Datorren urteko maiatzaren 23an egingo dira udal eta foru hauteskundeak, eta alderdiak jada hasiak dira hautagaiak aurkezten. EH Bilduren Bizkaiko Mahai Politikoak Iker Casanova Alonso proposatu du Bizkaiko ahaldun nagusi izateko.
2023ko bozetan ere Casanova izan zen koalizio abertzalearen Bizkaiko ahaldungai nagusi. «Lortutako emaitza historikoen» ondorioz, bide beretik segitzea erabaki du EH Bilduk. Hamar eserleku zituzten orduan, eta hamabost lortu zituzten, botoen %25 eskuratuta; lau urte lehenago baino 6,2 puntu gehiago. EAJk irabazi zituen hauteskundeak, baina bi eserleku galdu zituen 2019ko hauteskundeekin alderatuz, eta 23rekin geratu zen.
Bizkaian koalizioak ez dauka Gipuzkoan duen nagusitasuna, baina gora doa azken hauteskundeetan, eta adierazi dutenez, frogatu nahi dute EH Bilduk Bizkaian ez daukala zabaltzeko mugarik. EH Bilduk ziurtatu du Casanova dela «ezkerreko subiranismoaren lemazainik egokiena». Bizkaiaren «etorkizuna eta oparotasuna» ez ezik, lurralde horretan lan egiten duten herritarren «ongizatea» bermatuko duen proiektua aurkeztu nahi dute. Casanova da koalizioak proposatu duen lehen hautagaia foru bozetarako.
Casanovak X sare sozialean adierazi duenez, eskertu du koalizio subiranistak beraregan jarritako konfiantza. Gaineratu du «Bizkaia hobe baten alde» egingo duela, eta eskertu du «bizkaitarren beharrei erantzuteko lanean jarraitzeko aukera» eman izana.
Iker Casanova Barakaldon (Bizkaia) jaio zen 1972an, eta gaztetatik aritu da politikan. 2003an Bilbon atxilotu zuten beste hainbat euskal ekintzaile eta abertzalerekin batera, 18/98 makrosumarioaren pean, Ekin taldeko zuzendaritzaren parte izatea egotzita. 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion. 2014an Eusko Legebiltzarrean sartu zen legebiltzarkide, Laura Mintegi koaliziokidearen ordez; eta 2016ko ta 2020ko hauteskundeetan ere hautatu zuten EH Bilduren Bizkaiko zerrendako ordezkari gisa. Hain zuzen, Diana Urreak ordezkatu zuen 2023an legebiltzarrean, koalizioak Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko proposatu ostean.
Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, koalizioak hautagaitzaren prozesuan jarraitzen du, eta datozen egunetan emango dute izen horien berri. Lurralde guztietan, koalizioko militanteek onetsi beharko dituzte zerrendaburu izateko hautagaiak.