Ezaguna da gure mendi tontorretako postontzietan gure igoeren lekukotza uztea, norberaren mendi taldeko txarteltxoaren bidez, normalean. Gero, mendi horretara hurrena igotzen denak txarteltxo hori jaso eta berretsi egiten du aurrekoaren igoera, Ehun Mendien Lehiaketarako baliozkoa izan dadin. Bada, hemendik aurrera, prozesu hori modu digitalean ere egin ahal izango da, EMF Mendiak aplikazioaren bidez. «Iragana, tradizioa eta egungo mundu digitala lotuko dituen tresna bat da», Gorka Garzon EMFko komunikazio arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak nabarmendu duenez.
Lankidetza baten emaitza da EMF Mendiak. Aurrez hamar urteko ibilbidea egina zuen Codesyntax enpresak garatutako Mendiak aplikazioarekin indarrak batu ditu orain Euskal Mendizale Federazioak, eta EMFren «aplikazio ofizial berria» bihurtu du. Horrenbestez, lehen Mendiak zena EMF Mendiak da orain. Proiektua garatzeko ezinbesteko laguntza, berriz, Laboral Kutxak eman du. Egitasmoaren hiru bultzatzaileek gaur aurkeztu dute aplikazioa, Donostian.
Euskal Mendizale Federazioa digitalizazio prozesu bete-betean dago, eta, bide horretan, tresna hau egokitzea ez dela lan erraza izan jakinarazi du Garzonek: «Mende bateko tradizio hori errespetatuko zuen tresna bat behar genuen, baina, aldi berean, gaur egun mendia bizitzeko eta gure igoerak erregistratzeko dugun modura egokitua. Horren emaitza da EMF Mendiak aplikazio ofizial berria». Hala, app berria EMFko mendizale federatuen datu basearekin loturik egongo da, eta federatuek aplikazioarekin lotu dezakete beren lizentzia, eta modu digitalean parte har dezakete lehiaketa ofizialetan.
«Euskal Herriko mendien eta mendizaleen aplikazioa da», sustatzaileek azpimarratu dutenez. Osotara, 3.000 mendi baino gehiagoren informazioa jasoa dago —gailurren kokapena, fitxak, altimetria, mapa interaktiboak, katalogoko ofizialak, eta abar—, eta aukera dago igotako mendiak markatu, gorde eta partekatzeko. Hala, aplikazioak mendizalearen ibileren historiko osoa gordetzen du, eta estatistikak bistaratzeko aukera ematen du: zenbat menditara igo den, zeinetara igo den gehien, zein herrialdetan igo duen mendi gehien...
«Mende bateko tradizio hori errespetatuko zuen tresna bat behar genuen, baina, aldi berean, gaur egun mendia bizitzeko eta gure igoerak erregistratzeko dugun modura egokitua»
GORKA GARZON EMFko komunikazio arduraduna eta proiektuaren koordinatzailea
Asier Sarasuak, Codesyntax enpresako ordezkariak, eskerrak eman dizkie EMFri eta Laboral Kutxari, «lehendik ere martxan zegoen proiektu honetan sinestearren, eta bide berri honetan bidelagun izatearren». Aplikazioa sortu zutenean helburu nagusi horixe zutela nabarmendu du Sarasuak: «Mendi igoerak erregistratzeko aukera ematea, mendien oinarrizko katalogo bat eskaintzea, erronka batzuk gehitzea, mendizaletasuna sustatzea eta mendiaren inguruan komunitate bat sortzea». Hala, Ehun Mendien Lehiaketak daukan filosofiarekin lotu zuten tresna, lehiaketa horren xedea Euskal Herriko mendiak, eskualdeak, haranak ezagutzea baita.
Sistemaren funtzionamendua
Aplikazioak inguruan dituen mendien mapa erakutsiko dio mendizaleari: zer tontor dauden, zein diren ehun mendien lehiaketako ofizialak... «Mendiak iragazteko aukera ere emango dio, balorazioaren arabera, gertutasunaren arabera, altueraren arabera... Edo ikusi egin dezake zein falta dituen igotzeko». Behin gailurrean, mendizaleak erregistratu egin dezake igoera, baina horretarako nahitaez aktibatuta eduki behar du sakelakoaren GPSa, eta argazkia edo bere balorazioa ere gehitu ahal izango ditu. «GPSarena garrantzitsua da, guk horrekin detektatzen dugu-eta ea pertsona hori benetan adierazitako tontorrean dagoen ala ez», argitu du Sarasuak. Hurrena gailur horretara igotzen den mendizaleak, berriz, bere igoera erregistratzen duenean, aurrez nor igo den bistaratuko du aplikazioan, eta balioztatu egingo du aurrekoaren igoera. Era horretara, igoerak «balio ofiziala» izango du Ehun Mendien Anaidian.
«Sakelakoaren GPSa aktibatua izatea garrantzitsua da, guk horrekin detektatzen dugu-eta ea pertsona hori benetan adierazitako tontorrean dagoen ala ez»
ASIER SARASUA Codesyntaxeko kidea
Aplikazioak ez du postontzien sistema tradizionala kenduko: osatu egingo du. «Erabiltzaile berrientzat lagungarria izan daitekeela uste dugu», azaldu dute Sarasuak eta Garzonek.
Berez, EMFren aplikazioa izan arren, Euskal Herri osoko mendizaleek izango dute aukera aplikazioa erabiltzeko. «Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrarekin elkarlanean, sarbide sistema bat ezarriko dugu Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendizale federatuek ere mendi lehiaketetan modu ofizialean parte hartu ahal izan dezaten», zehaztu du Garzonek.
Laboral Kutxaren izenean, aurkezpenean izan dira Alvaro Parro eta Kepa Ortiz de Urbina. Parrok eskerrak eman dizkie EMFri eta Codesyntaxi proiektu honetan parte hartzeko aukera emateagatik. «Gure konpromiso sozialaren erakusle da aplikazio hau, guretzat oso garrantzitsuak diren balioak lotzen baitira: jasangarritasuna, euskara, berrikuntza...». Epe ertaineko akordioa izango dela ere jakinarazi du, etorkizunean aplikazioa garatu eta eguneratu ahal izateko.
«Gure konpromiso sozialaren erakusle da proiektu hau, guretzat oso garrantzitsuak diren balioak lotzen baitira: jasangarritasuna, euskara, berrikuntza...»
ALVARO PARRO Laboral Kutxako ordezkaria
Ehun Mendien Lehiaketaz gain, etorkizunera begira beste egitasmo batzuk ere martxan jartzeko asmoa dutela azaldu dute aplikazioaren sustatzaileek; esaterako, 600 Mendien Erronka, Euskal Herriko gailurren katalogo berrian oinarritua, edo familia izaerako ehun mendien lehiaketa bat, mendi igoera errazen bidez 14 urtetik beherako txikiak mendizaletzeko. Abuztuan, berriz, Laboral Kutxa erronka jarriko dute martxan, federatuentzat. Igotako tontorren lehen hizkiekin Laboral hitza osatzen dutenek mendiarekin lotura duen opari bat jasoko dute. Partaideek azaroaren 1era arte izango dute aukera igoerak erregistratzeko.