Kultur politiketan etorkizuneko erronkei nola erantzun aztertuko dute Bilbon azaroaren 5ean eta 6an. Eusko Jaurlaritzak Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa antolatu du horretarako Guggenheim museoan, eta kulturaren behaketak eta ezagutzak politika publikoak diseinatzeko orduan duten funtzioa hartuko dute hizpide. Kulturaren Euskal Behatokia sortu zeneko 20. urteurrenarekin bat egingo du topaketak.
Behatu, ulertu, proiektatu lelopean, hainbat herrialdetako arduradun publikoak, ikertzaileak, kultur esparruko profesionalak eta erakundeetako ordezkariak elkartuko dira. Bi egunez, besteak beste, kultura behatokien egitekoa, hala adimen artifizialak nola datuen analisiak ekarri dituzten aldaketak, eta kulturak gizartean duen balio publikoa izango dituzte aztergai.
Foroaren lehen eguna kultura behaketaren eginkizunari eskainiko diote. Behatokiak politika publikoetarako «azpiegitura estrategiko» gisa ulertuta, aztergai izango dituzte halakoek informazioa ezagutza bihurtzeko duten ahalmena eta erabaki politikoak hartzeko eskaintzen dituzten tresnak. Arratsaldean, berriz, adimen artifizialaren eta analisi eredu berrien inguruan eztabaidatuko dute, teknologia berriek metodologian eta ikerketaren dimentsio etikoan dituzten ondorioak aintzat hartuta.
Egun horretan bertan, Kulturaren Euskal Behatokiaren bi hamarkadako ibilbideari buruzko mahai ingurua ere egingo dute, Esperientziatik prospektibara: Kulturaren Euskal Behatokiaren 20 urte izenburupean. 2005ean sortu zen, eta, ordutik, euskal kulturaren egoerari buruzko informazioa biltzea eta aztertzea izan da behatokiaren egiteko nagusia, baita ezagutza hori kultura politiken diseinuan eta ebaluazioan baliatzeko tresnak garatzea ere.
Azaroaren 6ko egitarauaren ardatz nagusiak, berriz, kulturaren balio publikoa eta kultura eskubideak izango dira. Kulturak gizarte kohesioan, inklusioan, demokrazian eta lurralde garapenean duen zeregina izango dute hizpide, besteak beste. Kultur politiken eragina neurtzeko eta ebaluatzeko moduez ere eztabaidatuko dute.
Nazioarteko adituak
Euskal Herriko eta nazioarteko aditu ugari bilduko ditu foroak. Besteak beste, Pierluigi Sacco ekonomialaria eta ELGAko aholkulari nagusia, Luca Dal Pozzolo Fitzcarraldo fundazioaren sortzaileetakoa, eta Jordi Balta Unescoren Sormenerako politikak bir/pentsatzea argitalpenaren editore nagusia izango dira Bilbon. Euskal kulturaren alorreko hainbat ordezkarik ere parte hartuko dute, tartean Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak.
Halaber, Jesus Prieto de Pedro Kultura Eskubideen Andres Bello Katedraren titularrak eta Marta Peirano teknologian eta botere harremanetan espezializatutako analista eta idazleak parte hartuko dute. Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Kataluniako Generalitateko zenbait ordezkarik ere hitz egingo dute.
Kulturaren sektoreko profesionalentzat ez ezik, politika publikoen arduradunentzat, ikertzaileentzat, kultura kudeatzaileentzat eta kulturaren inguruko enpresa eta erakundeentzat ere bada foroa. Izena emateko epea zabalik dago, eta lekuak mugatuak dira. Eusko Jaurlaritzaren webgunean eskuratu daitezke programa eta izena emateko formularioa.