Negoziatzeko eta hitz egiteko prest daude Gernika-Lumoko (Bizkaia) Egurre gazte asanbladako kideak, baina, horretarako, udalak neurri bat har dezan nahi dute: gaztetxearen alternatiba izan daitekeen eraikina erostea eta bertan gaztetxearen proiektuari bizirik eusteko konpromisoa hartzea. Hala berretsi dute gaur bidalitako oharrean, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok egindako prentsaurrekoaren biharamunean, eta hark esandakoak gezurtatu dituzte; are, errealitatea «desitxuratzen saiatzea» leporatu diote.
Puntuz puntu eta adibidez adibide argitu dituzte Gorroñok atzo egindako adierazpenak. Gernika-Lumoko alkateak behin eta berriz nabarmendu zuen «legediaren arabera» jokatuko dutela gaztetxearen auzian; bada, gaztetxeko kideek aurpegiratu diote liburutegi berriko obren proiektua «irregulartasunez beteta» dagoela. Azaldu dutenez, udalak ez du gune horren «erabilgarritasuna» bermatu, ezta «obren kontratua eta adjudikazioa publiko» egin ere. Horrez gain, gogoratu dute ekainaren 15ean udalak gaztetxeko sarraila «legez kanpo» aldatu zuela. «Ez gara gu izango ordena kapitalista mantentzeko inposatutako legediaren defendatzaileak, baina udalaren hipokrisia seinalatu beharra dago», salatu dute.
Gaur egun gaztetxea dagoen eraikinean udal liburutegia jartzea da udalaren asmoa. Eraikin hori hogei urtez egon zen hutsik, harik eta Egurre gazte asanbladako kideak 2025eko apirilean bertan sartu ziren arte. Gorroñoren arabera, liburutegi hori «interes orokorreko proiektu bat da», eta, hortaz, «okupek» ez lukete halakorik eragotzi beharko. Gaztetxeko kideek, ordea, auzitan jarri dituzte udalaren asmoak: «Interes orokorra eta interes elektoralistak nahastu nahi ditu Gorroñok».
Oharrean azaldu dutenez, liburutegiaren proiektuak «kezka sortu die» herriko beste zenbait eragileri ere, eta horren erakusletzat jo dute ekainaren 12an herriko zenbait eragilek antolatutako bilera: «Zenbait dantza talde, txosna batzorde, kirol talde, asanblada eta norbanakok udalari geldiune bat exijitu zioten, ganoraz informatu eta batera hausnartzeko aukera izan zezaten».
Astra eta Bekoibarra
Alternatiba «erreal» bat exijitzen dute gaztetxeko kideek, iritzita udalak orain arte proposatutakoak ez direla egokiak. Hain justu, Gorroñok berak atzo esan zuen Astra kultur fabrikan sartzea proposatu ziela, argudiatuta hango hirugarren solairua «biltegi gisa» eta «pankartak egiteko soilik» erabiltzen dutela. Egurre gazte asanbladak baztertu egin du proposamen hori. «Astra eraikina proposatzea Astra proiektuaren erabakitzeko ahalmen propioaren aurka egitea da», azaldu dute gaur igorritako oharrean. Eta gehitu: «Bi proiektuak bateragarriak dira. Herrian gero eta proiektu autogestionatu gehiago egotea herri mugimenduaren indarraren erakusle da».
«Herrian gero eta proiektu autogestionatu gehiago egotea herri mugimenduaren indarraren erakusle da»
GERNIKAKO GAZTETXEKO KIDEAK
Gaztetxeko kideen arabera, udalak aurkeztutako alternatiben artean bakar bat da egokia eta egingarria: Bekoibarra kaleko eraikinarena. Hala ere, salatu dute leku hori irailaren erdialderako egongo dela eskuragarri, eta, udalak oraindik erosi ez duenez, ez duela inolako bermerik. Halaber, gaitzetsi egin dute udalak eraikin horren truke egindako eskaera, hau da, abuztuaren 24rako gaztetxearen eraikina uztea. Egurreko kideek eserialdi bat antolatu zuten, eta, hala, geldiarazi egin zituzten egun horretan bertan hastekoak ziren obrak. «Ez dugu ate bat zarratuko beste bat zabaldua izan arte».
Eta ekintza horren harira, are gehiago korapilatu da gaztetxearen auzia. Gorroñok ohartarazpen bat egin zien atzo asanbladako kideei: «Egoera horretatik erator daitezkeen galera ekonomikoak indarrean dagoen legediaren arabera aztertuko dira, eta, enpresa adjudikaziodunak erreklamazioren bat egiten badu, gastu horiek ordaintzeko arduradunak okupak izango dira». Gaztetxeko kideek irmo erantzun diote abisu horri: «Ez gara zuen mehatxuetan eroriko».