Epaileak berretsi egin du Getxoko Irurak Bat jauregia eraisteagatik irekitako auziaren artxibatzea

Getxoko Instrukzio epaitegiak ez die jaramonik egin EH Bilduk eta PPk aurkeztutako helegiteei. Bizkaiko Probintzia Auzitegira jotzeko aukera dute horiek; fiskaltzak jada egina du hori.

Jauregia zegoen eremua, artxiboko irudi batean. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jauregia zegoen eremua, artxiboko irudi batean. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 3a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregiaren auzia artxibatzea erabaki du Getxoko Bigarren Instrukzio Epaitegiko epaileak bigarrenez. Irailean ere hala ebatzi zuen, eta, EH Bilduk eta PPk erabakiaren kontrako helegiteak aurkeztu ostean, gauza bera ondorioztatu du. Halere, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak izango du orain hitza; han errekurtso bana jarri dute bi alderdi horiek eta fiskaltzak.

Epaileak iraileko ebazpeneko gauza bera adierazi du orain ere. Haren ustez, ez da ondare historikoaren aurkako deliturik izan, ezta prebarikaziorik ere, eta auzia artxibatzea erabaki du. Instrukzioan, hamar lagun ikertu zituzten; tartean, EAJko hiru zinegotzi ohi. Horietako bi —Inaxio Uriarte eta Irantzu Uriarte— jauregia luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko eraitsi zuen kooperatibako kide ziren; hirugarrena, berriz, Hirigintza zinegotzia.

Epailearen iritziz, baina, eraikina ez zegoen Euskal Kultur Ondarearen erregistroan, ezta Oinarrizko Babeseko Kultur Ondasunen erregistroan ere. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiko ebazpen bat oinarri hartuta, ebatzi zuen Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean agertzeak ez ziola oinarrizko babeseko kultur ondasun izaera ematen. EH Bilduko eta PPko abokatuen esanetan, baina, ez da bi kasuen arteko loturarik, eta horregatik jarri zioten helegitea lehen ebazpenari.

Irurak Bat jauregiaren inguruko auzia 2024ko abuztuan lehertu zen, XIX. mendeko eraikina eraitsi zutenean. Proiektuaren inguruko susmoek, gainera, udaleko hainbat arduradunen eta sustatzailearen arteko harremanak jarri zituzten fokuan. Batetik, eraikina eraisteko kontratua zuen enpresak atzera egin zuen, ez zelako errentagarria. Gero, beste enpresa batek eskuratu zuen lizentzia, eta eraikina eraitsi zuen, nahiz eta lizentziak adierazi ez zuela zati guztiak botatzeko baimenik. Bi lanen arteko aldea nabarmena da, udaleko txosten tekniko baten arabera: eraisteak 730.000 euroko abantaila ekonomikoa ekarri zien. Eraikina berritzea 3,2 milioi euro kostatuko zela kalkulatu zuten, eta eraitsi eta berreraikitzea, berriz, 2,5 milioi euro. Gainera, kooperatiba hark lizentzia eskatu baino hiru hilabete lehenago, Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte zinegotziak bertako bazkide egin ziren. 

«Etekin politikoa»

EAJk epailearen erabakia nabarmendu du ohar batean, nahiz eta jeltzaleek aitortzen duten oraindik ere goi instantzietan ebatzi beharko dela auziaren inguruan. Izatez, fiskaltzak zuzenean Bizkaiko Probintzia Auzitegira jotzea erabaki zuen, helegitea Getxoko epaitegian aurkeztu beharrean.

Halere, EAJk salaketa jarri zuten oposizioko bi alderdien kontra egiteko baliatu du azken ebazpena. «Etekin politikoa» ateratzen saiatzea egotzi die EH Bilduri eta PPri, «EAJren lana zalantzan jartzeko asmoz». Hala, «erantzukizun politikoak» eskatu dizkie orain, adierazpen publiko baten bitartez: «Seinalatzea publikoa izan denean, erreparazioak ere publikoa izan behar du».

Izan ere, EAJk uste du prozesuak iraun bitartean udaleko langileen profesionaltasuna eta arduradun publikoen zintzotasuna ezbaian jarri dituztela alderdi horiek, eta «nahasmena eta mesfidantza areagotu». Zehazki, jeltzaleen udal taldean izandako eraginei erreparatu diete, esanez prozesuaren «ondorio politiko eta pertsonalak» ez direla ebazpenarekin desagertuko. Hiru zinegotzik dimisioa aurkeztea ez ezik, alkatea kargugabetzea ere exijitu zuen oposizioak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA