Autobusak garbitzeko makinak «ustel usaina duten lurrun hodeiak» isurtzen ditu. Hala deskribatu du Bilbobuseko langile batek ibilgailuak garbitzeko erabiltzen diren garajeetako egoera. Horiek horrela, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzara jo dute zenbait langilek, eta enpresaren aurka salaketa bat jarri dute. Atzo aurkeztu zuten. Salaketa horretan esan dute makinaren ura kutsaturik dagoen susmoa dutela, eta susmo horien berri izan arren enpresak ez duela «neurri eraginkorrik» hartu. Hori dela eta, ikuskaritzari eskatu diote ura analizatu dezala patogenoen bila.
Bilbobuseko langile bat BERRIArekin jarri da harremanetan nola dauden azaltzeko, eta ohartarazi du litekeena dela langileen osasuna arriskuan egotea: «Baita Bilboko herritarrena ere». Izan ere, susmoa dute ur geldi hori legionellaren bakterioarekin kutsatuta dagoela. Izenik eman gabe eman nahi izan du bere lekukotasuna.
Langilearen aburuz, Bilboko Hiribus Jasangarria enpresak —Bilbobus darama, eta Alsa enpresaren mendekoa da— arau hauste «oso larria» egin du. Azaldu duenez, arrisku horren berri izanda ere, enpresak makina horiek erabiltzera «behartzen» ditu gaueko txandako langileak: «Ohartarazpenen aurrean ez ikusiarena egin dute, eta langileen osasuna arriskuan jarri dute, ura kutsaturik dagoen susmoak egon arren». Enpresaren jarrera hori gaitzetsi du.
Bilboko Udaleko Mugikortasun Sailak, bestalde, BERRIAri jakinarazi dio enpresak esku hartu duela eta ja konponduta dagoela arazoa. Bilboko Hiribus Jasangarria enpresarekin ere harremanetan jartzen saiatu da egunkaria hau, baina ez du erantzunik jaso.

Bilbobuseko autobusak garbitzeko makina. LANGILE BATEK UTZITA
Salaketaren berri eman duen langilearen arabera, egoera «jasanezina» da: «Garbiketa tunelak isurtzen dituen gasek arnasbideak eta begiak narritatzen dituzte». Hori dela eta, langile talde batek enpresari eskatu dio uraren inguruko azterketa bat egin dezala, baina salatu du ez dizkietela eman «derrigorrezkoa den analitika mikrobiologikoaren emaitzak». Are gehiago, esan dute langile batzordeak emaitza horiek eskatu zituela baina enpresak ez zizkiela entregatu.
Gauzak horrela, ur horretan patogenorik ez dagoela adierazten duen frogarik izan arte, garbiketarako makina horretako jarduna eteteko eskatu dute langileek. Bestetik, laneko ikuskatzailetzari eskatu diote instalazioetara bertaratzeko egoera aztertu dezan.
«Erabat erabilgarri»
Langileek kontatu dutenez, enpresak, kexen harira, zenbait neurri jarri zituen martxan, eta behin horiek egindakoan instalazioa «erabat erabilgarria» zela ondorioztatu zuen. Zenbait langile, ordea, ez daude ados. Egoera «pixka bat hobetu» dela onartzen duten arren, usainak bere horretan jarraitzen duela azaldu dute, eta horregatik eskatu dute lan ikuskaritzaren aurrean emaitza biologiko-kimikoak ikusteko.
Gainera, legionellari aurre egiteko 487/2022 Errege Dekretuak ezartzen duenari jaramon eginez, instalazio osoa desinfektatzeko eskatu dute.