Asko izan dira Palestinaren aldeko protestetan, ekintzetan eta mobilizazioetan jasotako isunak eta atxiloketak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egin dute prentsaurreko bat gaur Palestinarekin Elkartasunak, BDZk, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek, Bilbo-Palestina Herri Ekimenak eta Euskal Herriko Global Sumud Flotillak. Ana Cascon eta Nerea Etxebarria Euskal Herriko Global Sumud Flotillako kideek Jaurlaritzari zein bestelako instituzioei eta enpresei egotzi diete «injustiziaren konplizeak» izatea: «Hemen Palestina defendatzeko mobilizatzen direnak jazartzen dituzten bitartean, han, Palestinan, jarraitzen dute hilketek, okupazioak, lurren lapurretak; baita etxebizitzen, ospitaleen eta eskolen suntsipenak, eta milaka palestinarren baldintza gizagabeetan eta oinarrizko berme juridikorik gabe espetxeratzeek ere». Adierazi dute, gainera, «konplizeak seinalatzea» ez dela «delitua», euren «betebeharra» baizik, eta argitu dute Bizkaian bakarrik 24 protestari gutxienez zigortu dituztela isunekin.
«Gizarte mugimenduak erdi klandestinitatean bizitzera behartzen ditu 'mozal legeak'; eta modu baketsuan jardun arren, kontzentrazio bakoitzean gure nortasuna ezkutatzera behartzen gaitu»
ANA CASCON ETA NEREA ETXEBARRIAEuskal Herriko Global Sumud Flotillako kideak
Aipatu dutenez, hilaren lehenean 11 urte bete ziren mozal legea indarrean sartu zenetik: «Eskubideak eta askatasunak bermatzetik urrun, lege hori protesta soziala zigortzeko eta adierazpen zein mobilizazio askatasuna mugatzeko tresna bihurtu da». Gaineratu dute poliziari «botere handia» ematen diola lege horrek, «bere irizpideen arabera jarduteko».
Herri mugimendu horietako ordezkarien hitzetan, lege horretan oinarritzen da Palestinaren alde egiteagatik jasandako «errepresioa», kriminalizazioa eta beldurra zabaltzeko helburuarekin gauzatu dena. Horrek «klandestinitatera» edo «immobilismora» bultzatu asmo dituela salatu dute Casconek eta Etxebarriak: «Gizarte mugimenduak, bizirik iraun ahal izateko, erdi klandestinitatean bizitzera behartzen ditu mozal legeak; eta modu baketsuan jardun arren, kontzentrazio bakoitzean gure nortasuna ezkutatzera behartzen gaitu».
Kufijarekin aurpegia estalita agertu dira hainbat lagun prentsaurrekoan, batzuk Palestinako banderak eskuan zituztela, eta beste batzuk «Palestina askatu! Israeli boikot» zioen kartel batekin.

Banan-banan zerrendatu dituzte Bizkaian azken urtean zehar jasotako zenbait isun —guztira 24, gutxienez— eta atxiloketa. «Neurri horien bidez, basakeriaren aurrean isilik geratzen ez direnak kikildu eta isilarazi nahi dituzte», adierazi dute Casconek eta Etxebarriak. «Onartezina» iruditzen zaie «injustiziaren» aurka dihardutenak «zigortzea», hura «finantzatzen eta sostengatzen dutenak edo haren onuradun direnak» erabateko «zigorgabetasunez» jarduten duten bitartean.
GUTXIENEZ 24 ISUN
- 2025eko iraila. Espainiako Vuelta Euskal Herritik igaro zenean, gutxienez 11 pertsona identifikatu zituzten, eta isuna jarri zieten. Gainera, zenbait auzipetu zituzten.
- 2025eko urria. Palestinaren alde egin zen greba batean pertsona bati isuna jarri zioten.
- 2025eko urria. Plentzian Palestinaren aldeko kontzentrazio batean bost pertsonari isunak jarri zizkieten —3.000 eurora artekoak—.
- 2025eko urria. Global Sumud Flotillaren ontzidietako baten lehen bahiketa zela-eta egindako mobilizazioetan pertsona bati isuna jarri zioten.
- 2025eko abendua. Bilbon CAFen aurka egindako ekintza batean bost pertsonari isuna jarri zieten, eta hiru auziperatu dituzte.
- 2025eko urria. Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean protesta egin zuten, kulturaren bidez Israel genozidioa zuritzen dabilela salatzeko. Pertsona bati isuna jarri zioten.
Errepresioaren aurrean, elkartasuna
Gogora ekarri dute Israelek su eten akordioa «urratzen» jarraitzen duela eta proiektu «sionista» aurrera doala, haren buruzagien babesarekin. Besteak beste, kolonizazioa, okupazioa, kanporatzea, lurraldearen erabateko kontrola, gosetea, blokeo humanitarioa, eta kazetari independenteen sarreraren debekua aipatu dituzte. Modu horretan, kolektiboki «zigortzea» eta errealitatea «ezkutatzea» helburu dutela azaldu dute bozeramaileek.
Hurrengo deialdi zehatzik aipatu ez duten arren, azaldu dute jarraituko dutela antolatzen, enpresa eta erakundeen «konplizitatea salatzen», eta elkartasuna indartzen; eta nabarmendu dute ezin izango dutela hori amaitarazi isunekin eta mehatxuekin. Herrietan eta hirietan egunero-egunero Palestinaren aldeko ekintzak egiten direla gogorarazi dute, eta horiei ahotsa ematea garrantzitsua dela nabarmendu.