Tubos Reunidosek (TR) Trapagaranen (Bizkaia) eta Amurrion (Araba) dituen plantetako langileen «%80 ingururi» eutsiko liokeela esan die Cap Capitalek bi plantetako langile batzordeei. Aldiz, ez du interesik Iruña Okakoan (Araba). Bertako langile batzordearekin ere biltzekoa zen, baina bilera bertan behera utzi zuen iragan astean. SEPIren maileguari dagokionez, langileei jakinarazi die ezingo lukeela bere gain hartu.
Ingalaterrako eta Espainiako kapitala duen funtsa izan da langileekin bildu den lehen hautagaia. Bost dira konkurtso kudeatzailearen lehen galbahea pasa eta bileretara deitzeko eskubidea dutenak. Jakina da beste lauretako hiru Jose Antonio Jainaga enpresaria, Tubacex hodigintza enpresa eta Welspum Indiako multinazionala direla.
Cap Capital eta langile batzordeak Bilbon bildu dira, Carlton hotelean. Funtsak bere asmoen berri eman die, eta argi utzi die bi planten jardunari eusteko asmoa duela. Gogoratzekoa da bost hautagaietako batzuek Trapagarango planta bakarrik nahi zutela. Cap Capitalek ez du nahi Iruña Okakoa; beraz, bertako 60 langileak kaleratuko lituzke.
260 kaleratze, sartu aurretik
Horiek, baina, ez lirateke izango Cap Capitalek egingo lituzkeen kaleratze bakarrak. Funtsak jakinarazi die bi plantetako langileen %80ri eutsiko diela gutxi gorabehera; beraz, bostetik bat kaleratuko du. 1.300 direla kontuan hartuta, 260 kaleratze inguru lirateke. Horrez gain, soldatak bost urtez izoztuko dituela esan die sindikatuei.
Funtsak, baina, zehaztu du kaleratze horiek sartu aurretik egin beharko lituzkeela konkurtso kudeatzaileak, eta horrela kalte ordainak ez lituzke bere gain hartuko. Egin daiteke hori? Bai, konkurtso kudeatzaileak hartu beharko luke erabakia, eta, horrenbestez, kaleratuek Fogasa funts publikoak ezartzen dituzten kalte ordainak jasoko lituzkete.
Plantetan egin asmo dituen inbertsioez ere aritu da funtsa: 50 milioi euro inguru inbertituko ditu. Deigarria da kopuru hori, ez baitzen horrelakorik ageri konkurtso kudeatzaileak eskaintzen baldintza orokorrak plazaratu zituenean. Eskaintza ekonomikorik onena 27 milioi eurokoa zen.
Eskaintzak eskaintza, oztopo nagusia enpresak SEPIrekin duen 150 milioi euroko zorra da, baita Cap Capitalentzat ere. Funtsak argi utzi die sindikatuei ezingo lukeela bere gain hartu, eta ezingo balitz kitatu atzera egingo lukeela bere eskaintzan. SEPI hautagai guztiekin biltzeko prest agertu da zorrari buruz hitz egiteko.
Landu gabeko eskaintza
Sindikatuak ez dira pozik atera bileratik. Gutxi landuriko eskaintza bat dela iritzi diote, oinarri sendorik gabekoa. Kaleratzeen baldintzak onartezinak iruditu zaizkie gainera, batetik kopuruarengatik eta bestetik moduarengatik, Fogasaren kalte ordainak txikiagoak direlako —urtebeteko soldata, eta asko jota 34.500 euroko muga—. Soldatak hain luzaroan izoztu nahi izatea ere ezin dute ontzat hartu.
Berriz ere biltzekotan gelditu dira bi aldeak, egunik zehaztu gabe, eta sindikatuek funtsari eskatu diote proposamen landuago bat eraman dezala. Oraingoz ez dute beste bilerarik hitzartua beste hautagaiekin. Welspum izan zen bilkurak ezarri zituen aurrenekoa, duela bi aste, baina SEPIren zorrarekin zer gertatzen den argitu arte atzeratu zituen.
Hori ikusita, eta El Economista agerkariak zabaldu duenez, PKF Attest, konkurtsoa daraman aholkularitza bulegoa, enpresek behin betiko eskaintzak egiteko duten epea luzatzekotan dago. Berez abenduko lehen astera arteko tartea dute, baina litekeena da abendu amaierara arte luzatzea.
Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari esan zion ezin duela barkatu SEPIren zorra, eta hura bideratzeko zirrikituen bila dabiltza. Horrek denbora eskatzen du, are gehiago hiru aste barru Espainian hauteskunde orokorretara deituta daudela kontuan hartuta.