«Ez da inor harrituko irmoki esaten dudanean Alderdi Sozialistari ez zaiola batere gustatzen foru proiektu hau», hasi du agerraldia PSE-EEko batzarkide taldeko Alberto Alvarezek. Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak irailaren 10ean onartutako neurri fiskal berriak gaur ailegatu dira Bizkaiko Batzar Nagusietara: Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuak foru arauaren proiektua aurkeztu du, tramitazioari ekiteko. Espero bezala, EAJ bakarrik geratu da haien defentsan. Izan ere, ekainean diputazioan aurkeztu eta biharamunean, gobernukide sozialistak kexu agertu ziren, besteak beste, eurekin «adostu gabeak» zirelako. Eta gobernu kontseiluak ere diputatu sozialista bien abstentzioarekin onartu zuen aurreproiektua.
Ikusi gehiago
Diputazioak onartu aurretik, irailaren 1ean, EAJk eta PSE-EEk Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako zerga esparru bat adostu zuten, eta akordio hartan Berrojalbizek ekainean aurkeztutako neurrietako batzuk falta ziren. Hala ere, handik bederatzi egunera, gobernu kontseiluak jeltzaleen proposamena bere horretan onartu zuen. Batzarkide sozialistak jeltzaleekin egindako akordioa gogoratu du, eta iragarri hitzarmen horren edukia foru proiektu honen tramitazioan txertatuko dutela. «Bizkaiko sozialiston helburua da foru arauaren proiektu honek tramitea bukatzea orain ez duena gehituta: kontrola, gardentasuna eta orokortasuna. Lortu nahi dugu orain falta dituen hiru ardatz negoziaezinetan oinarritzea: kontrol publikoa, azterketa zorrotza eta inbertitutako baliabide publikoen itzulera».
Berrojalbizek erantzun dio penatzen duela sozialistei ez gustatzeak, baina espero duela tramitazio fasean foru gobernua babesten duten alderdi bien gustukoa izango den akordio bat lortzea. «Nik gure proposamena aurkeztu dizuet, eta orain demokraziaren ordua da. Zuek egoki deritzozuen hobekuntzak adostu, baina ezinbestekoa da neurri hauek onartzea, premiazkoak dira eta». Akordio behar hori komunikatzeko moduan ere nabaritu da: gainontzeko alderdiei erantzutean baino ahots tonu suabeagoa erabili du Ogasun diputatuak batzarkide sozialistari erantzutean.
«Bizkaiko sozialiston helburua da foru arauaren proiektu honek tramitea bukatzea orain ez duena gehituta: kontrola, gardentasuna eta orokortasuna»
ALBERTO ALVAREZ PSE-EEko batzarkidea
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeek salatu dute «gutxi batzuen mesedetan» hartutako neurriak direla. Koalizio subiranistako batzarkide Arantza Sarasolak uste du foru arauaren proiektua «pribatizatzailea» dela. «Ekainean, diputatu nagusiak zerga iraultza aurkeztu zuen Madrilen, baina ez diogu iraultzailetik ezertxo ere topatzen osasun sistema pribatizatzeari eta administrazioaren zerga bilketa murriztuta gutxien dutenen kontura gehien dutenei etengabe pizgarri fiskal berriak emateari». Salatu du proposatutako neurrien eraginez osasunaren eta etxebizitzaren arloak «pribatizatuko» liratekeela.
Ogasun diputatuak esan dio ez zirela adi egon, Madrilera ez baitziren joan neurri fiskalak aurkeztera. «Gure ekosistemaren berri ematera joan ginen», argitu dio. Sarasolak Madrilgo autonomia erkidegoaren zerga politikak kopiatzea ere leporatu dio diputazioari. Berrojalbizek ukatu egin du, eta Madrilgo eta Bizkaiko zergak alderatu ditu. «Hemen pizgarri batzuk onartu ditugu, erronka batzuei erantzuten laguntzeko. Baina ez da zerga jaitsiera orokorra, inondik ere».
«Ez diogu iraultzailetik ezertxo ere topatzen osasun sistema pribatizatzeari eta gehien dutenei etengabe pizgarri fiskal berriak emateari»
ARANTZA SARASOLAÂ EH Bilduko batzarkidea
Elkarrekin Bizkaia taldeak iazko zerga erreforma babestu zuen, baina Eneritz Madariaga bozeramaileak ohartarazi du oraingo neurri hauek orduko akordioaren kontrakoak direla. «Orduko foru arauak izan zituen progresibitate, birbanaketa eta gizarte babeserako printzipioetatik bete-betean aldentzen dira. Aurrekora itzultzen ari gara: gutxi batzuentzako pribilegioak eta zerga bilketa apalagoa».
Berrojalbizek erantzun dio diputazioa ez dela «gobernu estatiko bat», eta lurralde historikoak dituen «premiak entzuten jarraitu» duela. «2025eko zerga berrikuspenean landu ez genituen erronkei heldu diegu orain. Besteak beste, etxebizitza, berdintasuna, kontziliazioa eta zaurgarritasuna hartu genituen iaz kontuan. Baina pertsonak eta talentua erakartzeko beharra ere badugu, eta diputazioak uste du horri ere erantzun behar diogula».
«Besteak beste, etxebizitza, berdintasuna, kontziliazioa eta zaurgarritasuna hartu genituen iaz kontuan. Baina pertsonak eta talentua erakartzeko beharra ere badugu»
ITXASO BERROJALBIZÂ Bizkaiko Ogasun diputatua
Irailaren 21era arte aurkeztu ahalko dituzte taldeek zuzenketak. Bizkaian, jeltzaleek nahikoa dute sozialistak konbentzituta. Baina neurri bertsuak edo antzekoak Araban eta Gipuzkoan ere ezarri gura badituzte, beste alderdiren bat erakarri beharko dute. PP izan daiteke, baina Bizkaian behintzat aurka agertu da Raquel Gonzalez bozeramailea. Esan du ez duela babestuko «ezkerrarekin adostutakoa» izango delako. Gainera, jeltzaleen eta sozialisten artean izandako ika-mikak «kaos hutsa» izan direla iruditzen zaio, eta horrek «sinesgarritasuna kendu» diela.
Berrojalbizek gogoratu du neurri horiek Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren aho batezko babesa lortu dutela. «Argi esan dute Bizkaian bakarrik ezarriko balira ere ez dutela lurraldeen arteko harmonia apurtzen».