Larunbat arratsaldeko eurite sendoek uholdeak eta ur pilaketak eragin dituzte Bizkaiko zenbait herritar, eta Bilbon Zazpikaleak ur azpian gelditu dira iluntze-gau partean, eta belaunetarainoko ur putzuak sortu dira momentu batzuetan. Lokal batzuk urpean gelditu dira, eta etxera sartzeko arazoak ere izan dituzte bizilagun batzuek
Hiriko kal aldapatsu askotan indarrez jaitsi dira uharkak, eta dendari batzuek beren dendak babestu behar izan dituzte, oholekin eta ahal izan duten bezala.
CASCO VIEJO DE BILBAO 🤦♀️ pic.twitter.com/M96wOf5csS
— Alazne (@AlaznePolita) October 3, 2026
Alerta laranja emana zuten meteorologia zerbitzuek, baina olde handia bota du gaur arratsean, eta Euskalmetek gauerdira arte luzatu du. gauerditik goizaldeko seiak arte alerta horiari eustea erabaki dute, ez baita erabat atertzea espero goizaldean. Gauerditik aurrera, hori bai, euria gutxituko dela uste dute, eta ekaitzak hegoaldera egingo duela.
Bilbon asko nabaritu da euritearen kolpea, baina Bizkaiko beste herri batzuetan ere sentitu da, eta Leioan, esaterako, La Avanzadako tunelak itxi egin dituzte, urak gainezka egin duelako bidean. Getxon, Basaurin, Laudion, Galdakaon, Sestaon eta Erandion ere uharkak eragindako kalteak nabaritu dira, Efe albiste agentziaren arabera.
Aemeten estazio meteorologikoen arabera, Loiuko aireportukoak metro koadroko 56 litro metro ditu 24 orduko tartean; Balmasedako estazioak, berriz, 84 litro; eta Foruan, ia 43 litro. Bizkaiko mendebaldeko eta kostaldeko herri batzuetan bota du gehien.
Arratsaldean hasi dira euri jasak, eta SOS Deiak-ek 20:30 arteko datua besterik ez du eman, baina ordura arte euriak eragindako 150 gertakari jaso dituzte. Galtzak bete lan ibili dira suhiltzaileak; etxe eta lokaletatik ura kentzeko eskari ugari jaso dituzte.