Bilboko Atxuri auzoan batutako dozenaka lagunek ezin izan dute Esther izeneko emakumearen etxegabetzea gelditu. Bi dozena ertzain Ortutxueta kaleko 3. zenbakiko eraikinaren aurrean bildutakoei bidea oztopatzen ari zirela, beste aldeko atetik sartu da segizio judiziala, eta kaleratzea gauzatu du. Azet etxebizitza sindikatuak Eusko Jaurlaritza egin du Estherren egoeraren erantzule, hark Alokabideren bitartez eskuratu baitzuen pisua.
Estherrek hamar urte eman ditu etxe horretan, bakarrik bizitzen. «Egoera zaurgarrian dago, eta ezin izan dio alokairuari aurre egin», Azet etxebizitza sindikatuko kideek nabarmendu dutenez. Are, Eusko Jaurlaritzari leporatu diote «inolako alternatibarik ez eskaintzea».
Sindikatua azken ordura arte ahalegindu da Estherren egoera konpontzen, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriz. Hain zuzen, etxegabetzea geldiarazteko ahaleginetan ari zirela jaso dute Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariaren deia: «Esan du erantzukizuna ez dela eurena, Alokabiderena baizik», gaitzetsi dute etxebizitza sindikatukoek.
Irtenbide bat topatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote eskain diezaiola Estherri alokairu merkeagoko etxebizitza bat, ordaintzeko modua izango duena.
Osasun arreta
Segizio judiziala iritsi denerako, Esther ez zegoen etxean jada, Azeteko kideek baieztatu dutenez. Dirudienez, auzokide batengana joan da, eta manifestarien artean zegoen osasun langile baten arreta behar izan du.Â
Etxebizitza sindikatuko bi kide, ordea, etxebizitza barruan geratu dira, eta horiek identifikatu ditu Poliziak. Horiek ere atera dituzte azkenean.Â