Euskaltzaindiak Patxi Juaristi Larrinaga proposatu du (Markina-Xemein, Bizkaia, 1967) euskaltzain oso izateko. Atzo eman zuten hautagaitzaren berri, Bilboko Euskal Museoan eginiko osoko bilkuran, eta, ohi bezala, ez zen beste hautagairik aurkeztu. 2027ko urtarrilaren 29an Donostian eginen duten bozketan berretsiko dute erabakia: euskaltzain osoen eta emerituen botoak zenbatuta, Bernardo Atxagak utzitako tokia hartuko du Juaristik. Izan ere, Atxaga euskaltzain emeritu bihurtu zen uztailean, 75 urte bete zituenean.
Patxi Juaristi Larrinaga Soziologian lizentziaduna eta doktorea da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzien Sailean. 2005etik 2009ra bitarte, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendaria izan zen, eta ondorengo urteetan hainbat kargu izan zituen EHUn: Gizakiekin Egindako Ikerketarako Etika Batzordeko kidea izan zen 2009tik 20216ra; Asmoz fundazioaren Hiznet hizkuntza plangintzako ikastaroaren koordinatzailea 2015etik 2020ra; Bizkaiko campuseko errektoreordea 2017tik 2023ra, eta EHUko Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria gaurdaino.
Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea ere bada, eta, 2012ko otsailaz geroztik, euskaltzain urgazlea. 2023tik, Euskera Ikerketa Aldizkaria-ren idazketa batzordeko kidea da. Hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu euskal kulturari, euskarari eta, oro har, hizkuntzei buruz. Memoria historikoarekin eta 1936ko gerrarekin lotutako gaien gainean ere ikertu du.