Azaroaren 25era begira, Bizkaiko Foru Aldundiak «gizonak gizonei berbetan» ipini gura ditu. «Gizon gehienak berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka daude; horrela sentitzen dute eta horrela bizi dira. Baina gehiengo isila dira, eta isiltasun horrek min egiten du, nahi gabe bada ere jarrera onartezinak balioesten dituelako», adierazi du Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak. Gizonok indarkeria matxistari ez lelopean, indarkeria matxistaren aurka posizionatzeko eskatuko dien kanpaina abiatu dute.
Laespadak nabarmendu duenez, andreek aspaldi hartu zuten beren eskubideen inguruko kontzientzia, eta, ondorioz, bidegabekeriak eta indarkeria salatzen dituzte. «Orain gizonezkoen txanda da», ohartarazi du. Lehen pausoa emateko, bederatzi gizon ezagun gonbidatu dituzte, gainontzekoen «eredu» izateko: Kepa Junkera trikitilaria, Dani Vivian futbolaria, Betto Snay musikaria, Tryggvi Hlinason saskibaloi jokalaria, Mikel Santiago idazlea, Ramon Barea aktorea, Carlos Sobera aurkezlea, Dani Alvarez kazetaria eta Guillermo Buces Cebek Bizkaiko patronaleko presidentea. «Ez da gizonezkoei begira egiten dugun halako lehen kanpaina, baina bai gizonezkoak izen-abizenekin posizionatzen diren lehen aldia», nabarmendu du diputatuak.
Iruditzen zaio bereziki eredugarri izan daitezkeela gizon gazteentzat eta mutil nerabeentzat. Izan ere, kezka agertu du bereziki gazteen artean «espero gabeko» indarkeria ikusten ari direlako. «Adituen arabera, sare sozialekin eta pornografiaren kontsumoarekin egon daiteke lotuta. Sexualitateari lotutako lehen pausoak indarkeria ageri duen pornografiaren eskutik ematen dituzte, eta Instagramen, Tik Token eta bestelakoetan agertzen zaizkien eredu batzuk ez dira batere egokiak».
38Zenbat emakume hil dituzten Bizkaian 2004tik. 2004an indarkeria matxistaren biktimak zenbatzen hasi zirenetik, Bizkaian 38 andre hil dituzte, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak adierazi duenez. Azkena iazko urte bukaeran hil zuen haren lankide batek, Barakaldon.
Hala ere, indarkeria matxistaren datuek okerrera egin dute, eta ez soilik gazteen jokabideagatik. Iaz, Bizkaian 3.595 andre joan ziren polizia etxeren batera salaketa jartzera. Duela hamar urte baino %29,5 gehiago dira, eta duela hogei urte baino %62,7 gehiago. Aurten ere nabarmentzekoa da gorakada: urtarriletik irailera 3.044 izan ziren, iazko epe berean baino %11,75 gehiago. Laespadaren ustez, faktore bik azaltzen dute igoera hori. Batetik, azken urteetan egindako sentsibilizazio lanari esker arazoari ikusgaitasuna eman zaio, eta, bestetik, andreek kontzientzia hartu dute eta gehiago salatzen dute.
Diputazioak biktimei laguntzeko dauzkan zerbitzuak gogora ekartzeko ere aprobetxatu du diputatuak agerraldia. Bestetik, sexu erasoa sufritu dutenei arreta emateko krisi zentroa dago, 24 orduz zabalik egoten dena. Bilboko Ledesma kalean du egoitza, eta 900-84 09 77 telefono zenbakiaren bidez jar daiteke haiekin harremanetan. Bestetik, indarkeria matxistaren biktimei arreta zerbitzu publikoen sarean sartzen laguntzen die Ate Moreak. Bilboko Manuel Allende kaleko 10. zenbakian du egoitza;erabiltzaileak Atemorea.org webgunearen, 688-881 353 telefono zenbakiaren eta atemorea@bizkaia.eus helbide elektronikoaren bidez jar daitezke harekin harremanetan.

