Hondakin organikoekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den gasaren %1,2 ekoitziko dute Bilbon

Irail bukaeran hasiko da Metabarri biometanizazio planta lanean. Asmoa da urtean 50.000 kilo hondakin organikorekin biometanoa egitea. Ondoren, digestatuarekin, Bizkaiko Konpostegiak konposta egingo du.

Agintariak Metabarri ezagutzen, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Agintariak Metabarri ezagutzen, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko irailaren 21a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko etxe, negozio eta enpresetan sortzen diren hondakin organikoekin biometanoa sortu, eta etxe, negozio eta enpresei gasa hornitzen dien sarera sartu. Hori da Metabarri plantaren egitekoa. Irail bukaeran hasiko da lehen hondakinak jasotzen. Funtzionamendu betean egongo denean, 12.700 etxek kontsumitzen duten gasa sortzeko gaitasuna izango du. Hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur egun kontsumitzen den gasaren %1,2. Garbiker Bizkaiko foru sozietatea, Energiaren Euskal Erakundea eta PreZero enpresa pribatua dira jabeak. Bilbon dago, Artigasko Ekoparkean. Azpiegitura eraikitzeko 25 milioi euroren inbertsioa egin dute; hamazazpi milioi Europako Next Generation funtsetik jaso dituzte. Gaur inauguratu dute.

Azken datuen arabera, edukiontzi marroiei esker, Bizkaian 13.000 tona hondakin organiko biltzen dituzte urtean. Astigasen bertan dagoen Bizkaiko Konpostegira joaten dira, eta baita herrialdean dauden eskualdeko hiru konpost zentro txikietara ere. Diputazioaren helburua da 2030ean 59.000 tona biltzea, Europako Batasunak ezarritako muga gaindituta. Metabarrik 50.000 tratatzeko gaitasuna luke, eta gainontzekoak eskualdeetako konpost zentroetara joango lirateke.

Metabarrira ailegatuko zaizkien hondakinak lehenengo ondo sailkatuko dituzte, oraindik ere edukiontzi marroian biltzen denaren %5 ez delako organikoa. Ondoren, edukiontzi handi batzuetan sartuko dute, eta, deskonposizio prozesu baten ondoren, biogasa eta digestatua izeneko hondakin materiala lortuko dituzte. Biogasari karbono dioxidoa kendu eta biometano bihurtuko dute, gas hornidurako sarera txertatzeko. Luze gabe nahi lukete karbono dioxido horri ere erabileraren bat topatu.

Digestatua Bizkaiko Konpostegira eroango dute, konposta egiteko prozesua osatzeko, baina, Metabarrin egindako lanari esker, denbora gutxiago beharko dute. Ondorioz, Bizkaiko Konpostegiak urtean ekoitzi dezakeen konpost kopurua bikoiztu egingo da. Laster hasiko dira han ere funtzionamendu berrirako egokitze lanak egiten.

Arduradunen helburua da ahalik era lasterren hastea gaitasun osoan lanean; beraz, hasieran Bizkaiko edukiontzi marroietan batutakoaz gain, beste materia organiko batzuk ere erabili beharko dituzte. Hala ere, argitu dute asmoa dela posible denean soilik Bizkaian sortutako organikoarekin lan egitea.

Bizkaia, «erreferentea»

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, Metabarrik «oso ondo» irudikatzen du zelako Bizkaia eraiki gura duen diputazioak: «Bere hondakinak konposta bezalako baliabide bihurtzen dituen, energia berriztagarria sortzen duen eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzen dien lurraldea». Erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana goraipatu du Etxanobek. Oraingoan, PreZero aukeratu dute bidelagun, lehiaketa publiko baten bitartez. Enpresako Negozio Garapeneko zuzendari Borja Martinen esanetan, Bizkaia «erreferentea» da Europan «ingurumen politiketan», eta, horregatik, «harro» agertu da proiektuan parte hartzeko aukera izan dutelako. 

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Mikel Amundarainek azpimarratu du «ezinbestekoa» dela energia arloan autonomia lortzeko pausoak ematea, egoera geopolitikoa «ezegonkorra» delako, baina, batez ere, «iraunkorragoak eta lehiakorragoak» izateko. Metabarrik horretarako aukera ematen duela adierazi du, eta baita ingurumen arloko erronkei erantzutekoa ere: «Enpresen arloan elektrifikazioa beti ez da deskarbonizaziorako aukera baliagarria izango, eta beste baliabide batzuk aprobetxatu behar ditugu; adibidez, hidrogeno berdea eta kasu honetan biometanoa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA