Otxandioko (Bizkaia) bonbardaketaren 90. urturrenean, EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu dio biktima gisa aitortzeari uzteko bonbardaketan parte hartu zuen pilotu frankista bat, Angel Salas Larrazabal, eta haren kondekorazioak eta estatu ohoreak kentzeko. Altxamendu militarra hasi eta handik lau egunera gauzatu zuten aire erasoa, 1936ko uztailaren 22an. Andikona plazan Santa Marina jaiak ospatzen ari zirela eraso zieten herritarrei: 61 pertsona erail zituzten, eta dozenaka zauritu. 36ko gerraren lehen aire erasotzat jotzen da hori. Arratsaldean, bonbardaketan hildakoak omenduko dituzte herrian.
Koalizio abertzaleak salatu du Salas Larrazabal ezin dela biktima gisa aitortu, frankismoaren zerbitzura jardun zuen militar bat izan zelako. Gogorarazi du Otxandioko bonbardaketarekin lotutako «erantzukizun historikoa» izan zuela Salasek, eta, horrenbestez, biktimen aitortzatik kanpo utzi behar dela: «Ez da bateragarria bonbardaketaren biktimak omentzea eta Otxandiorentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzea, batetik, eta estatuak bonbardaketaren erantzule nagusietako bati ohoreak mantentzea, bestetik». Koalizioaren aburuz, Espainiako Gobernuak bere gain hartu behar du eskaria, Memoria Demokratikoaren Legea beteko badu. Â
Gai horren inguruan galdetu diote gaur, Euskadi Irratian, Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariari ere. Haren hitzetan, «dokumentatuta» dago Salas Larrazabalek bonbardaketan izan zuen ardura, eta «zentzuzkoa eta justiziazkoa» da estatu aitortza oro kentzea: «Hori samur esan daiteke». Era berean, Alonsok enfasia jarri du memoria politiketan: «minei» erreparatu behar diete, eta, horretarako, beharrezkoa da «historiaren parte zikinak ere gogoratzea». Horregatik, Espainiako Sekretu Ofizialen Legea indargabetzearen alde agertu da Alonso: «Atera daitezela paper guztiak». Hala ere, «gogoratzeaz gainera lanketa» egiteko premia azpimarratu du. Haren esanetan, «euskal gizartea aurrera doa, gizartearen gehiengoak borondatea du elkarbizitzarako».
Otxandioko alkate Egoitz Germendiak ere hartu du hitza hedabideetan, eta gogorarazi zibilak zirela gaur arratsaldean omenduko dituzten biktimak. Bonbardaketa gertatu zenean plazan zeuden asko emakumeak eta haurrak ziren, eta gertakariak agerian utzi zuen biztanle zibilak ere jomuga izan zirela gerraren hasieratik bertatik.
EH Bilduko legebiltzarkide eta Otxandioko bizilagun Pello Otxandianok ere urteurrena baliatu du gaurko testuinguru politikoarekin lotzeko. Sare sozialetan gogorarazi duenez, 1936ko uztailaren 22ko erasoan «61 pertsona baino gehiago erail zituzten, Euskal Herriaren izateko nahia eta euskal sentimendua isilarazteko saiakera kriminal batean». Salatu du, halaber, 90 urte igaro diren arren, sarraskiaren biktimek ez dutela «Espainiako Estatuaren aitortza ofizialik jaso»; aldiz, egileek bai. Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, «herri gisa» erantzuteko deia egin du politikariak: «Euskal Herriaren defentsa irmoa eginez, aldarri subiranista inoiz baino biziago mantenduz eta justizia soziala erdigunean jarriz».
Urteurreneko ekitaldi nagusia gaur arratsaldean egingo dute. 18:00etan, lore eskaintza egingo dute Andikonako iturrian, bonbardaketan hildakoen omenez. Omenaldiaren bidez, gogora ekarri nahi dute, duela 90 urte jazotako sarraskia ez ezik, urte luzez isilarazitako memoria ere. Aurten, 50 urte beteko du memoria ekitaldi horrek, 1976an hasi baitziren egun seinalatu horretan lore eskaintzak egiten.