Getxoko Sokamuturra Ez taldea kalera irtengo da etzi, animalien jaietako sufrimendua gaitzesteko

'Jaiak hobe sufrimendu gabe' lelopean egingo dute mobilizazioa, Algortako Portu Zaharrean, 10:30ean. Herritarrei eskatu diete ez parte hartzeko jaietan egingo den sokamuturrean.

Sokamuturraren aurkako elkarretaratze bat, iaz, Algortan. BERRIA
Sokamuturraren aurkako elkarretaratze bat, iaz, Algortan. BERRIA
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 12a
12:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste urte batez, animalien sufrimendua lehen lerrora eraman du Getxoko (Bizkaia) Sokamuturra Ez taldeak. Algortako Portu Zaharreko jaietan sokamuturra izango da berriro ere, eta ekintza hori gaitzesteko, mugimenduak mobilizazio bat egingo du etzi, Algortako Portu Zaharrean hasita, 10:30ean. Jaiak hobe sufrimendu gabe lelopean irtengo dira kalera, eta herritarrei eskatu diete ez parte hartzeko animalien sufrimendua ardatz duten egitasmoetan; kasurako, sokamuturrean. 

Prentsa ohar baten bidez eman dute mobilizazioaren berri, eta, oharrean, azaldu dute sokamuturrak zer kalte eragiten dien animaliei: «Probak hiru ordu baino gehiago irauten du, eta denbora horretan guztian, animaliak beldurra, estresa eta nekea pairatzen du». Are, Getxoko Sokamuturra Ez taldeak salatu du halako ekintzak ez direla «kultura», «negozio bat» baizik. 

Horrekin lotuta, erakunde publikoei exijitu die ez ditzatela gisa horretako ekinaldi pribatuak diru publikoarekin finantzatu. Getxoko Udalari eskatu diote, halaber, erantzukizuna bere gain hartzeko, eta gogorarazi jendeak parte hartzeak ez duela esan nahi halako «ohitura bat» ezin denik eraldatu. Lekeitioko antzara jarri dute adibide gisa. 

Haurrak eta nerabeak ez

Beste eskaera bat ere egin du taldeak: haurrak eta nerabeak —finean, adingabeak— ez ditzatela sokamuturrera eta halako egitasmoetara eraman. Hain justu, EAJk eta PSE-EEk berriki hitzartu dute zezenekin lotutako jai eremuko ikuskizunetarako araudia. Lege aldaketa horren ondorioz, 8 urtetik aurrerako adingabeek soilik parte hartu ahalko dute bigantxen ikuskizunetan. Eta ez dute baimenik aurkeztu beharko zezenketen eremura sartzeko; nahikoa izango da heldu batek lagun egitea, edo adinez nagusi den batek zaintzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA