Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko zerga berrikuspeneko neurrietara mugatu dute fiskalitatearen bitartez etxebizitza politiketan eragiteko aukera. EH Bilduk lau neurriko foru arau proposamena aurkeztu du gaur Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute, eta ez da onartu. «Berandu eta txarto» datorrela esan dio Aitor Arregi batzarkide jeltzaleak koalizioari, iaz onartutako berrikuntzetan «beharrezko neurriak» hartu zituztelako eta dagoeneko «emaitza onak» ematen ari direlako. Koalizio subiranistak «etxebizitzari funtzio soziala itzultzea» gura zuen, ez dadin izan «negoziorako tresna». EH Bilduko Arantza Sarasolak etxebizitza eskubidea eta espekulazioa bateragarri egin nahi izatea egotzi die jeltzaleei eta PSE-EEri. «Ezinezkoa da», ohartarazi die.
Koalizioak proposatu du errentamenduari erregimen berezia kentzea. Era berean, etxebizitza eskualdaketetako karga tasak handitzea gura du, negozioa egin gura dutenek ez ditzaten etxeak metatu. «Ez da zentzuzkoa etxe bat bizitzeko erosten duenak eta espekulatzeko erosten duenak karga tasa bera ordaintzea», salatu du Sarasolak. Putre funtsen kasuan, adibidez, karga %20 handitzea eskatu du koalizioak testuan. Horrez gain, beste eskaera bat ere egin dute: ondarearen zerga kalkulatzean etxebizitzen merkatuko balioa izatea erreferentzia. Azkenik, proposatu dute %20ko errekargua aplikatzea etxebizitza turistiko batzuetan eta tentsio handiko eremuetako erreferentziazko prezioak errespetatzen ez dituzten alokairuetan.
guraso bananduen aitorpen bateratua moldatu dute
Urriaren 7an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean guraso bananduen aitorpen bateratua arautzen duen artikulua moldatzea. Gaur osoko bilkuran behin betiko oniritzia eman diote EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bizkaiak adostutako testuari.
Lau moldaketa egin dizkiote iaz erabakitakoari. Zaintza gurasoetako batek egiten baldin badu, hau finkatu dute: 235 eurotik beherako elikadura pentsioa jasotzen badu, umeen mantenuaren ardura berak duela, eta, ondorioz, aitorpen bateratua egin ahal izango duela; gauza bera gertatuko da pentsioa ordaintzen ez badiete ere. Era berean, malgutu egingo dituzte gurasoek haurren ardura eurek dutela frogatzeko moduak: adostu dute pentsioari lotutako demanda judizialak eta iruzurraren aurkako babesa duten zinpeko adierazpenak ere froga izango direla.
Zaintza partekatua duten gurasoei dagokienez, gurasoetako batek bizikidetzari lotutako gastuak ordaintzen ez dituenean ere, besteak aitorpen bateratua egin ahal izango du, epaileak hala jazotzen dela egiaztatu badu. Azkenik, indarkeria matxistaren biktima diren andreek ez dute frogatu beharko umeen mantenua euren esku dagoenik. Neurri horiek atzerako eragina izango dute, 2025eko urtarrilaren 1era arte.
Aitor Arregi jeltzaleak Sarasolari kargu hartu dio iaz proposamenak egiteko aukera izanagatik ere ez zutelako halakorik egin. «Ez zenituzten eztabaidatu gura izan zerga berrikuspenerako proposatu genituen hemeretzi neurriak. Etxebizitza jarri genuen erdigunean, baina ez zitzaizuen interesatu». Orduan hartutako neurriak gogoratu ditu EAJko batzarkideak. «Milaka familiak igarri dute errenta aitorpenean. Etxebizitzarekin lotutako kenkariei esker aurreko urtean baino ia 60 milioi gehiago itzuli zaizkie. 25.000 gaztek baino gehiagok kenkariak izan dituzte alokairuagatik, beste 24.000 gaztek etxebizitza erosi dutelako. 16.000k kenkariak kobratu dituzte, ordaindu beharreko zergarik izan ez duten arren. Zuek honi guztiari ezetz esan zenioten».
EAJk, PSE-EEk eta PPk EH Bilduri leporatu diote zergak igotzea baino ez proposatu izana. «Neurri zigortzaile horien bidez zenbat etxebizitza gehiago egongo dira merkatuan? Zenbat gaztek lortuko dute etxe bat bidezko alokairu baten truke? Ez duzue horrelakorik azaldu. Neuk esango dizuet: neurri horiek ez dute balio», esan du PPko Diego Pagadigorriak.
zahar etxeak beroaldietarako egokitzeko eskatu du oposizioak
Bizkaiko Batzar Nagusietako oposizioak zahar etxeak beroaldietarako egokitu ditzala eskatu dio diputazioari. Hala eskatzen zuen Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak aurkeztutako mozio batek, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta ez du aurrera egin. Foru gobernuari eusten dioten jeltzaleek eta sozialistek soilik egoitza publikoei erreparatu diete: Azpiegiturak foru sozietatearenak diren egoitzetan erosotasun termikoa bermatzeko inbertsioak egitea adostu dute.
Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak ere babestu ditu iaz foru gobernuarekin adostu zituzten neurriak. «Fiskalitatea erabili behar da etxebizitza metaketak eragozteko, eta 2025eko berrikuspenean pauso garrantzitsuak eman genituen, baina askoz gehiago behar dira», ohartarazi die jeltzaleei eta sozialistei. Aitortu du jabe gehienek etxe gutxi dituztela, baina txarretsi du EAJk eta PSE-EEk hori aitzakia moduan erabili izana etxejabe handiei arretarik ez jartzeko. Salatu du etxejabe handiek %40 ugaritu dituztela beren jabetzako etxeak azken hamar urteetan. «Gero eta etxe gehiago daude gutxi batzuen esku, eta hori zuek hartutako politiken ondorioa da».