Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, Espainiako Gobernuak prozesua hasi du Bandas enpresako greba Memoria Demokratikorako Leku izendatzeko. 1966ko azarotik 1967ko maiatzera bitarte Etxebarriko (Bizkaia) Laminacion de Bandas en Frio enpresako langileak 163 eguneko greba egin zuten, frankismo garaian egindako luzeena. Hala, Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoa sustatzeko zuzendaritzak ebatzi du diktaduran «langile mugimenduak izandako historiaren gertaera esanguratsuenetako bat» dela.
Zuzendaritza horrek erantsi du Bandas enpresako greba «askatasun sindikal eta politikoak ukatzen zituen erregimen baten aurka, langileen antolakuntza, elkartasun eta erresistentziaren sinboloa» izan zela. Azaldu du Bizkaian salbuespen egoera ezarri zutela: atxiloketa masiboak, kaleratzeak, deportazioak... eta horiek adierazten dutela zer-nolako garrantzi politikoa hartu zuten greba hark. Langileen baldintzen eta soldaten gaineko eztabaidekin hasi zen, eta antolakuntza kolektibo esanguratsua bihurtu zen: sindikatu frankistaren antolakuntzatik at, ezkutuan antolatzea lortu zuten. Frankismo garaiko agintariek ere horrela ulertzen zuten.
Memoria Demokratikoa Sustatzeko Zuzendaritzak adierazi du «elkartasunaren sinboloa» ere izan zela, eta leloak argi erakusten duela hori: Denak edo inor ez. Are, greba hura Laminacion de Bandas en Frio enpresatik harago zabaldu zen beste industrialde batzuetara, eta inguruko eragile askoren babesa lortu zuen.
Hala, lanuzteak lagundu zuen gerora mugimendu sindikal berria garatzeko funtsezkoak izango ziren oinarriak jartzen: langileen esperientziak ezagutarazten. Adibide gisa jarri dute emakumeen parte hartzea: «Mobilizazioetan aktiboki esku hartu zuten; esaterako, Sindikatu Bertikalaren Basauriko egoitza okupatu zuten, eta horren moduko ekintza esanguratsu batzuk egin zituzten».
Amaitzeko, 1967ko martxoaren 12a oroitu dute: berrehun langile baino gehiago atxilotu zituzten Alemaniarren meategia deiturikoan, Zugaztieta mendian (Barakaldo, Bizkaia). Nabarmendu dute lan munduan «eragin handia» izan zuela egun hark, eta elkartasunezko greba orokorrera deitzen lagundu zuela.