Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak batez beste 23,18 kiloko arrain jaten ditu urtean. Inguruko lurraldeetan baino handiagoa da, baina nabarmen urrundu da duela hamabost urte jaten zituzten 30 kiloetatik. Beherakada hori, batez ere, belaunaldi berrien eskutik ailegatu da. Izan ere, 65 urtetik gorakoek jaten dute arrainaren %35,72. «Euskadik arrantza tradizio oso errotua du, eta horrek eragina du kontsumo ohituretan. Baina kezkatzen gaitu joera hori belaunaldi gazteenetara ez zabaltzeak, haiek baitira etorkizuna», nabarmendu du Mikel Ortiz Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko gerenteak.
Egin dituzten azterlanetan ikusi dute arraina «elikadura osasuntsu eta orekatu batekin» lotzen duten arren, «indarra galtzen duela azkarragotzat, erosoagotzat edo egungo bizi erritmoarekin bateragarriagotzat jotzen diren beste aukera batzuen aurrean». Horregatik, arraina jateko ohitura sustatzeko kanpaina bat abiatzea erabaki dute, Basque Food Clusterrekin elkarlanean. Batetik Arrainari buruzko mitoak izeneko webgunea sortu dute, eta gida bi argitaratuko dituzte. Gida horietan arrainaren prezioari edo prestatzeko zailtasunari buruzko mitoak eta estereotikoak gezurtatzen dituzte. Gaur aurkeztu dituzte, Ondarroan.
Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batasunak finantzatu dute kanpaina. Aurretik, hainbat azterlan egin dituzte. 18 eta 35 urte arteko hamar gaztetik ia lauk esan dute zaila egiten zaiela arraina erostea, eta lautik batek baino gehiagorentzat deserosoa da arraina prestatzea eta jatea. «Datu horiek esaten digute gauzak erraztu behar dizkiegula», esan du Ortizek. Kontatu du, sektorea lanean dabilela kontserba, izoztu eta prestatutako produktuen kalitatezko sorta indartzeko, «etxeko sukaldaritzaren tankerako proposamen batekin». Arrain saltzaileei ere protagonismoa eman gura diete, arreta belaunaldi berrien beharretara egokitu ahal izateko.

Era berean, «deigarria» egin zaie inkestatuen %56,3k erantzun izana arraina edo itsaskia erostea «oso garestia dela, eta horren ondorioz gutxitan erosten duela. Gazteen kasuan, %61,1ek erantzun dute hori. Baina, aldi berean, soilik %39,5ek gogoratzen izan dute normalean erosten duten arrain espezieak zer prezio izaten duen. Gainera, Ortizek nabarmendu du prezio hori kiloari dagokiona izaten dela, baina ez gero prestatuko duten plateraren prezioa. Horregatik gidek errazio bakoitzaren prezioa kontutan hartzera gonbidatuko dute kontsumitzailea.
Errezeta berriak eta errazak
Informazio praktikoa ere eskainiko dute, elikadura klusterreko zuzendari nagusi Jon Ander Egañak azaldu duenez. Berbarako, arraina eguneroko dietan sartzeko errezeta «erraz eta originalak» eskainiko dituzte, eta azalduko dute, besteak beste, zer ebaki mota dauden eta bakoitza zer prestaketa motatarako den egokiena. Ildo horretan, baikorrak dira, hamar herritarretik hiruk sushia, cevichea, tatakia eta tartarra kontsumitzen dituztela ikusi dutelako: «Gazteenarengana ideia eta proposamen berritzaileekin iristeko modua dugu». Hain zuzen, inkesten arabera, kontsumitzaileen %45,7k errezeta errazak edo azkarrak jasotzeko prest dago, WhastApp edo posta elektroniko bidez.
Sektoreak «autoanalisi ariketa garrantzitsua» egin du, Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ustez. Horri esker, sektoreari eusteko eta indartzeko aukera izango dutela nabarmendu du. Hain zuzen ere, arrantzak eta hari lotutako industriak 2.800 milioi euroko ekarpena egiten dio EAEko ekonomiari. Gainera, sektorean egiten dute behar langileen %3,2k.
Euskadi Urdina proiektua ekarri du gogora Soroak: itsasoa eta itsasertzeari lotutako Eusko Jaurlaritzaren jarduerak biltzen ditu. Helburua du enplegua, berrikuntza, lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzea. «Sektoreak estrategikoa izaten jarrai dezan, kontsumitzaileek baloratzen jarraitu behar dute saltokietan ditugun produktu freskoen, izoztuen eta kontserbakoen kalitatea».