Gazteek arrain gehiago kontsumitzea lortu gura dute Ondarroako arrantzaleek

Kontsumoa jaitsi egin da azken hamabost urteetan, eta horri buelta emateko kanpaina bat ipini dute martxan, Basque Food Clusterrekin elkarlanean. Arraina «garestia eta kozinatzen zaila den mitoak» gezurtatu gura dituzte.

Arrandegi bat Bilboko Erriberako merkatuan, artxiboko irudi batean. JUNE PRIETO / FOKU
Arrandegi bat Bilboko Erriberako merkatuan, artxiboko irudi batean. JUNE PRIETO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 27a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak batez beste 23,18 kilo arrain jaten ditu urtean. Inguruko lurraldeetan baino handiagoa da datua, baina nabarmen urrundu da duela hamabost urte jaten zituzten 30 kiloetatik. Beherakada hori, batez ere, belaunaldi berrien eskutik ailegatu da. Izan ere, 65 urtetik gorakoek jaten dute arrainaren %35,72. «Euskadik arrantza tradizio oso errotua du, eta horrek eragina du kontsumo ohituretan. Baina kezkatzen gaitu joera hori belaunaldi gazteenetara ez zabaltzeak, haiek baitira etorkizuna», nabarmendu du Mikel Ortiz Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko gerenteak. 

Egin dituzten azterlanetan ikusi dute arraina «elikadura osasuntsu eta orekatu batekin» lotzen duten arren «indarra galtzen duela azkarragotzat, erosoagotzat edo egungo bizi erritmoarekin bateragarriagotzat jotzen diren beste aukera batzuen aldean». Horregatik, arraina jateko ohitura sustatzeko kanpaina bat abiatzea erabaki dute, Basque Food Clusterrekin elkarlanean. Horretarako, Arrainari buruzko mitoak izeneko webgunea sortu dute, eta gida bi argitaratuko dituzte. Gida horietan arrainaren prezioari eta prestatzeko zailtasunari buruzko mitoak eta estereotikoak gezurtatzen dituzte. Gaur aurkeztu dituzte, Ondarroan.

Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batasunak finantzatu dute kanpaina. Aurretik, hainbat azterlan egin dituzte. 18 eta 35 urte arteko hamar gaztetik ia lauk esan dute zaila egiten zaiela arraina erostea, eta lautik batek baino gehiagok esan dute deserosoa zaiela arraina prestatzea eta jatea. «Datu horiek adierazten digute gauzak erraztu behar dizkiegula», esan du Ortizek. Kontatu du sektorea lanean dabilela kontserben, produktu izoztuen eta prestatutako produktuen kalitatezko sorta indartzeko «etxeko sukaldaritzaren tankerako proposamen bat eginda». Arrain saltzaileei ere protagonismoa eman gura diete, arreta belaunaldi berrien beharretara egokitu ahal izateko.

IMG 2946
Mikel Ortiz Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko gerentea, Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria eta Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendaria, gaur, Ondarroan.  ONDARROAKO ALTURAKO ARRANTZA EKOIZLEEN ELKARTEA

Era berean, «deigarria» egin zaie inkestatuen %56,3k erantzun izana arraina eta itsaskia erostea «oso garestia» dela, eta horren ondorioz gutxitan erosten duela. Gazteen kasuan, %61,1ek erantzun dute hori. Baina, aldi berean, soilik %39,5ek gogoratzen zuten normalean erosten duten arrain espezieak zer prezio izaten duen. Gainera, Ortizek nabarmendu du prezio hori kiloari dagokiola, eta ez gero prestatuko duten plateraren prezioari. Horregatik, errazio bakoitzaren prezioa kontuan hartzeko gomendatuko diete kontsumitzaileei gidetan.

Errezeta berriak eta errazak

Informazio praktikoa ere emango dute, elikadura klusterreko zuzendari nagusi Jon Ander Egañak azaldu duenez. Berbarako, arraina eguneroko dietan sartzeko errezeta «erraz eta originalak» proposatuko dituzte, eta azalduko dute, besteak beste, zer ebaki mota egiten diren eta bakoitza zer prestaketa motatarako den egokiena. Alde horretatik, baikorrak dira, hamar herritarretik hiruk sushia, ceviche-a, tataki-a eta tartarra kontsumitzen dituztela ikusi dutelako: «Badugu modua gazteengana ideia eta proposamen berritzaileen bidez iristeko». Hain zuzen, inkesten arabera, kontsumitzaileen %45,7k pozik jasoko lituzkete errezeta errazak edo azkarrak, Whatsapp edo posta elektroniko bidez. 

Sektoreak «autoanalisi ariketa garrantzitsua» egin du, Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ustez. Horri esker sektoreari eusteko eta indartzeko aukera izango dutela nabarmendu du. Hain zuzen ere, arrantzak eta hari lotutako industriak 2.800 milioi euroko ekarpena egiten dio EAEko ekonomiari. Gainera, sektore horretan egiten dute behar langileen %3,2k.

Euskadi Urdina proiektua ekarri du gogora Soroak: itsasoari eta itsasertzari lotutako Eusko Jaurlaritzaren jarduerak biltzen ditu. Enplegua, berrikuntza, lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzea du helburu. «Aurrerantzean ere sektorea estrategikoa izan dadin, kontsumitzaileek jarraitu behar dute saltokietan ditugun produktu freskoen, izoztuen eta kontserben kalitatea baloratzen».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA