Bizkaiko Foru Aldundiak lurrikara txiki bat eragin zuen ekainean, Madrilera bidaiatu eta han neurri fiskalen sorta bat iragarri zuenean. Sorturiko zalaparta baretu nahi izan dute EAJk eta PSE-EEk, eta, orain, bi hilabete eta erdi geroago, bi alderdiek jakinarazi dute akordioa lortu dutela «zerga esparru komun bat» ezartzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek esan nahi du bi alderdiek antzeko neurriak proposatuko dituztela hiru herrialdeetan, eta, horrela, ahaleginduko direla lurraldeen arteko lehiaren mamua uxatzen.
Arrakala handiak sortu zituen Bizkaiak iragarritako neurri sortak. Arrakala horietako bat alderdien artekoa izan zen: Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak neurriak iragarri eta gutxira, sozialistak haserre agertu ziren, eta azaldu zuten EAJk ez zituela haiekin adostu neurri horiek.
Jaurlaritzaraino iritsi zen haustura: sailburuetako batek, Mikel Jauregi Industriakoak (EAJ), neurriak txalotu zituen, eta bide beretik joateko deia egin zien Arabari eta Gipuzkoari. Beste sailburu bat, Mikel Torres Ekonomiakoa (PSE-EE), askoz epelago agertu zen, eta txarretsi egin zuen neurriak haiekin adostu ez izana. Zauri horiek orbaindu nahi dituzte orain, bi alderdiak akordio bakar baten inguruan agertuta.
Baina arrakala herrialdeen artekoa ere izan zen: Bizkaiaren mugimenduak oso deseroso utzi zituen Araba eta Gipuzkoa, haiek antzeko zerbait egitera behartzen zituen-eta herrialdeen arteko harmonizazio fiskala hankaz gora jarriko ez bazuten, eta nabaria zen egoera hark ezinegona piztu ziela bi aldundi horietako zenbait goi karguduni.
Arrakala hori ere konpondu nahi izan dute «esparru komun bat» iragarrita. Esparru horretan, zenbait neurri agertzen dira, hiru herrialdeetan aplikatzekoak. Horietako batzuk Etxanobek eta Berrojalbizek proposatutakoak dira, baina moldatuak; adibidez, enpresen jarraitutasuna bermatzea eta profesionalak erakartzea zen Bizkaiko Foru Aldundiaren asmo nagusia, eta hori errazteko hainbat pizgarri eskaintzen zituzten, hala nola %50eko zerga salbuespena Bizkaian kokatzea erabakitzen duten «goi mailako profesionalentzat».
PSE-EEk eta EAJk adostutako «esparru komun» horretan ere agertzen dira horrelako pizgarriak, baina %50eko kenkari hori %42koa da bi alderdien proposamenean —%30ekoa zenbait kasutan—.
Bizkaiaren proposamenean agertzen ez ziren kutsu sozialeko zenbait neurri ere badakartza akordio berriak, hala nola zaintzaren arloko kenkariak handitzea —500 euro zaintzagatik, 750 euro zaintza profesionalagatik, eta 1.000 euro guraso bakarreko familientzat—.
Osasun aseguruak
Baina akordioan zein neurri bildu dituzten bezain deigarria da zein geratu diren kanpoan. Osasun aseguruei buruzkoa da nabarmenena: Bizkaiak abantailak eman nahi zizkien osasun aseguru pribatu bat kontratatzen zutenei; zehazki, %20ko zerga hobaria. Neurri hori desagertu egin da proposamenetik. Sindikatuek gogor kritikatu zuten: ELAk, esaterako, osasungintza publikoari egindako «eraso zuzentzat» jo zuen.
Gimnasioetako eta kirol jardueretako gastuetarako %20ko kenkaria ere proposatzen zuen Bizkaiak, eta neurri horren arrastorik ez dago EAJren eta PSE-EEren akordioan.
Edonola ere, akordioaren testuak badakar ñabardura garrantzitsu bat: zerga esparru hori bat eta bakarra izango den arren hiru herrialdeetarako, akordioan zehazten da herrialde bakoitzak «aukerak» izango dituela «marko komun hori zabaltzeko edo osatzeko».