Euriak gainezka egin du Bilbon

Zazpikaleetan uharka hartu ditu urak kaleak. Balmasedan eta Bizkaiko beste hiri batzuetan ere eurite mardulak izan dira. Bilboko Udalak berrehun ezbehar zenbatu ditu.

Garbiketa lanetan aritu dira gaur goizean Bilboko alde zaharreko denda askotan. LUIS TEJIDO / EFE
Garbiketa lanetan aritu dira gaur goizean Bilboko alde zaharreko denda askotan. LUIS TEJIDO / EFE
2026ko urriaren 4a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat arratsaldeko eurite mardulek uholdeak eragin dituzte Bizkaiko zenbait herritan, eta Bilbon Zazpikaleak ur azpian gelditu dira iluntze-gau partean; belaunetarainoko ur putzuak sortu dira momentu batzuetan. Lokal batzuk urpean gelditu dira, eta etxera sartzeko arazoak ere izan dituzte bizilagun batzuek. Ur pilaketek eta putzuek eragindako berrehun ezbehar zenbatu ditu Bilboko Udalak igande goiz honetan.

19:00etatik 21:00etara bota zuen euri jasarik handiena, eta galtzak bete lan ibili ziren suhiltzaileak eta udaltzainak. Hiriko kale aldapatsu askotan indarrez jaitsi ziren urak, eta dendari batzuek beren dendak babestu behar izan zituzten, oholekin eta ahal izan zuten bezala. Hondatutako altzari eta trasteak kalera ateratzen aritu dira dendariak gaur, eta horiek biltzeko zerbitzu bat jarriko du udalak.

Alerta laranja emana zuten meteorologia zerbitzuek, baina olde handia bota zuen atzo iluntzean, eta Euskalmetek gauerdira arte luzatu zuen alerta laranja. 23:00ak alderako baretu zen egoera.

Udalak gaur azaldu duenez, euri urak biltzeko sareak ongi daude, eta ikertzen ari dira zergatik sortu ziren uholdeak, baina euri jasaren intentsitatea oso handia izan zela ere erantsi dute, Europa Press berri agentziari egindako adierazpen batzuetan. Juan Mari Aburto alkateak ziurtatu du euri urak biltzeko sistemak ez duela arazorik, eta euritearen intentsitateak eragin zituela uriolak. Uraren sareak olde horri eutsi ezin zionez, ibaira ura zuzenean bideratzen aritu ziren.

Aparkaleku bat urpean, larunbat gauean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Aparkaleku bat urpean, larunbat gauean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE

Bilbon asko nabaritu zen euritearen kolpea, baina Bizkaiko beste herri batzuetan ere sentitu zen, eta Leioan, esaterako, Artatzako tunela itxi egin zuten atzo, urak gainezka egin zuelako bidean. Getxon, Basaurin, Laudion, Galdakaon, Sestaon eta Erandion ere euriteak sendoak izan ziren.

Aemeten estazio meteorologikoen arabera, bart gauerdian, Loiuko aireportukoak metro koadroko 56 litro hartu zituen 24 orduan; Balmasedako estazioak, berriz, 84 litro; eta Forukoak, ia 43 litro. Bizkaiko mendebaldeko eta kostaldeko herri batzuetan bota zuen gehien.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA