piezak balira bezala.