Pradalesek zalantzan jarri ditu azaroaren 11ko greba orokorra egiteko arrazoiak

Sindikatuei leporatu die bere gobernuaren kontra egiteko baliatzea deialdia, eta gogorarazi arazoari aurre egiteko tresnak badituztela. EH Bilduk esandakoak zuzentzeko eskatu dio, udalen eskumenen inguruko datu okerrak eman zituelako.

Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HERRERO / EFE
Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia. ADRIAN RUIZ HERRERO / EFE
aitor biain
2026ko urriaren 23a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paradoxikoa izan da goizak Gasteizen eman duena. Hiriaren aldirietako auzo batean familia bat etxegabetzen ari ziren bitartean, etxebizitzaz edo etxebizitzaren arazoa delakoaz ari ziren hizketan ordezkari politikoak Eusko Legebiltzarrean. Baina gauzak zer diren, inortxok ere ez dio erreferentziarik egin kasuari, ez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, ez Etxebizitza sailburuak, ezta oposizioko ordezkariek ere. Hartu beharreko neurriez hitz egin dute, jada martxan jarritakoez, baina, batez ere, besteak egin dezakeenaz eta egiten ez duenaz. Norberaren lubakia hormigoizkoa delako eta bestearena beti lastozkoa.

Hamabostean behin legez, kontroleko osoko bilkura egin dute eta etxebizitza izan da gai nagusia. Imanol Pradalesek ia oposizioko talde guztiei erantzun behar izan die: EH Bilduk, PPk eta Sumarrek estu hartu nahi izan dute Jaurlaritza; bizitoki krisiari aurre egiteko behar adina egin ez izana leporatu diote. Lehendakariak, ordea, gobernuaren kudeaketa defendatu du, eta gogoratu ez daudela geldi. Adibide gisa aipatu du, besteak beste, EAJk eta PSE-EEk atzo iragarritako etxebizitzari lotutako zerga aringarriak.

Alta, oposizioaren iritziz ez da nahikoa. Eta horren erakusle da, hain zuzen ere, azaroaren 11rako deitutako greba orokorra. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen iritziz, herritarren ezinegonari erantzuten dio deialdiak, egoerari eutsi ezin diotenen aldarriari. Horregatik, adierazi du beharrezkoa dela lanuztea egitea, «greba egitea langile klaseak zerbait esateko duen tresna demokratikorik garrantzitsuena» delako. «Eta, une honetan, langile klaseak badu zerbait esateko», esan du.

Pradales kritiko agertu da deialdiarekin, ordea, eta zalantzan jarri ditu greba egiteko arrazoiak. Lehendakariak deitoratu du Euskal Herriko sindikatu nagusiek greba deialdia baliatzea bere gobernuaren aurka egiteko, eta, aldiz, «Ebrotik behera» erantzukizunik ez eskatzea Espainiako Gobernuari. Lehendakariaren hitzetan «harrigarria» da egoera, eta «kuriosoa» aukeratutako data.

Lehendakariak kritikatu egin du ELA eta LAB sindikatuak Espainiako greba deialdiari batu izana «ustekabean», gutxitan egin baitute halakorik. Eta gogoratu du urte politikoaren hasieran eragileekin egindako bilera errondan sindikatuek ez ziotela ezta «hitzerdirik» ere egin etxebizitzari buruz, CCOOk izan ezik. «Orain bai, orain etxebizitza lehentasuna da. Duela hilabete eta erdi ez al zen langile klasearentzat?», deitoratu du.

«Orain bai, orain etxebizitza lehentasuna da. Duela hilabete eta erdi ez al zen langile klasearentzat?»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Bada, sindikatuei esan die askatasun eta eskubide osoa dutela greba egiteko, baina gogorarazi die etxebizitzaren arazoa konpontzeko «gehiago» ere egin dezaketela. Izan ere, adierazi du sindikatuak BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeetako administrazio kontseiluetako kide direla; bada, eskatu die erraztu dezatela erakundeen parte hartzea Jaurlaritzaren etxebizitza funtsean: «Lagundu nahi badute, hor dute aukera».

Zuzenketa eskaera

Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak azkeneko saioak utzitako hari muturrari heldu nahi izan dio, eta Pradalesi leporatu dio «gezurra» esatea. Duela bi aste, koalizioari eskatu baitzion utz dezala Jaurlaritzaren esku EH Bilduk agintzen duen udalerrietako lurzorua, etxe gehiago eraiki ahal izateko. Otxandianok erantzun dio, ordea, lur horietako gehienak pribatuak direla, ez publikoak, eta, beraz, udalak ez duela eskumenik horien inguruan.

Hori dela eta, esandakoa «zuzentzeko» eskatu dio Pradalesi, ez baita egia EH Bilduk agintzen duen udalerrietako lurzoru publikoetan 42.000 etxe eraiki daitezkeenik, hark esan moduan. Are, EH Bilduren bozeramailea urrunago joan da, eta lehendakariari esan dio arazoa ez dela lurra, Jaurlaritzaren gaitasun baizik. «Gaur inbutua ez da lurzorua. Gobernu honek etxebizitza publikoa sustatzeko duen exekuzio gaitasunean dago inbutua», esan dio, eta gogorarazi udalak gaitasun horren «gainetik» ari direla lurra lagatzen.

«Gaur inbutua ez da lurzorua. Gobernu honek etxebizitza publikoa sustatzeko duen exekuzio gaitasunean dago inbutua»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduren bozeramailea

Era berean, Otxandianok deitoratu du etxebizitzaren lurralde plan sektorialak 11 urteko atzerapena daramala, eta 2015erako agindu arren ez dela egin oraindik. Horiek horrela, «politika heldua, serioa eta arduratsua» eskatu dio Otxandianok Pradalesi. Lehendakariak ez dio horri heldu, eta pilota EH Bilduren teilatuan utzi du berriro. Udalei gogorarazi die badituztela lurra mugiarazteko tresnak —Hiri Antolamenduko Plan Orokorra adibidez—, eta koalizioari eskatu dio «lubakitik ateratzeko» eta ekiteko.

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak ere parte hartu du eztabaidan, eta hark ere bere rola defendatu nahi izan du. Berak zuzentzen duen sailak hartuta neurriak goretsi ditu, eta bereziki aldarrikatu du Donostiako Bentaberriko 510 etxebizitzen erosketa. «Inflexio puntu bat» izan dela adierazi du, eta zehaztu Jaurlaritzak jada 756 etxebizitza erosi dituela, legealdi hasieran espero baino %51 gehiago. Itxasok jakinarazi du erabilera sozialerako etxebizitzak erosten jarraituko dutela aurrerantzean ere, baina azpimarratu du konponbidea etxebizitza gehiago eraikitzea dela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA