Gaur zortzi, Arrigorriagako (Bizkaia) Abusu auzoko etxebizitza baten sabaia jausi zen. Bertan urtebete, 3 eta 10 urteko hiru adingabe dituen familia bat bizi da. Udalari abisu eman eta hark peritu bat bidali ostean, gizarte zerbitzuek aldi baterako etxebizitza eskaini zioten familiari, beharrezkoak ziren konponketak egin eta familia etxera segurtasunez itzuliko zela ziurtatuz.
Baina, asteburua igaro bezain pronto, astelehen goizean zerbitzuak berriz jarri ziren harremanetan familiarekin, eta aldi baterako etxea «berehala» uzteko eskatu zien. Trukean, Zornotzako (Bizkaia) ostatu bat eskaini zien. Aterpetxe horretatik haurren eskolara hogei kilometro baino gehiago daudenez, familiak zalantzan jarri zuen eskaintza, eta zerbitzuek «erabateko gaitzespen» legez ulertu zuten erantzuna. Horiek horrela, astelehenean bertan beren etxea izandakora itzuli ziren.
Arratsaldean, ostera, udaltzainek jakinarazi zieten etxetik joan behar zutela, arkitektoen azterketek ondorioztatu zutelako etxebizitzak ez zituela «bizigarritasun baldintzak betetzen». Familiak jakin zuenean adituen ustez etxebizitza ez zegoela bertan bizitzeko moduan, alternatiba eske jo zuen udalera, baina ordurako aterpetxearen eskaintza bertan behera utzia zuten zerbitzuek, ustez familiak uko egin ziolako. Alternatibarik gabe, lehengo etxera itzuli da familia.
Ezbeharra gertatu eta astebetera egin dute prentsaurrekoa AZET Etxebizitza Sindikatuak eta Batu Elkarlaguntza Sareak Abusun bertan. Udalari eta jabeari «eskuak garbitu» izana leporatu diete, eta bien jarrera salatu dute «elkarri akusazioak eginez» dabiltzalako alternatibak eskaini beharrean. Etxearen jabeak erantzukizuna ukatu du sabaiaren arazoa «egiturazko kaltea» delakoan, eta udala ere berdintsu jokatzen ari dela salatu dute: «Udalak berak adierazi du etxebizitza horretan ezin dela bizi, eta familia horrek etxebizitza horretan bizi behar du, istripua izateko arriskua izanik». Hori ez ezik, eragileek gizarte zerbitzuen «arduragabekeria» ere kritikatu dute.