Bizkaiko Diputazioak 22 orube ditu etxebizitzak eraiki daitezkeen lekuetan

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak esan du udalen eta Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko dituela, zer egin daitekeen aztertzeko. Berriro ere baztertu egin du diputazioak etxebizitzak sustatzeko aukera.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur, Gerediagako batzar etxean, Batzar Nagusien kontrol saioan. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur, Gerediagako batzar etxean, Batzar Nagusien kontrol saioan. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Ibai Maruri Bilbao.
Abadiño
2026ko urriaren 28a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak ez du etxebizitzarik sustatuko. Hala berretsi du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak. Batez ere fiskalitatearen bitartez egingo ditu etxebizitza politikak. Baina bestelako neurri batzuk ere hartuko ditu. Berbarako, bere jabetzakoak diren orubeen azterketa egin du herrialde historikoaren luze-zabalean, eta udalek eraikitzeko eremu izendatuak dituzten lekuetan 22 orube ditu, hamalau herritan. Hala ere, zehaztu du guztiek ez dituztela bertan eraiki ahal izateko baldintzak betetzen, batez ere azalera txikia dutelako edo desjabetutako zatiak direlako. «Orain udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egin beharko dugu berba, zelan erabil daitezkeen adosteko».

Kontrol saioa egin dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gerediagako batzar etxean, Abadiñon. EH Bilduk galdetuta eman ditu azalpenak Etxanobek. Iker Casanova bozeramaileak lehenago ere egindako eskaera errepikatu du: Azpiegiturak foru sozietateak etxebizitzak sustatu ditzala, sortu zeneko estatutuetan jarduera hori ere jasota dagoelako. Berriro ezetz erantzun dio Etxanobek.

Casanovari erantzunez, ahaldun nagusiak gogoratu du Azpiegiturak sozietatearen 2004-2007 aldiko planari jarraituta 1.679 etxebizitza eraiki zituztela herrialdeko 30 herri txiki edo ertainetan. Horietatik bi heren babes ofizialekoak izan ziren. Helburua saltzea izan zen, baina 168 hutsik geratu ziren, eta gerora alokairuan eman dituzte. «Etxebizitzak eskaera dauden lekuetan sustatu behar dira, beharra dagoen tokian eta jendea bizi daitekeen inguruetan», esan du Etxanobek. Beraz, foru gobernuaren asmoa da etxeak sustatzeko zeregina udalen eta Jaurlaritzaren esku uztea, haiena delako eskumena. Hori horrela, Azpiegiturak sozietatearen egitekoa beste bat da, ahaldun nagusiaren esanetan: udalei laguntza eta babesa eskaintzea etxebizitzak eraikitzen.

burdin hesia berreskuratzeko plana eskatu du EH Bilduk

Datorren ekainean 90 urte beteko dira tropa frankistek burdin hesia hautsi zutenetik. Hori dela eta, EH Bilduk azpiegitura hura berreskuratzeko eta ezagutarazteko plan bat eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Izan ere, Bea Ilardia batzarkideak gogoratu duenez, ibilbidearen %70 inguru hondatuta dago. Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuak esan dio haren zaintza ez dela soilik diputazioaren ardura, Eusko Jaurlaritzarena eta udalena ere badela. Bere sailak burdin hesiari lotuta zer dibulgazio lan egiten duen gogoratu dio, eta iragarri du datorren urteko Ondarearen Europako Jardunaldietan aparteko garrantzia izango duela. 

Casanovak jakin gura izan du fiskalitateaz harago diputazioak zer etxebizitza politika dituen. Hainbat adibide ipini dizkio. Esaterako, datorren urterako prest egongo den Getxoko belaunaldi arteko zentroa. Gazteentzako berrogei zuzkidura etxe eta adinekoentzako ehun egoitza leku izango ditu. Hala ere, Etxanobek txarretsi egin dio EH Bilduko bozeramaileari fiskalitateari dagokion partea galderatik kanpo utzi izana. «Zuek jakingo duzue zergatik ez zenuten babestu hainbeste bizkaitarri mesede egin dien zerga berrikuspena, baina ezin didazu eskatu balantzetik kanpo uzteko».

Ahaldun nagusiak aitortu du zerga neurriekin ezingo dutela arazoa konpondu, eta gaineratu du irtenbidea ez dagoela erakunde bakar baten esku. Baina iruditzen zaio diputazioak hartutako neurriek bizkaitar askori «hilabete bukaerara ailegatzen laguntzen» diela. «Alokairuari ipinitako kenkariari esker, bikote askok lau hilabeteko alokairua beste jasotzen dute».

