EAEko Auzitegi Nagusiak Bilboko bi etxe turistiko ikertzeko exijitu dio Eusko Jaurlaritzari, «legez kanpokoak» direlakoan

Bizilagunek aurkeztu zuten salaketa. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bazuen egoeraren berri, eta, dokumentu eta ebidentzia ugari izan arren, ez du esku hartu.

Pisu turistiko batzuen plakak, Bilboko Alde Zaharrean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pisu turistiko batzuen plakak, Bilboko Alde Zaharrean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko azaroaren 20a
08:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko Auzitegi Nagusiak Bilboko bi etxebizitza turistiko ikertzeko exijitu dio Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, «legez kanpokoak» izan daitezkeelakoan. Auzitegiak zehaztu duenez, bi pisu horiek dauden eraikineko bizilagunek salaketa bat aurkeztu zuten, baina Eusko Jaurlaritzak ez du ikerketarik abiatu, «dokumentu eta ebidentzia ugari» izan arren. 

Bizilagunek 2024ko otsailean idatzi zuten Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailera, eta eraikineko bi etxebizitzatan «legez kanpoko jarduna» zegoen susmoa helarazi. Ez zuten erantzunik jaso, eta helegite bat aurkeztu zuten, auzia iker zezaten. Sailak Bizkaian daukan bulegoak txosten bat bidali zien, non aipatzen zuten esku hartu zutela. Bada, EAEko Auzitegi Nagusiak egiaztatu duenez, ez dago salaketa horren harira egindako ez ekintzen, ez ikerketen ebidentziarik. 

Eusko Jaurlaritzako sail horrek aitortu du ez dagoela salaketa horrekin lotutako ikerketaren egiaztagiririk. Halere, argudiatu du bizilagunek erabilitako bideak, kexak eta jakinarazpenak bidaltzeko buzoiarenak, ez duela zertan automatikoki prozesu judizialik abiarazi. Auzitegiak, baina, prozesuan izandako jokabidea egotzi dio Jaurlaritzari, iritzita bizilagunen «interesekoa» zela ikerketaren berri izatea, eta haiek aurkeztutako salaketa «zehatza» zela eta «material ugari» bildu zutela horretarako.

Hala, aurrerantzean ikerketari ekin ez ezik, horren ingurumariez ere jakinarazi beharko die Eusko Jaurlaritzak eraikin horretako bizilagunei. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA