Palestinaren alde egiteagatik Bizkaian gutxienez 24 isun jaso dituztela salatu dute

Palestinarekin Elkartasuna, BDZ, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bilbo-Palestina eta Global Sumud Flotilla taldeek elkarretaratzea egin dute Bilbon. Palestinaren aldeko protesten kontra ‘mozal legea’ erabiltzea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari.

Palestinaren alde egiteagatik jasotako errepresioa salatzeko gaur Bilbon egindako prentsaurrekoa. MARISOL IPARRAGIRRE / FOKU
Palestinaren alde egiteagatik jasotako errepresioa salatzeko gaur Bilbon egindako prentsaurrekoa. MARISOL IPARRAGIRRE / FOKU
Bilbo
2026ko uztailaren 23a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asko izan dira Palestinaren aldeko protestetan, ekintzetan eta mobilizazioetan jasotako isunak eta atxiloketak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean prentsaurreko bat egin dute gaur Palestinarekin Elkartasuna, BDZ, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Euskal Herriko Global Sumud Flotilla taldeek. Ana Cascon eta Nerea Etxebarria Euskal Herriko Global Sumud Flotillako kideek «injustiziaren konplizeak» izatea egotzi diete Jaurlaritzari eta bestelako instituzio eta enpresei: «Hemen, Palestina defendatzeko mobilizatzen direnei jazartzen diete; han, Palestinan, hilketak egiten jarraitzen dute, okupazioak egiten, lurrak lapurtzen, baita etxeak, ospitaleak eta eskolak suntsitzen ere, eta milaka palestinar espetxeratzen, baldintza gizagabeetan eta oinarrizko berme juridikorik gabe». Adierazi dute, gainera, «konplizeak seinalatzea» ez dela «delitua», «betebeharra» baizik, eta argitu dute 24 protestari gutxienez zigortu dituztela isunekin, Bizkaian bakarrik.

«Gizarte mugimenduak erdi klandestinitatean bizitzera behartzen ditu 'mozal legeak'; modu baketsuan jardun arren, kontzentrazio bakoitzean gure nortasuna ezkutatzera behartzen gaitu»

ANA CASCON ETA NEREA ETXEBARRIAEuskal Herriko Global Sumud Flotillako kideak

Azaldu dutenez, hilaren 1ean 11 urte bete ziren mozal legea indarrean sartu zenetik: «Eskubideak eta askatasuna bermatzetik urrun, lege hori protesta soziala zigortzeko tresna bihurtu da, eta adierazpen eta mobilizazio askatasuna mugatzeko tresna». Gaineratu dute Poliziari «botere handia» ematen diola lege horrek, «bere irizpideen arabera jarduteko».

Herri mugimendu horietako ordezkarien hitzetan, lege horretan oinarritzen da Palestinaren alde egiteagatik jasandako «errepresioa», eta kriminalizazioa eta beldurra zabaltzeko helburuarekin gauzatu da. Horrek «klandestinitatera» edo «immobilismora» bultzatu asmo dituela salatu dute Casconek eta Etxebarriak: «Gizarte mugimenduak, bizirik iraun ahal izateko, erdi klandestinitatean bizitzera behartzen ditu mozal legeak; modu baketsuan jardun arren, kontzentrazio bakoitzean gure nortasuna ezkutatzera behartzen gaitu».

Kufijarekin aurpegia estalita agertu dira hainbat lagun prentsaurrekoan, batzuk Palestinako banderak eskuan zituztela, eta beste batzuk «Palestina askatu! Israeli boikot» zioen kartel batekin.

Hainbat pertsona kufijarekin aurpegia estalita, gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. MARISOL IPARRAGIRRE / FOKU
Zenbat pertsona aurpegia kufijarekin estalita, gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. MARISOL IPARRAGIRRE / FOKU

Banan-banan aipatu dituzte Bizkaian azken urtean jasotako zenbait isun —guztira 24, gutxienez— eta atxiloketa. «Neurri horien bidez, basakeria ikusirik isilik geratzen ez direnak kikildu eta isilarazi nahi dituzte», adierazi dute Casconek eta Etxebarriak. «Onartezina» iruditzen zaie «injustiziaren» aurka dihardutenak «zigortzea», eta hura «finantzatzen eta sostengatzen dutenak edo haren onuradun direnak», berriz, erabateko «zigorgabetasunez» aritzea.

GUTXIENEZ 24 ISUN

  • 2025eko iraila. Espainiako Vuelta Euskal Herritik igaro zenean, gutxienez 11 pertsona identifikatu zituzten, eta isuna jarri zieten. Gainera, zenbait auzipetu zituzten.
  • 2025eko urria. Palestinaren alde egindako greba batean protestari bati isuna jarri zioten.
  • 2025eko urria. Plentzian Palestinaren aldeko kontzentrazio batean bost laguni isunak jarri zizkieten —3.000 eurorainokoak—.
  • 2025eko urria. Global Sumud Flotillaren ontzietako baten lehen bahiketa zela-eta egindako mobilizazioetan pertsona bati isuna jarri zioten.
  • 2025eko abendua. Bilbon CAFen aurka egindako ekintza batean bost pertsonari isuna jarri zieten, eta hiru auzipetu dituzte.
  • 2025eko urria. Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean protesta egin zuten, kulturaren bidez Israel genozidioa zuritzen dabilela salatzeko. Pertsona bati isuna jarri zioten.

Errepresioaren kontra, elkartasuna

Gogora ekarri dute Israelek su eten akordioa «urratzen» jarraitzen duela eta proiektu «sionista» aurrera doala, haren buruzagien babesarekin. Besteak beste, kolonizazioa, okupazioa, kanporatzea, lurraldearen erabateko kontrola, gosetea, blokeo humanitarioa eta kazetari independenteen sarreraren debekua aipatu dituzte. Kolektiboki «zigortzea» eta errealitatea «ezkutatzea» da horren helburua, bozeramaileek azaldu dutenez.

Hurrengo deialdirik aipatu ez duten arren, azaldu dute jarraituko dutela antolatzen, enpresa eta erakundeen «konplizitatea salatzen», eta elkartasuna indartzen; nabarmendu dute ezin izango dutela hori amaiarazi isunen eta mehatxuen bidez. Gogora ekarri dute egunero-egunero Palestinaren aldeko ekintzak egiten direla herrietan eta hirietan, eta halakoen berri ematea garrantzitsua dela nabarmendu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA