Bilboko Atxuri auzoan batutako dozenaka lagunek ezin izan dute Esther izeneko emakumearen etxegabetzea gelditu. Bi dozena ertzain Ortutxueta kaleko 3. zenbakiko eraikinaren aurrean bildutakoei bidea oztopatzen ari zirela, beste aldeko atetik sartu da segizio judiziala, eta kaleratzea gauzatu du. Azet etxebizitza sindikatuak Eusko Jaurlaritza egin du Estherren egoeraren erantzule, hark Alokabideren bitartez eskuratu baitzuen pisua.
Estherrek hamar urte eman ditu etxe horretan, bakarrik bizitzen. «Egoera zaurgarrian dago, eta ezin izan dio alokairuari aurre egin», Azet etxebizitza sindikatuko kideek nabarmendu dutenez. Are, Eusko Jaurlaritzari eta horren buru EAJri eta PSE-EEri leporatu diete «inolako alternatibarik ez eskaintzea». Gaurko etxegabetzearen «erantzule zuzenak» haiek direla azpimarratu du Celia Vicente Azeteko bozeramaileak.
«Hauteskundeak begi bistan, etxebizitzaren aldeko hamaika diskurtso entzun ahal izan ditugu Espainiako komunikabide guztietan, azken bi asteetan. Azken finean, [alderdi politiko] horiek guztiek gauzatu dute etxegabetze hau, eta ez diote [Estherri] ordezko bizitokirik eskaini», gaitzetsi du Vicentek.
«Eusko Jaurlaritza, EAJ eta PSE-EE dira Estherren etxegabetzearen erantzule zuzenak: ordezko bizitokirik ez diote eskaini»
AZET ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Bide berean, «hauteskunde propagandatzat» jo ditu Espainiako Gobernuak gaur onartu dituen etxebizitza dekretuak. Horiek horrela, Azetekoak eskatu du «etxegabetze guztiak gelditzeko, pertsonen baldintzak edozein direla ere». Gehitu du etxebizitza eskubideak «bermatuta» egon behar duela, eta eskatu du «langile klasearen beharretara egokitutako alokairu sozialak sortzeko».
Sindikatua azken ordura arte ahalegindu da Estherren egoera konpontzen, Eusko Jaurlaritzarekin eta alderdi politikoekin harremanetan jarriz. Hain zuzen, etxegabetzea geldiarazteko ahaleginetan ari zirela jaso dute Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariaren deia: «Esan du erantzukizuna ez dela eurena, Alokabiderena baizik», gaitzetsi dute etxebizitza sindikatukoek.
Estherrentzako irtenbide bat topatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote eskain diezaiola alokairu merkeagoko etxebizitza bat, ordaintzeko modua izango duena.
Osasun arreta
Etxegabetzea gauzatzeko ordua 09:15erako jarrita zegoen arren, 08:00etarako dozenaka lagun zeuden Ortutxueta kaleko 3. zenbakiko eraikinaren aurrean, Bilboko Atxuri auzoan, Estherri elkartasuna adierazteko. «Alokabidek Esther etxegabetzen du» zioen pankarta baten atzean batu dira, eta une oro izan dituzten bi dozena ertzain aurrean. Besteak beste, «Kaleratzen dutenak herriaren etsai» eta «Negozioa bada ez da eskubidea» oihukatu dute; eta «Esther kalean, EAJ-PSE arduradun» jartzen zuen kartelak ere atera dituzte. Tentsio uneak izan arren, ez da istilurik egon.
Segizio judiziala iritsi denerako —09:45 inguru—, Esther ez zegoen etxean jada, Azeteko kideek baieztatu dutenez. Auzokide batengana joan da, oso urduri baitzegoen. Are, Osakidetzara deitu behar izan dute, osasun arreta eskatzeko, antsietate krisi bat izan duelako. Baina, hasieran, telefonoaren bestaldean zegoen osasun langileak ez du beharrezkotzat jo anbulantzia bat bidaltzea, sindikatukoek gaitzetsi dutenez.
Zorionez, manifestarien artean bazen mediku bat, eta hark deitu ostean bidali dute anbulantzia. Ospitalera eraman behar izan dute Esther.
«Norbait gure parkean badago eta ezin duela ordaindu frogatzen badu, ez da inoiz kaleratzen, eta konponbidea edozein modutan bilatzen da»
EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA SAILA
Bitartean, etxebizitza barruan jarraitzen zuten Azeteko bi kidek, eta horiek identifikatu ditu Poliziak. Horiek atera arte, eraikinaren aurrean jarraitu dute bildutako lagunek. Ondoren, errepidean behera abiatu dira guztiak, Santos Juanes plazaraino. Bada, atzean joan zaizkio Ertzaintzaren furgonetan, eta helmugara iritsitakoan gutxienez beste zazpi lagun identifikatu dituzte, komunikatu gabeko manifestazio bat egitea egotzita.
Ostegun honetan, asanblada irekia egingo du Azet etxebizitza sindikatuak, 19:00etan, Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan.
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak adierazi du «inoiz ez» dutela etxegabetzen «zaurgarritasun egoera berezia erakusten duen pertsona bat». «Norbait gure parkean badago eta ezin duela ordaindu frogatzen badu, ez da inoiz kaleratzen, eta konponbidea edozein modutan bilatzen da. Baina, kasu honetan, errenta oso baxua eta hori ordaintzeko dirua izan arren, ez du ordaindu; eta zor oso handia pilatu du 2017tik», esplikatu dute saileko iturriek.
Halaber, aipatu dute gaia aspalditik zegoela epaitegian, eta etxegabetzeko agindua epaile batek erabaki duela, «hura baita, hala badagokio, hori geldiarazteko eskumena duen bakarra».

Bilboko EH Bilduk, ordea, PSE-EEri eta EAJri egotzi die Esther kaleratu izana. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, PSOEk Espainiako Kongresuan joan den ostiralean aurkeztu zuen lehen dekretuarekin, pertsona horren etxegabetzea saihestu zitekeen, administrazioak bizitoki alternatiba bat eskaintzea eskatzen baitzuen. PPk, Voxek eta JxC Junts per Catalunyak atzera bota zuten dekretu hori; EAJk alde bozkatu zuen.
Gainera, EH Bilduk ziurtatu duenez, Estherrek udaleko gizarte zerbitzuetara jo zuen: «Baina eskaini dioten aukera bakarra Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzura jotzea izan da, aldez aurretik bizitoki aukerarik gabe». Hori dela eta, «inkoherentetzat» eta «ez-moraltzat» jo dute Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien jarrera. Bide batez, «inor kalean utziko ez duen etxebizitza sistema publiko bat» eskatu dute.