Bizkaiak oso-osorik eutsi dio bere zerga erreformari, neurririk polemikoenak barne

Bizkaiko Aldundiaren Gobernu Kontseiluak ekaineko proposamena onartu du, eta orain Batzar Nagusietara igorriko du. PSE-EEren bi ordezkariak abstenitu egin dira, eta Anduezak iragarri du zuzenketak aurkeztuko dituztela.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko eleduna, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko eleduna, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko irailaren 10a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zerga esparru komuna» gorabehera, bereari eutsi dio Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Gobernu Kontseiluak gaur egindako bileran onartu egin du bere zerga erreforma, ekainean aurkezturiko neurri guztiekin onartu ere. Aldundiaren eledun Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez, ziur daude proposatutako neurri guztiak «onuragarriak» direla Bizkaiarentzat, eta espero dute den-denak onartuko direla Bizkaiko Batzar Nagusietan orain irekitzen den eztabaida prozesuan.

Hautsak harrotu zituen Bizkaiko Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak ekainean egindako proposamenak: egiteko moduagatik —PSE-EE uzkur agertu zen, eta esan zuen proposamena ez zutela haiekin hitzartu— eta proposatutako neurrien edukiagatik —sindikatuek gogor kritikatu zuten, eta «patronalaren neurrira» egindako erreforma zela adierazi—. Araba eta Gipuzkoa ere nahiko egoera deserosoan utzi zituen iragarpenak.

Tirabirak baretu nahian, EAJk eta PSE-EEk «zerga esparru komuna» aurkeztu zuten irailaren 1ean. Proposamen hark bi alderdien oniritzia zuen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aplikatzekoa zen, eta Bizkaiak proposaturiko zenbait neurri moldatu zituen, eta beste batzuk kanpoan utzi. Baina akordioak bazekarren ohartarazpen bat: herrialde bakoitzak «aukerak» izango zituela «marko komun hori zabaltzeko edo osatzeko».

Orain, horri heldu dio Bizkaiko Foru Aldundiak hasierako bere proposamena oso-osorik onartzeko. Arrizabalagaren esanetan, akordio hori «alderdien artekoa» izan zen, eta, gainera, «gutxienekoen akordioa» izan zen; beraz, ez dute arazorik ikusten gutxieneko neurri horietatik harago joateko.  «Jomugan ditugun erronkak indarrean daude oraindik, eta gure ahalmen fiskala baliatzen dugu Bizkaia gura dugun herrialdea izan dadin».

Aseguruak eta gimnasioak

«Talentua erakartzea» da neurri sortaren helburuetako bat. Horretarako, Bizkaira jotzen duten goi mailako langileek %50eko salbuespena izango dute euren lanbide etekinei ezarri beharreko zergetan, eta %60koa, langile horiek 36 urte baino gutxiagokoak badira. Neurri hori EAJk eta PSE-EEk adostutako akordioan ere agertzen zen, baina salbuespena %42koa eta %52koa zen, hurrenez hurren.

Enpresetan belaunaldi erreleboa bermatzeko, %30eko pizgarriak aplikatuko ditu Bizkaiak; horretan ez dago aldaketarik EAJk eta PSE-EEk zerga esparru komunean adostutakoarekin.

Baina alderdien itunean agertzen ez ziren bi neurri berreskuratu ditu Bizkaiak. Neurririk polemikoenak ziren: %20ko kenkaria osasun aseguru pribatu bat kontratatzen dutenentzat, eta %20koa gimnasioek eta kirol jarduerek eragindako gastuengatik. «Ongizate fisiko eta mentala lehenestea» eta «ohitura osasungarriak bultzatzea» izan da Bizkaiak emandako argudioa neurri horiek defendatzeko.

Gazteen prestakuntza sustatzeagatik %20ko murrizketa enpresei, %5eko kenkaria ibilgailu berria erosteagatik —10 urtetik gorako ibilgailua txatarrerako utziz gero—, langileek enpresetan parte hartzea sustatzeko 12.000 euro arteko pizgarriak eta beste neurri batzuk ere agertzen dira Bizkaiko proposamenean. Horietan ez dago alde handirik esparru komunean ezarritakoekin.

Orain, proposamena Batzar Nagusietara bidaliko dute, eta talde politikoek izango dute aukera zuzenketak aurkezteko eta negoziatzeko. Arrizabalagak esan du ahaleginduko direla talde gehiagoren babesa lortzen, eta ez du argitu negoziazio horretan zer neurri alboratzeko edo zertan amore emateko prest egongo diren, baina erantsi du printzipioz haien asmoa dela proposatutako neurri guztiak onartuak izan daitezela, «denak baitira onuragarriak Bizkaiarentzat».

Eztabaida prozesua urte amaitu aurretik burutu nahi dute, eta neurri sorta urtarrilaren 1erako indarrean egotea gura dute. Horretan ez daude Arabari eta Gipuzkoari itxaroteko prest, nahiz eta bi herrialde horietan zerga erreforma onartzeko zailtasun gehiago egon: «Guk gure epeei eusteak ez die kalterik ekartzen gainerako herrialdeei».

PSE-EEren abstentzioa

Arrizabalagak aitortu du neurri sorta onartzeko erabakia ez dutela aho batez hartu, eta bi abstentzio egon direla. Ez zen aztia izan behar igartzeko norenak ziren bi abstentzio horiek, baina PSE-EEk zalantza guztiak uxatu ditu ohar baten bidez: Teresa Laespada eta Sonia Perez foru diputatu sozialistak izan dira abstentziora jo dutenak. «Bizkaiko sozialistok ez dugu bat egiten agirian agertzen diren zenbait neurrirekin; izan ere, gure xede nagusia da gutxi batzuk ez izatea neurri horien onuradun bakarrak, eta zerbitzu publikoen alde egitea».

PSE-EEk azaldu duenez, abstentzioaren bideez argi utzi nahi izan dute ez dutela dokumentua babesten baina «horretaz eztabaidatzeko» prest daudela.

Antzera mintzatu da PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza, Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean: «Batzar Nagusietan aukera izango dugu zuzenketak aurkezteko. Orain negoziazioa hasiko da; gu koherenteak izango gara, eta ez dugu jarrera aldatuko». Haren ustez, «akatsa» izan zen Etxanobek eta Berrojalbizek horrelako neurri sorta bat iragartzea sozialistekin adostu gabe: «Aldundian bi alderdiok elkarrekin ari gara; badirudi EAJk ez duela hortik ikasten».

Jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasuna nabarmendu du EH Bilduk. Koalizioaren Bizkaiko ordezkari Iker Casanovak esan du Bizkaiko fiskalitateak beste jite bat hartu behar duela: «Baliabide gehiago behar ditugu zerbitzu publiko indartsuagoak izateko, eta, horretarako, fiskalitate progresibo bat behar dugu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA