Getxoko (Bizkaia) gizon batek motozerra bat martxan jarri du, eta hura hartuta zenbait pertsonaren atzetik ibili da gaur goizaldean Algortan (Getxo). Getxoko Udaltzaingoak atxilotu egin du. Atxilotu dutenean, gizonak arma zuri batez egina izan zitekeen zauri bat zuen.
Lekukoek udaltzainei esan dietenez, atxilotuak, motozerra hartu aurretik, eztabaida bat izan du pertsona batzuekin, 05:00 aldera. Eztabaidaren ondoren, motozerra bat eskuan zuela agertu da, eta taldeari jazarri zaio. Getxoko Udalaren oharraren arabera, une baten motozerra geratu egin zaio, eta orduan jazarritako pertsona batzuk gaineratu egin zaizkio.
Atxilotua zauritu egin da; itxuraz, «arma zuri bat» erabiliz egin diote zauria. Udaltzainek liskarra izan den lekuaren inguruan aurkitu dute zauri hori egiteko ustez erabili duten arma zuria. Atxilotua Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman dute. Oraindik ez dute zehaztu nork erabili duen arma zuri hori. Beste bi pertsona ere zauritu dira, eta osasun zerbitzuek bertan artatu dituzte.
Getxoko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, zer gertatu den zehatz-mehatz jakiteko, eta pertsona bakoitzaren ardurak argitzeko. Udalak txalotu egin du udaltzaingoaren esku hartze azkarra, arrisku handiko egoera bat saihestu dutelakoan. Herritarrei gogorarazi die haien segurtasuna arriskuan jar dezakeen indarkeria edo gatazka egoera batean «saihestu egin behar dela aurrez aurreko fisikoa, eta berehala abisatu behar zaiela poliziari eta larrialdi zerbitzuei».