Datorren urteko maiatzaren 23an egingo dira udal eta foru hauteskundeak, eta alderdiak jada hasiak dira hautagaiak aurkezten. EH Bilduren Bizkaiko Mahai Politikoak Iker Casanova Alonso proposatu du Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko.
2023ko bozetan ere Casanova izan zen koalizio abertzalearen Bizkaiko ahaldungai nagusi. «Lortutako emaitza historikoen» ondorioz, bide beretik segitzea erabaki du EH Bilduk. Adierazi dutenez, frogatu nahi dute EH Bilduk Bizkaian ez daukala zabaltzeko mugarik. Lurralde horretan koalizioak ez dauka Gipuzkoan duen nagusitasuna, baina gora doa azken hauteskundeetan.
EH Bilduk ziurtatu du Casanova dela «ezkerreko subiranismoaren lemazainik egokiena». Bizkaiaren «etorkizuna eta oparotasuna» ez ezik, lurralde horretan lan egiten duten herritarren «ongizatea» bermatuko duen proiektua aurkeztu nahi dute. Casanova da koalizioak aurkeztu duen lehen hautagaia foru bozetarako. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, koalizioak hautagaitzaren prozesuan jarraitzen du.