Cap Capitalek Tubos Reunidosek (TR) Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) plantetako langileen «%80 ingururi» eutsiko liokeela esan die bi plantetako langile batzordeei. Aldiz, ez du interesik Iruña Okakoan (Araba). Bertako langile batzordearekin ere biltzekoa zen, baina hitzordua bertan behera utzi zuen iragan astean. SEPIren maileguari dagokionez, ezingo lukeela bere gain hartu jakinarazi die langileei.
Ingalaterrako eta Espainiako kapitala duen funtsa izan da langileekin bildu den lehen hautagaia. Bost dira konkurtso kudeatzailearen lehen galbahea pasa eta bilerak deitzeko eskubidea dutenak. Jakina da beste lauetako hiru Jose Antonio Jainaga enpresaria, Tubacex hodigintza enpresa eta Welspum Indiako multinazionala direla.
Cap Capital eta langile batzordeak Bilbon bildu dira, Carlton hotelean. Funtsak bere asmoen berri eman die, eta argi utzi die bi planten jarduna eusteko asmoa dela. Gogoratzekoa da bost hautagaietako batzuek Trapagarango planta nahi zutela bakarrik. Aldiz, ez du Iruña Okakoa nahi; beraz, bertako 60 langileak kaleratuko lituzke.
260 kaleratze, sartu aurretik
Horiek, baina, ez lirateke izango Cap Capitalek egingo lituzkeen kaleratze bakarrak. Funtsak jakinarazi die bi plantetako langileen %80rekin jarraituko lukeela gutxi gorabehera; beraz, bostetik bat kaleratuko luke. 1.300 direla kontuan hartuta, 260 kaleratze inguru lirateke. Horrez gain, soldatak bost urtez izoztuko lituzkeela esan die sindikatuei.
Funtsak, baina, zehaztu du, kaleratze horiek sartu aurretik egin beharko lituzkeela konkurtso kudeatzaileak, horrela kalte ordainak ez lituzke bere gain hartuko. Egin daiteke? Bai, konkurtso kudeatzaileak hartu beharko luke erabakia, eta horrenbestez kaleratuek Fogasa funts publikoak ezartzen dituzten kalte ordainak jasoko lituzkete.
Plantetan egin asmo dituen balizko inbertsioak ere aipatu ditu funtsak: 50 milioi euro inguru. Deigarria da kopuru hori, ez baitzen horrelakorik ageri konkurtso kudeatzaileak eskaintzen baldintza orokorrak publiko egin zituenean. Eskaintza ekonomiko onena 27 milioi eurokoa zen.
Eskaintzak eskaintza, oztopo nagusia enpresak SEPIrekin duen 150 milioi euroko zorra da, baita Cap Capitalentzat ere. Funtsak argi utzi die sindikatuei ezingo lukeela bere gain hartu, eta ezingo balitz kitatu atzera egingo lukeela bere eskaintzan. SEPI hautagai guztiekin biltzeko prest agertu da zorrari buruz hitz egiteko.
Landu gabeko eskaintza
Sindikatuak ez dira pozik atera bileratik. Gutxi landuriko eskaintza bat dela iritzi diote eta oinarri sendorik gabekoa. Kaleratzeen baldintzak onartezinak iruditu zaizkie gainera, batetik kopuruarengatik eta bestetik moduarengatik, Fogasaren kalte ordainak txikiagoak direlako —urtebeteko soldata, asko jota 34.500 euroko mugarekin—. Soldatak hain luzaroan izoztu nahi izatea ere ezin dute ontzat hartu.
Berriz ere biltzekotan gelditu dira bi aldeak, datarik zehaztu gabe, eta sindikatuek funtsari eskatu diote proposamen landuago bat eraman dezala. Momentuz ez dute beste bilerarik hitzartuta beste hautagaiekin. Welspum izan zen hitzorduak ezarri zituen aurrenekoa, duela bi aste, baina SEPIren zorrarekin zer gertatzen den argitu arte atzeratu zituen.
Egoera ikusita, eta El Economista agerkariak zabaldu duenez, PKF Attest, konkurtsoa daraman aholkularitza bulegoa, enpresek behin betiko eskaintzak egiteko duten epea luzatzekotan dago. Berez abenduko lehen astera arteko tartea dute, baina litekeena da abendu amaierara arte luzatzea.
Europako Batzordeak SEPIren zorra ezin duela barkatu esan zion Espainiako Gobernuari eta hura bideratzeko zirrikituen bila dabil. Horrek denbora eskatzen du, are gehiago hiru aste barru Espainian hauteskunde orokorra deituta daudela kontuan hartuta.