Bizkaiko Diputazioak zerga neurri guztiak onartzea espero du, sozialistekin edo «beste alderdiren batekin»

Jeltzaleek eta sozialistek neurrietako batzuk adostu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina, hala ere, PSE-EEk hamahiru alegazio aurkeztu ditu, besteak beste, aseguru pribatuei eta gimnasioei lotutako kenkarien aurka.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailea, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailea, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko azaroaren 12a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk eta PSE-EEk euren arteko desadostasun agerikoena erabat konpondu ezinik jarraitzen dute, zerga neurri berrien foru arau proposamenak eragindakoa. Bizkaiko Batzar Nagusietan atzo bukatu zen alegazioak aurkezteko epea, eta batzarkide talde biek akordio bat adostu dute, irailean alderdiek hiru herrialde historikoetarako ezarritako esparru komunean oinarrituta.

Sozialistek hamahiru alegazio aurkeztu dituzte: besteak beste, gimnasioei, aseguru medikoei eta errotzeagatik enpresa zuzendarien bonusei lotutako kenkarien aurka. Hala ere, diputazioak aurreproiektuak jasotako neurri guztiak onartuko diren «konfiantza» agertu du. Gobernu kontseilu osteko agerraldian, Leixuri Arrizabala bozeramaileak esan du taldeek negoziatzen jarraituko dutela, eta espero dutela sozialistekin edo «beste alderdiren batekin» denak onartzea lortuko dutela, «Bizkaiarentzat onenak direlako».

Orain arteko negoziazioetan, sozialistak «malgutasunez» jokatzeko prest agertu dira, jeltzaleek sozialistek proposatutako beste neurri batzuk onartzearen truke, hainbat hedabidek azken asteetan kontatu dutenez. Baina azkenean PSE-EEk hasieran neurri polemikoenen inguruan erakutsitako jarrerari eutsi dio alegazioak aurkezteko orduan. Foru bozeramaileak uste du oraindik aukera dagoela sozialistekin akordio gehiago lortzeko, baina nabarmendu du alderdi guztiekin negoziatuko dutela. Kasu horretan, PPk diezaieke sozialistak aurka dauden neurri horiek onartzen, Raquel Gonzalez bozeramaileak esana baitu «egokiak» iruditzen zaizkiela, baina esana du, baita ere, ez daudela prest «ezkerrarekin adostutako ezer» babesteko.

Arrizabalak gogoratu du bera gobernuaren bozeramailea dela, eta azpimarratu du foru aldundiari ez dagokiola akordioak egitea. «Foru gobernuak Bizkaiarentzat onenak direla uste duen neurriak proposatu ditu, baina hau prozesu demokratiko bat da, Batzar Nagusien eskumena da foru arauak onartzea, eta subiranotasun osoz adostuko dute zer neurri izango dituen foru arauak». Hala, iragarri duenez, neurri guztiekin aurrera egitea adostuko ez balitz ere, diputazioak ez du proiektua erretiratuko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA