Emakume bat eta haren adin txikiko semea etxegabetu dituzte Leioan

Erandion asteartean egitekoak ziren beste etxegabetze bat atzeratu egin du Alokabidek, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez.

Emakume baten etxegabetzea Bilboko Atxuri auzoan, joan den asteartean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Emakume baten etxegabetzea Bilboko Atxuri auzoan, joan den asteartean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
14789412 kepa
2026ko urriaren 9a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, emakume bat eta haren adin txikiko semea etxegabetu zituzten atzo Leioan (Bizkaia). Erakundeek bizitoki alternatiba bat eskaini diote sendi horri, aitortu dutenez. Hala ere, egoera salatu dute, «etxebizitzaren jabeak espekulatzen jarraitu dezan» kaleratu baitituzte. Urriaren 20an, asanblada irekia egingo du sindikatuak, Getxon (Bizkaia). Romo kultur etxean bilduko dira, 18:00etan. Horiek horrela, batzarrera joatera deitu dituzte etxebizitzaren arazoaz kezkatuta dauden guztiak, baita arazo horrek kalte egindakoak ere.

Leioako sendi hori bizi zen etxebizitzaren jabea «ezaguna» da, sindikatuak nabarmendu duenez. Higiezin bat baino gehiago du; eta, salatu dutenez, hark kontratatu zituen joan den otsailean Espainiako Desokupa CyL enpresako kideak, zeinak Berangoko (Bizkaia) familia bati «jazartzen eta mehatxu egiten» aritu ziren.

Bestalde, etxegabetze baten atzerapenaren berri ere eman du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Oraingo honetan, Erandion (Bizkaia): «Beste pertsona bat Alokabideren etxebizitza batetik kaleratua izateko arriskuan dago. Baina, etxebizitzaren arazoak azken asteetan piztu duen haserrea ikusita, azken orduan atzeratzea erabaki zuten astearterako aurreikusita zegoen kaleratzea», esplikatu dute.

Antolakuntza

Azkenaldiko «haserreaz eta hauteskunde giroaz» ere mintzatu dira sindikatukoak: «Alderdi politikoek erdipurdiko neurriak, dekretuak eta luzamenduak darabiltzate, honek guztiak eztanda egin ez dezan». Horren adibide dira aste honetan Uribe Kosta eskualdean gertatutakoak.

«Guk argi dugu arazo hau ez dutela espekulazioa sostengatzen duten instituzioek eta alderdiek konponduko. Borrokaren eta antolakuntzaren bidez lor daiteke soilik», adierazi dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA