Berreagako tontorra txiki geratu zen igande goizean Ehun Mendietako Anaidiaren Egunean bildutako mendizale guztiak hartzeko. Hirurehun lagun inguru elkartu ziren Derion (Bizkaia), ibilaldiaren abiapuntu eta helmugan, mendiaz eta ospakizunaz elkarrekin gozatzeko, mendian ibiltzeko eguraldi bikaina zutela.
Mendizaleak Derioko udal frontoiaren kanpoaldetik abiatu ziren, eta Berreagara igo (363 m), Untza mendi taldeak prestatutako ibilbideari jarraituz. Joseba Undurraga ermandadearen anaia nagusia, Rosa Perez zuzendaritzako kidea eta Ibon Beaskoetxea Bizkaiko Mendizale Federazioko bidezidor teknikaria aritu ziren Untza taldearekin elkarlanean eguna prestatzen. Txangoa bukatu eta abiapuntura itzuli ondoren, anaidiko kide berriei ongietorria egin zitzaien, eta diplomak eta aitortzak banatu.
Aurtengo ekitaldian, Ehun Mendien Lehiaketaren 130 aitortza eman dituzte. Saridunetatik 63 ehun mendien bilduma lehen aldiz amaitu duten mendizaleak izan dira; aurten ermandadean sartu direnak, alegia. Beste 67ak, berriz, lehiaketa behin baino gehiagotan osatu duten mendizaleak izan dira, ehun mendiko bildumak batzen jarraitzen dutenak. Bost lagunek, gainera, ehun mendiko aitortza bereziaren diploma jaso zuten.
600 Gailurrak, ibilbide oso baten aitortza
Aurtengo hitzorduak esanahi berezia izan du, EMFren 600 Gailurrak sariak banatu baitira. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebaluazio batzordeak erabaki du 32 hautagaitzak merezi izan dutela aitortza hori. Sariak iraunkortasunari, mendizaletasunari eta mendien bidez Euskal Herria ezagutzeko gogoari ematen dio balioa.
600 Gailurrak sariak Euskal Herriko Mendien Katalogoaren 2018ko edizioan jasotako 597 gailurrak hartzen ditu erreferentziatzat, baita euskal toponimia duten beste hiru gailur hauek ere: Auñamendi, Gurdieta eta Kanbilu. Hautagaitza bakoitzaren atzean mendiari lotutako bizimodu eta ibilbide sendo bat dago, EMFren azken kanpainaren leloarekin bat datorrena: Natura da gure aukera.
«Mendizale askorentzat, Ehun Mendietako Lehiaketa bizimodu bihurtu da, eta kide berriak batzen direla eta beste batzuek bilduma gehiago osatzen dituztela ikusteak egiaztatzen du egitasmoa oso erakargarria dela oraindik»
RICARDO HERNANI EMFko presidentea
Ekitaldian, EMFko presidente Ricardo Hernanik tradizio honen jarraipena eta lehiaketaren hurrengo urratsak nabarmendu zituen: «Topaketa honek bizirik mantentzen du euskal mendizaletasun antolatuaren hastapenekiko lotura; 1914ko iraileko gau batean mendiko lehiaketa bat abian jartzeko Ganekogortara igo ziren Bilboko Club Deportivoko mendizale haiekiko lotura, hain zuzen. Mende bat baino gehiago igaro ondoren, ibiltzeko, elkarrekin gozatzeko eta herria ezagutzeko gogo beraz biltzen gara. Mendizale askorentzat, Ehun Mendietako Lehiaketa bizimodu bihurtu da, eta kide berriak batzen direla eta beste batzuek bilduma gehiago osatzen dituztela ikusteak egiaztatzen du egitasmoa oso erakargarria dela oraindik».
Euskal Herriko mendien ezagutzan sakontzeko urratsak egiten jarraitzen dutela jakinarazi zuen Hernanik. «Katalogoak edizio berria izango du laster, eta 600 Gailurrak sariak lehiaketa gisa izango du jarraipena, katalogo horretan jasoko diren Euskal Herriko seiehun gailurrekin. Ibilbide oso bati egindako aitortza hau gure herriko mendiak eta bazterrak ezagutzen jarraitzeko gonbidapena ere izatea nahi dugu».
Diplomak eta opariak banatu ondoren, belaunaldien arteko topaketak aurrera jarraitu zuen. Tarte horretan, dozenaka mendizale hurbildu ziren EMF Mendiak aplikazioaren lehen erronka ofiziala osatu dutenei Laboral Kutxak emandako saria jasotzera. Guztira 150 lagunek baino gehiagok parte hartu dute lehen edizioan.