Enerpacek Mallabiko lantegia itxi nahi du, eta bertako 43 langileak kaleratu

LABek salatu du multinazionala irabazi handiak izan zituela iaz eta jarduna deslokalizatzeko asmoa duela. Erreminta eta gailu hidraulikoak muntatzen ditu Enerpacek.

Enerpacek Mallabian duen lantegiaren eraikina. BERRIA
Enerpacek Mallabian duen lantegiaren eraikina. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 2a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enerpac multinazionalak Mallabian (Bizkaia) duen lantegia ixteko asmoa duela jakinarazi du LAB sindikatuak. Lantegia Larzep zena da, Urtiaga industrialdean dago, eta gaur egun 43 langilek dihardute bertan. Sindikatuak salatu du multinazionalak irabazi handiak izan zituela iaz eta itxieraren atzean deslokalizazio asmoa dagoela.

Enerpacek ostegunerako deitu ditu langileen ordezkariak enplegua erregulatzeko espedientearen xehetasunak negoziatzen hasteko. LABek horrela izan du erabakiaren berri, baina salatu du oraindik ez dakiela zein diren enpresaren arrazoiak, ez baitu jaso erabaki horren aldeko argudioak aletzen dituen agiria.

Larzep tradizio luzeko enpresa zen Debabarrenean. 1940an sortu zuten, eta erreminta eta makineria hidraulikoa ekoizten zuten bertan. Enerpacek 2024ko urtarrilean xurgatu zuen, eta bere lantokien zerrendara batu. AEBetako konpainiak 2.300 langile ditu guztira, eta lantegiak ditu 22 herrialdetan, besteak beste Turkian, Mexikon, Brasilen, Txinan eta Indian.

Gauzak horrela, sindikatuak uste du jarduna deslokalizatzea dela konpainiaren asmoa, eta kostu txikiagoak dituen lantegi batera eramatea. LABek, halaber, gaineratu du enpresak ezin duela arrazoi ekonomikorik argudiatu, «milioika dolarreko irabaziak» izan baititu aurten.

Ez dabil oker LAB; izan ere, enpresak berak iragan astean jakinarazi zuenez, Enerpac Tool Group multinazionalak 581 milioi euroren salmentak egin ditu aurten, iaz baino %6 gehiago. Horietatik 166 milioirenak azken hiruhilekoan egin ditu, iaz tarte berean eginikoak baino %11 gehiago. Mozkinei dagokienez, aurten 80,3 milioi euro irabazi ditu, eta horietatik 21,1 azken lau hiruhilekoan lortu ditu. Enpresaren arabera, Ameriketan oinarrituriko ekoizpenari esker lortu zituen zenbaki horiek.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA