Bizkaiko Batzar Nagusiek baztertu egin dute errendamendu jardueraren erregimen berezia kentzea

EH Bilduk «etxebizitza eskubide bihurtzeko» zerga neurri berriak proposatu ditu. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute. Etxebizitza arloko fiskalitatea iaz eztabaidatu zutela esan diote jeltzaleek koalizio subiranistari.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2026ko urriaren 21a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko zerga berrikuspeneko neurrietara mugatu dute fiskalitatearen bitartez etxebizitza politiketan eragiteko aukera. EH Bilduk lau neurriko foru arau proposamena aurkeztu du gaur Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute, eta ez da onartu. «Berandu eta txarto» datorrela esan dio Aitor Arregi batzarkide jeltzaleak koalizioari, iaz onartutako berrikuntzetan «beharrezko neurriak» hartu zituztelako, eta dagoeneko «emaitza onak» ematen ari direlako. Koalizio subiranistak gura zuena da «etxebizitzari funtzio soziala itzuli eta negoziorako tresna izateari uztea». EH Bilduko Arantza Sarasolak etxebizitza eskubidea eta espekulazioa bateragarri egin nahi izatea egotzi die jeltzaleei eta PSE-EEri. «Ezinezkoa da», ohartarazi die.

Koalizioak proposatu du errendamendu jardueraren erregimen berezia kentzea. Era berean, etxebizitza eskualdaketetan karga tasak handitzea gura du, saihesteko haiekin negozioa egin gura duten pertsonek etxebizitzak metatzea. «Ez da zentzuzkoa etxe bat bizitzeko erosten duenak eta espekulatzeko erosten duenak karga tasa bera ordaintzea», salatu du Sarasolak. Putre funtsen kasuan, adibidez, karga %20 handitzea eskatzen du koalizioaren testuak. Horrez gain, eskatzen zuten ondarearen zerga kalkulatzerakoan etxebizitzen merkatuko balioa izatea erreferentea. Azkenik, erabilera turistikoa duten etxebizitzetan eta tentsiodun eremuetan erreferentziazko prezioak errespetatzen ez dituzten alokairuetan %20ko errekargua proposatu dute.

guraso bananduen aitorpen bateratua moldatu dute

Urriaren 7an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean guraso bananduen aitorpen bateratua arautzen duen artikulua moldatzea. Gaur osoko bilkurak behin betiko oniritzia eman dio EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bizkaiak adostutako testuari. 

Lau moldaketa egin dizkiote iaz erabakitakoari. Zaintza gurasoetako batek baldin badu, hau finkatu dute: 235 eurotik beherako elikadura pentsioa jasotzen badu, umeen mantenuaren ardura berak duela, eta, ondorioz, aitorpen bateratua egin ahal izango duela; gauza bera gertatuko da pentsioa ordaintzen ez badiete ere. Era berean, guraso horiei ardura eurek dutela frogatzeko moduak malgutuko zaizkie: adostu dute froga izango direla pentsioari lotutako demanda judizialak eta iruzurraren aurkako babesa duten zinpeko adierazpenak. 

Zaintza partekatua duten gurasoei dagokienez, gurasoetako batek bizikidetzari lotutako gastuak ordaintzen ez dituenean ere, besteak aitorpen bateratua egin ahal izango du, epaileak hala jazotzen dela egiaztatu badu. Azkenik, indarkeria matxistaren biktima diren andreek ez dute frogatu beharko umeen mantenua haien esku dagoenik. Neurriok atzerako eragina izango dute 2025eko urtarrilaren 1era arte.

Aitor Arregi jeltzaleak Sarasolari txarretsi dio iaz izan zuela proposamenak egiteko aukera, baina ez zituela egin. «Ez zenituzten zerga berrikuspenerako proposatu genituen hemeretzi neurriak eztabaidatu gura izan. Etxebizitza jarri genuen erdigunean, baina ez zitzaizuen interesatu». Orduan hartutako neurriak gogoratu ditu EAJko batzarkideak. «Milaka familiak igarri dute errenta aitorpenean. Etxebizitza kenkariei esker aurreko urtean baino ia 60 milioi gehiago itzuli zaizkie. 25.000 gaztek baino gehiagok alokairuagatik dedukzioa izan dute, beste 24.000 gaztek etxebizitza erosi dutelako. 16.000k dedukzioa kobratu dute, ordaindu beharreko zergarik izan ez duten arren. Zuek honi guztiari ezetz esan zenioten».

EAJk, PSE-EEk eta PPk EH Bilduri leporatu diote zergak igotzea baino ez duela proposatu. «Neurri zigortzaile horien bidez zenbat etxebizitza gehiago egongo dira merkatuan? Zenbat gaztek lortuko dute etxe bat bidezko alokairua baten truke? Ez duzue horrelakorik azaldu. Neuk esango dizuet: neurri horiek ez dute balio», esan du PPko Diego Pagadigorriak.

zahar etxeak beroaldietarako egokitzea eskatu du oposizioak

Bizkaiko Batzar Nagusietako oposizioak zahar etxeak beroaldietarako egokitu ditzala eskatu dio diputazioari. Hala eskatzen zuen Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak aurkeztutako mozio batek, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta ez du aurrera egin. Foru gobernuari eusten dioten jeltzale eta sozialistek soilik egoitza publikoei erreparatu diete: Azpiegiturak foru sozietatearenak diren egoitzetan erosotasun termikoa bermatzeko inbertsioak egitea adostu dute.

Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak ere babestu ditu iaz foru gobernuarekin adostu zituzten neurriak. «Fiskalitatea erabili behar da etxebizitza metaketak saihesteko, eta 2025eko berrikuspenean pauso garrantzitsuak eman genituen, baina askoz gehiago behar dira», ohartarazi die jeltzaleei eta sozialistei. Aitortu du jabe gehienak etxe gutxi dituztenak direla, baina txarretsi du EAJk eta PSE-EEk hori aitzakia moduan erabiltzen dutela etxejabe handiei arretarik ez jartzeko. Salatu du azken horiek %40 ugaritu dituztela haien esku dituzten etxeak azken hamar urteetan. «Gero eta etxe gehiago daude gutxiagoren esku, eta hori zuek hartutako politiken ondorioa da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA