Beste urte batez, animalien sufrimendua lehen lerrora eraman du Getxoko (Bizkaia) Sokamuturra Ez taldeak. Algortako Portu Zaharreko jaietan sokamuturra izango da berriro ere, eta ekintza hori gaitzesteko, mugimenduak mobilizazio bat egingo du etzi, Algortako Portu Zaharrean hasita, 10:30ean. Jaiak hobe sufrimendu gabe lelopean irtengo dira kalera, eta herritarrei eskatu diete ez parte hartzeko animalien sufrimendua ardatz duten egitasmoetan; kasurako, sokamuturrean.Â
Prentsa ohar baten bidez eman dute mobilizazioaren berri, eta, oharrean, azaldu dute sokamuturrak zer kalte eragiten dien animaliei: «Probak hiru ordu baino gehiago irauten du, eta denbora horretan guztian, animaliak beldurra, estresa eta nekea pairatzen du». Are, Getxoko Sokamuturra Ez taldeak salatu du halako ekintzak ez direla «kultura», «negozio bat» baizik.Â
Horrekin lotuta, erakunde publikoei exijitu die ez ditzatela gisa horretako ekinaldi pribatuak diru publikoarekin finantzatu. Getxoko Udalari eskatu diote, halaber, erantzukizuna bere gain hartzeko, eta gogorarazi jendeak parte hartzeak ez duela esan nahi halako «ohitura bat» ezin denik eraldatu. Lekeitioko antzara jarri dute adibide gisa.Â
Haurrak eta nerabeak ez
Beste eskaera bat ere egin du taldeak: haurrak eta nerabeak —finean, adingabeak— ez ditzatela sokamuturrera eta halako egitasmoetara eraman. Hain justu, EAJk eta PSE-EEk berriki hitzartu dute zezenekin lotutako jai eremuko ikuskizunetarako araudia. Lege aldaketa horren ondorioz, 8 urtetik aurrerako adingabeek soilik parte hartu ahalko dute bigantxen ikuskizunetan. Eta ez dute baimenik aurkeztu beharko zezenketen eremura sartzeko; nahikoa izango da heldu batek lagun egitea, edo adinez nagusi den batek zaintzea.