«Bizi garen garaiotan dantzatzea ezin da ihes egiteko modu bat izan». Horixe adierazi du Beatriz Txurrukak. Dantzaldiaren zuzendarietako bat da bera, eta, dioenez, «begiak zabal-zabalik» dituztela dantzatuko dute horregatik aurtengo Bilbo-Bizkaia Nazioarteko Dantza Jaialdiaren 27. aldian. Hori uste baitute antolatzaileek: dantza «mundua begiratzeko, pentsamendua aktibatzeko eta inguratzen gaituenaz jabetzeko modu bat» izan daitekeela. Jaialdia gaur hasiko da Carmen Fumero konpainia kanariarraren A ojo piezarekin. Bilboko Rekalde aretoan egingo dute, 19:00etan, eta zaleek halako beste hamaika piezaz gozatu ahal izango dute abenduaren 15era bitarte. Gainera, antolatzaileek dantza garaikidea «irisgarria eta eskuragarria» izan dadin nahi dute, eta, beraz, sarbide libreko jarduerak dira antolaturiko asko; besteek, berriz, prezio murriztua dute. Esan dutenez, ez dago, «inola ere», hamabost eurotik gorako prezioa duen emanaldirik.
Egitarauaren xehetasunak dantzaldia.org webgunean argitaratuko dituzte.
Bigarren hitzordua urriaren 3an ezarri dute: Portugaleko Magda & Miguel F-ren Não tenho terra nos sapatos (Ez daukat lurrik oinetakoetan) ikuskizuna egingo dute Bilboko La Fundicion aretoan. Lehenengoz izango da lana Euskal Herrian. Emanaldiak egungo kontraesanei erreparatzen die, eta, zehaztu dutenez, besteak beste honako gai hauek lantzen ditu: hedabideen manipulazioa, adimen artifiziala, pribatutasunaren galera, eta kapitalismo «ultrazelatari» eta teknologikoa. Horretarako, dantza, performancea, arte bisuala eta beste uztartuko dituzte. Eta, horrez gainera, Euskal Herrian estreinakoz egingo dute Impostor emanaldia ere, Thomas Noone Dance konpainia katalan-britainiarraren pieza. Txurrukaren aburuz, «norberaren beldurrei eta guztiok dugun alde ilunari aurre eginarazten dio» lanak. Urriaren 24an egingo dute hori, Barakaldo antzokian (Bizkaia).
Efemeride bat ere ospatuko dute: La Intrusa euskal dantza garaikidea sustatzen duen konpainiaren 30. urteurrena. Konpainiak Este himno llevará la palabra euforia emanaldia estreinatu berri du 30 urteko ibilbideari erreparatzeko, eta horixe bera egingo dute Dantzaldian. Azkuna Zentroan egingo dute saioa, azaroaren 5ean. Txurrukak emanaldiak iradokitzen duen kolektibotasunari eman dio garrantzia: «Elkarri eustearen balioa azpimarratzeko kantu kolektibo bat da».
Dantza eta zinema
Joan Porcelen La carn filmak Lluis Garau dantzaria du protagonista. Zehazki, sare birtualaren eta mundu errealaren artean egiten du dantza, «konektatzeko beharrari buruzko hausnarketa» bat eginez. Bada, Donostiako Zinemaldian Made in Spain sailean hartu du parte, eta zinema aretoetan estreinatu baino lehen, azaroaren 12an ikusi ahal izango da Dantzaldian, Bilboko Multicines 7 aretoan. Filmak aurtengo Malagako Zinemaldian bi Zilarrezko Biznaga lortu zituen Zonazine atalean: Espainiako Film Onenagatik, eta Gizonezko Interpretazio Onenagatik.
Eta bestelako ekintzak ere antolatu dituzte, Dantzaldiaren jardueretara bertaratzen direnek emanaldiak ikusteaz gainera parte ere hartu ahal izan dezaten. Esaterako, Marco Flores dantzariak eskola magistral bat emango du Andoni Aresti Landa Dantza Eskolan, azaroaren 14an. Bezperan, Floresen Cante, guitarra y baile emanaldia antolatu dute Guggenheim Museoan; estreinakoz egingo du Euskal Herrian. Eta taldean dantzatzeko aukera ere egongo da: abenduaren 10ean Laberintos: Arquitectura humana en movimiento tailerra emango dute Sonia Shivalak, Natxo Morenok eta Eva Ruiz de Eginok. Edonorentzat dago zabalik, eta helburua koreografia kolektibo bat sortzea izango da, «eguneroko mugimenduetatik» abiatuta. Prozesua amaitzeko, jendaurrean erakutsiko dute, Bizkaia aretoan.