Kultur politikez hausnartuko dute hainbat adituk Bilboko Guggenheim museoan, azaroaren 5ean eta 6an

Eusko Jaurlaritzak Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa antolatu du. Bi egunez, hainbat herrialdetako arduradun publikoak, ikertzaileak, kultur esparruko profesionalak eta erakundeetako ordezkariak elkartuko dira Bilbon.

Miren Arzalluz, Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak jardunaldietan parte hartuko du. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
edurne begiristain
2026ko urriaren 6a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kultur politiketatik etorkizuneko erronkei nola erantzun aztertuko dute Bilbon, azaroaren 5ean eta 6an. Eusko Jaurlaritzak Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa antolatu du horretarako Guggenheim museoan, eta kulturaren behaketak eta ezagutzak politika publikoak diseinatzeko duten zeregina hartuko dute hizpide. Kulturaren Euskal Behatokiaren sorreraren 20. urteurrenarekin bat egingo du topaketak.

Behatu, ulertu, proiektatu lelopean, hainbat herrialdetako arduradun publikoak, ikertzaileak, kultur esparruko profesionalak eta erakundeetako ordezkariak elkartuko dira. Bi egunetan zehar, besteak beste, kultura behatokien egitekoa, adimen artifizialak zein datuen analisiak ekarri dituzten aldaketak eta kulturak gizartean duen balio publikoa izango dituzte aztergai.

Foroaren lehen eguna kultura behaketaren eginkizunari eskainiko diote. Behatokiak politika publikoetarako «azpiegitura estrategiko» gisa ulertuta, informazioa ezagutza bihurtzeko duten ahalmena eta erabaki politikoak hartzeko eskaintzen dituzten tresnak aztertuko dituzte. Arratsaldean, berriz, adimen artifizialaren eta analisi eredu berrien inguruan eztabaidatuko dute, teknologia berriek metodologian eta ikerketaren dimentsio etikoan dituzten ondorioak aintzat hartuta.

Egun horretan bertan, Kulturaren Euskal Behatokiaren bi hamarkadako ibilbideari buruzko mahai ingurua ere egingo dute, Esperientziatik prospektibara: Kulturaren Euskal Behatokiaren 20 urte izenburupean. 2005ean sortu zenetik, behatokiaren egiteko nagusia izan da euskal kulturaren egoerari buruzko informazioa biltzea eta aztertzea, baita ezagutza hori kultura politiken diseinuan eta ebaluazioan baliatzeko tresnak garatzea ere.

Azaroaren 6ko egitarauaren ardatz nagusiak, berriz, kulturaren balio publikoa eta kultura eskubideak izango dira. Kulturak gizarte kohesioan, inklusioan, demokrazian eta lurralde garapenean duen zeregina izango dute hizpide, besteak beste. Kultur politiken eragina neurtzeko eta ebaluatzeko moduak ere eztabaidatuko dituzte.

Nazioarteko adituak

Euskal Herriko eta nazioarteko aditu ugari bilduko ditu foroak. Besteak beste, Pierluigi Sacco ekonomialaria eta ELGAko aholkulari nagusia, Luca Dal Pozzolo Fitzcarraldo Fundazioaren sortzaileetako bat eta Jordi Balta Unescoren Sormenerako politikak bir / pentsatzea argitalpenaren editore nagusia izango dira Bilbon. Euskal kulturaren alorreko hainbat ordezkarik ere parte hartuko dute, tartean Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak.

Halaber, Jesus Prieto de Pedro Kultura Eskubideen Andres Bello Katedraren titularrak, eta Marta Peirano teknologian eta botere harremanetan espezializatutako analista eta idazleak hartuko dute parte. Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Kataluniako Generalitateko zenbait ordezkarik ere hitz egingo dute.

Kulturaren sektoreko profesionalei ez ezik, politika publikoen arduradunei, ikertzaileei, kultura kudeatzaileei eta kulturaren inguruko enpresa eta erakundeei ere zuzenduta dago foroa. Izena emateko epea zabalik dago, eta plazak mugatuak dira. Eusko Jaurlaritzaren webgunean eskura daitezke programa eta izena emateko formularioa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA