Cebekek dio greba orokorra «erabat politikoa» dela: «Enpresek ordainduko dute festa»

Bizkaiko enpresarien elkarteko buru Guillermo Bucesek salatu du hainbat sindikatuk «gatazka» dutela helburu, eta horrek inbertitzaileak uxatzen dituela. Absentismoari dagokionez, eskatu du jarraipen estuagoa egiteko gaixo baimena hartzen dutenei.

Guillermo Buces Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Guillermo Buces Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 28a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zalantzan jarri zituen azaroaren 11n greba egiteko arrazoiak, argudiatuta lanuztea bere gobernuaren aurka egiteko baliatu nahi dutela. Bada, antzera mintzatu da gaur Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteko buru Guillermo Buces, eta adierazi du greba orokorra «erabat politikoa» dela eta ez duela benetako arrazoirik atzean. Gainera, salatu du enpresek ordainduko dutela «festa».

Bilbon eginiko Forum Europa hitzaldi sortan parte hartu du Bizkaiko patronalaren buruak, eta salatu du zenbait sindikatuk «gatazka» daukatela helburutzat lan harremanetan, eta horrek inbertitzaileak uxatzen dituela. «Etengabeko konfrontazioa xede duten estrategiek ez dute zentzurik», haren esanetan, negoziatzea ez baita «gatazkan bizitzea». Kontrara, eskatu du enpresak «denenak» balira bezala hartzeko, «guztien ongizateari» eusten diotenez gero.

«Aitortzen dut greba eskubidea —ez betebeharra—,  baita estu negoziatzen duten baina akordioak egiten dituzten eragileak ere, baina gaitzetsi egiten ditut etengabeko konfrontazioa beren nortasun bihurtzen dutenak». Bucesen aburuz, arazoa ez da desadostasuna, akordioak «ezinezko» egitea baizik. Hortaz, sindikatuei eskatu die «otzanak» ez baizik eta «arduratsuak» izateko, modua izan dadin haiekin negoziatzeko lan baldintzak hobetze aldera.

Bizkaiko patronalaren buruak lehiakortasunarekin eta berrikuntzarekin lotu ditu soldaten igoerak: «Soldatak ez dira igotzen hala eskatzen delako; produktibitatea, inbertsioa, berrikuntza eta enpresa errentagarriak behar dira horretarako». Beraz, azpimarratu du igoera guztiak produktibitatean eta inbertsioan oinarrituta egin behar direla. «Denoi gustatuko litzaiguke soldatak igotzea, baina enpresek kostuei aurre egiteko duten gaitasunak mugak ditu».

Absentismoa

Greba orokorraz eta soldaten igoeraz gain, azken urteetan harrabots handia piztu duen gai bat ere izan du hizpide Bucesek: absentismoa. Hain zuzen, «ardura partekatua behar duen arazo sozial» gisa deskribatu du: «Edo munduan gehien gaixotzen garenak gara, edo hor badago zerbait zentzurik ez duena».

Patronalaren datuen arabera, Bizkaiko enpresetan dabiltzan langileek batez beste 24-25 lanegun egin zituzten gaixo 2024. urtean. Bucesen iritziz, baimena hartzea ez da iruzur egitea; «lan egiteko gai den norbaitek baimena modu arduragabean baliatu eta lanik ez egitea», ordea, bai.

Horren harira, nabarmendu du absentismoak kostu handiak ekartzen dizkietela enpresei, eta zera proposatu du horri aurre egiteko: Osakidetzaren, Gizarte Segurantzaren eta mutualitateen arteko koordinazioa indartzea, gaixo baimena hartzen dutenen jarraipen estuagoa egiteko. «Ez du zentzurik norbaiten gaixoaldia luzatzeak, azkarrago sendatzen lagundu badiezaiokegu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA