Pentsio sistema publikoaren alde eta horiek murriztearen kontra. Aldarrikapen horiek gogoan bete dituzte gaur Bilboko kaleak ehunka lagunek. Argi mintzatu da EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua: «PPri eta Voxi ez diegu utziko berriro ere murrizketak ezartzen». Adierazi dutenez, alderdi horiek «gezurrak» erabiltzen dituzte pentsioen sistemari eraso egiteko, eta horiek murriztu nahi dituzte. «2018an egin genituen mobilizazioekin, pentsioak urtero KPIarekin igotzea lortu genuen, eta pentsioen murrizketen zati bat indargabetu genuen», gehitu dute.
Espainiako Gobernuari eta Kongresuko Diputazio Iraunkorrari eskaera zuzenak egin dizkiete: %2,5eko konpentsazio ordainsari bat emateko urte hondarrerako, eta %5ekoa urtarrileko eta ondoko pentsioetarako; gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko; eta pentsioetan dagoen sexu arrakala amaiarazteko.
Nafarroako Gobernuari ere eskatu diote gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Eusko Jaurlaritzari, berriz, galdegin diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile guztiendako gutxieneko soldata propio bat ezar dezala.