Casanovak txarretsi du EAJk ez zuela EAEko Etxebizitza Legea babestu. Diputazioari hainbat eskaera ere egin dizkio: gazteentzako behin-behineko etxebizitza merkeak sustatu ditzala, udal higiezinak zaharberritzeko laguntzak eman ditzala eta Leioan ikasle egoitza eraikitzeko orubea bideratu dezala.

Mugikortasuna

Bestelako gaien inguruan ere galdetu diote diputazioari kontrol saioan. Esaterako, EH Bilduko Raul Mendezek jakin gura izan du erregaien garestitzearen ondorioz garraio publikoak dituen laguntzekin zer gertatuko den urtarriletik aurrera. Etxanobek esan du erabaki hori gainontzeko erakundeekin batera hartu beharrekoa dela, eta aurreratu dio Euskadiko Garraio Agintaritzak etziko bileran jorratuko duela gaia. Mendezek txarretsi dio datorren urterako ez dela prest egongo garraio publikoa erabileraren eta errentaren arabera ordaintzeko sistema. Etxanobek erantzun du datorren urtean hasiko direla probatzen. Ahaldun nagusiaren ustez, garraio publikoaren erabilera markak ez dira hautsi bakarrik tarifak merkatu dituzten laguntzak egon direlako; haren iritziz, diputazioak eta beste erakundeek eskainitako zerbitzua hobetzeko egin dituzten inbertsioek ere «eragin zuzena» izan dute.

Elixabetxe Etxanobe ahaldun nagusia, Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiko kideak eta Durangaldeko alkateetako batzuk, gaur, Gerediagako foru zelaian. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabetxe Etxanobe ahaldun nagusia, beheko lerroan, ezkerretik hasita seigarrena, Batzar Nagusietako mahaiko kideak eta Durangaldeko alkateetako batzuk, gaur, Gerediagako foru zelaian. Urtean behin han egiten dute osoko bilkura Bizkaiko Batzar Nagusiek, Durangoko Merindadeko batzarren egoitza izandako San Salbador eta San Klemente ermitan. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

PPk abiadura handiko trenaren obrak ere ipini ditu agendan. Pablo Gomez-Guadalupe batzarkideak Etxanoberi galdetu dio noizko ailegatuko den trena Bilbora, diputazioak zer egingo duen beste erakundeek egutegia bete dezaten, zenbat diru ipiniko duen eta horren truke udalak emango dion orubearekin zer egingo duen. Ahaldun nagusiak ez du datarik zehaztu, baina esan du epeak jartzeko eta betetzeko eskatu diela Adifi, Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari. Azaldu du orain ari direla erakunde bakoitzak zenbat diru ipini beharko duen aztertzen, eta adostutakoan hitzarmen bat sinatuko dutela. Orubeari dagokionez, maiatzean esandakoa errepikatu dio: enplegua eta ekonomia sustatzeko erabiliko da.

Obrak eta ingurumena

Karrantzako biogas plantaren inguruan eta Enagasek sustatutako hidrogeno gasbideaz galdetu dio Elkarrekin Bizkaia taldeak Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza diputatuari. Biogas plantari buruz esan du ez dela diputazioak sustatutako proiektua, eta ez duela «zehatz» ezagutzen. Kontatu du ez duela haraneko abeltzainen kezka edo zalantzarik jaso. Gogoratu du ingurumen baimena Eusko Jaurlaritzak eman diola, haren eskumena delako.

Bizkaiko Ingurune Naturaleko Sailak txosten bat egin du, lanek lur urbanizaezinetan izango duten eraginari buruzkoa, hori diputazioaren eskumenekoa baita. Atutxaren esanetan, txosten horrek ondorioztatu du 2010eko minda planta eraikitzeko erabilitako orubea erabil daitekeela biogas plantarako, modu horretan ez baita nekazaritza lur gehiago galduko. Hala ere, zuzenketa neurri batzuk ezarri dizkiote enpresari.

Muskiz eta Arrigorriaga lotuko dituen hidrogeno gasbideari dagokionez, Ingurune Naturaleko diputatuak esan du kasu honetan Espainiako Gobernuarena dela ingurumen azterketen eta baimenen ardura. Hala ere, lan horrek izan ditzakeen ondorioen inguruko txosten bat egin du diputazioak, ministerioak kontuan har ditzan: Urkiolako parke naturalaren ertzeko eremuan, ibaien inguruetan eta erabilera publikoko mendietan, besteak beste.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA