Enerpacek berretsi egin du Mallabiko instalazioko berrogei langileak kaleratu nahi dituela

Enpresak eta sindikatuek enplegua erregulatzearen inguruko bilera egin dute. Langileek erosle bat aurkitzeko denbora eskatu diote enpresari.

Enerpacek Mallabian duen lantegia. BERRIA
Enerpacek Mallabian duen lantegia. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 5a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enerpac multinazionalak Mallabiko (Bizkaia) planta ixteko asmoa duela berretsi die sindikatuei. Zuzendaritzak fabrikako berrogei langileei eragiten dien enplegu erregulazio bat egiteko asmoa duela jakinarazi zuen iragan astean, eta horrelako prozesuetan legez beharrezkoa den negoziazio epeko lehen bilera egin dute gaur. Konpainiak antolaketa eta ekoizpen arrazoiak eman ditu; sindikatuek, berriz, deslokalizazio kasu bat dela uste dute.

«Hemen ez da galerarik egon, eta iragan astera arte erritmo onean egin dugu lan», ziurtatu du David Elejalde langile batzordeko presidenteak —LABek ditu hiru ordezkariak—. Aste honetan, ekoizpenak behera egin du lehen Larzep esaten zitzaion lantegian, baina Elejaldek azaldu du hor zuzendaritzak eragin ahalmen handia duela, planta askoko multinazional bat izanda lan karga nora bideratu erabaki dezakeelako. Enerpac Tool Group multinazionaleko adar bat da, eta 581 milioi euroren salmentak egin ditu aurten, iaz baino %6 gehiago. Mozkinei dagokienez, aurten 80,3 milioi euro irabazi ditu, eta horietatik 21,1 azken lau hiruhilekoan lortu ditu.

Negoziazio mahaian dagoena, baina, Mallabiko plantaren egoera da. Zuzendaritzak lantegia ixteko asmoa du, eta, interesdunen bat agertuko balitz, hura saltzeko prest legoke. Azken aukera horren harira, langile batzordeak erregulazioa kentzeko eskatu dio. «Saldu ahal izateko, erosle bat aurkitu behar da lehenbizi, eta hori ez da hilabete batean lortzen. Denbora eskatu diogu», argitu du Elejaldek.

Langile batzordeak ez du kaleratzeen baldintzei buruz hitz egin nahi izan, oraingoz lanpostuei eusteko aukeren inguruan hitz egin nahi baitu bakarrik. Ordezkariek argi dute ekonomikoki bideragarria dela eta baduela etorkizuna. Gaurkoa prozesuko lehen bilera izan da, eta hilaren 2an elkartuko dira berriz. Bien bitartean, langileek erakunde publikoekin biltzeko asmoa dute, jardunari eustea erraztuko luketen erabakiak har ditzan.

Larzep tradizio luzeko enpresa zen Debabarrenean. 1940an sortu zuten, eta erreminta eta makineria hidraulikoa ekoizten zuten bertan. Enerpacek 2024ko urtarrilean xurgatu zuen, eta bere lantokien zerrendara batu. AEBetako konpainia hark 2.300 langile ditu guztira, eta lantegiak ditu 22 herrialdetan, besteak beste Turkian, Mexikon, Brasilen, Txinan eta Indian.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA