Zerga pizgarrien bidez profesionalei eutsi nahi die Bizkaiak, eta gehiago erakarri

Bizkaira etortzen diren langileek %50eko zerga salbuespena izango dute jarduera profesionalaren bidez lortutako irabaziei dagokien PFEZaren partean, besteak beste.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko ekainaren 12a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enpresek langile kualifikatuak lortzeko zailtasunak dituzte, eta Bizkaiko Foru Aldundiak arazo horri konponbidea topatzen lagundu gura die zerga politikaren bitartez. «Bizkaiak prestakuntza ona duten profesionalak galdu ditu, beste leku batzuetan baldintza hobeak dauzkatelako. Aldi berean, gure ehun ekonomikoari balioa emango dioten profesionalak erakartzeko lehia globalean ari gara», onartu du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak. Horri aurre egiteko, besteak beste, langile desplazatuen araubidea moldatuko dute, kanpora joan diren horiek itzul daitezen edo, kanpokoak izan arren, Bizkaian behar egin gura dutenak etor daitezen. %50eko zerga salbuespena izango dute jarduera profesionalaren bidez lortutako irabaziei dagokien PFEZaren partean; 36 urtetik beherakoen kasuan, %60koa izango da.

Iaz erreformatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek zerga politika, baina aurten beste astindu bat eman gura dio diputazioak; «txikiagoa», Etxanoberen esanetan. Langile faltari ez ezik, beste gai batzuei ere heldu diete; esaterako, etxebizitzaren auziari. Gaur aurkeztu dute aurreproiektua ahaldun nagusiak berak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak. Datozen egunetan aterako dute argitara lege testua, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Uztailean onartuko du gobernu kontseiluak, eta Batzar Nagusietako tramitazioa izango da azken pausoa. Etxanobek esan du aurten onartzeko asmoa dutela, eta jarraian indarrean jartzekoa. Gaurko bidali diote testua Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoari, baina ahaldun nagusiak ez du uste harmonizazio beharrik egongo denik, «Bizkaiak dituen premia jakin batzuei erantzuteko neurriak» direlako. Ez dute zehaztu aldaketa hauek zenbateko eragina izango duten zerga bilketan.

Diputazioaren asmoa da Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak dituzten profesionalei ere erraztasunak ematea eta jarduera ekonomiko guztiei eragitea. Aurreproiektuaren arabera, gainera, Bizkaira bizitzera etortzeak sortzen dituen gastuei aurre egiten ere lagundu gura diete. Lehen lau urteetan, 2.000 eurorainoko kenkaria izango dute urteko; 36 urtetik beherakoek, 3.000 eurorainoko kenkaria.

%20ko kenkaria osasun aseguruetan eta gimnasioetan 

Gizarte mailako beste aldaketa batzuk ere txertatu ditu Bizkaiko Diputazioak zerga neurri berrien aurreproiektuan. Besteak beste, bizkaitarren ongizate integrala indartu gura duela esan Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak. Osasun aseguruen primen gaineko %20ko kenkaria ipiniko dute, aseguratutako pertsona bakoitzeko 1.500 euroko gehieneko oinarriarekin, eta %20ko kenkaria, gimnasioetako eta kirol jardueretako gastuetarako, 1.000 euroko gehieneko oinarriarekin. Zerbitzu horiek enpresek ordaintzen dituzten kasuetan, langileei ez zaizkie gauzazko ordainsaritzat hartuko. Deskarbonizazioa bultzatzeko asmotan, hamar urtetik gorako antzinatasuna duten ibilgailuak txatar bihurtzen direnean, % 5eko kenkaria izango dute ibilgailu berriek. Azkenik, haurtzaroan eta nerabezaroan jasandako sexu abusuen biktimek ez dituzte kalte ordainak tributatu beharko.

Berrojalbizek adierazi du aldaketa hauekin ez dituztela Bizkaiko beharginak desabantailan utzi gura. Horregatik, herrialdeko langileen errotzea saritzeko, kontratua edo errendimendua hedatzeagatiko bonuek aurrezki gisa tributatuko dute PFEZrako, eta ez orain arte bezala, lan errendimendu modura.  

Enpresen eta Bizkaiaren arteko lotura ere sendotu gura dute, enpleguari eusteko. «Helburua ez da soilik enpresek hemen mantentzea haien jarduna. Lortu nahi dugu Bizkaian hartzea erabakiak, hemen egitea inbertsioak eta hemen sortzea enplegua». Horretarako, besteak beste, enpresa transmisio jakin batzuetan sortzen diren gainbalioengatik ordaindu beharrekoa %30 txikituko dute, betiere enpresa jarduna eta enplegua mantenduko badira. Era berean, beharginen errotze hori indartzeko, enpresetan parte hartze handiagoa izan dezatela bultzatuko da. Berbarako, enpresaren akzioak edo partaidetzak eskuratzea sustatuko da, urtean 12.000 eurorainoko zerga abantailak eskainita. Baldintza egokietan maileguak eskuratzeko aukera ere eskainiko dute, kooperatiba bateko bazkide izan gura duten langileentzat edo enpresan partaidetza izan gura dutenentzat.

Lanbide Heziketa eta etxebizitza

Neurri hauek agerian uzten dute Lanbide Heziketak ekonomia jardunean duen garrantzia. Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak dituzten profesionalei Bizkaira etortzeko erraztasunak eman nahi zaizkie, baina, horrez gainera, arlo horretako prestakuntza ere sustatu gura dute, etengabeko formakuntzarako eta formakuntza dualerako pizgarriak indartuta: mota horretako programei lotutako lan kontratuek %20ko kenkaria izango dute soldata kostuetan.

Gazteek eta beharginek, oro har, Bizkaian jarraitzeko edo Bizkaira etortzeko duten arazorik larrienetakoa bizitzeko lekua topatzea da. 2025eko berrikuspen fiskalean hainbat neurri hartu zituzten horri lotuta. Orain, beste bat bultzatuko dute: etxebizitzari lotutako Europako Epe Luzerako Inbertsio Funtsei ekarpenak egingo dizkieten bizkaitarrak sarituko dituzte. Berrojalbizek argi utzi du diputazioak ez duela eraikiko, baina zergen bidez bitartekari izan gura du. %15eko kenkaria egingo diete —gehienez, 750 euro urtean— alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko funtsetara egindako ekarpenei. Etxebizitza horiek baldintza batzuk izan behar dituzte: emantzipatu gura dabiltzan gazteentzat izango dira, lanean hasi berri diren gazteentzat, adinekoentzat, elbarri eta mendekotasuna aitortua dutenentzat, zaurgarrientzat eta gizarte inklusio proiektuetan daudenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA