Artea

Pipilotti Rist artistaren 'Ever is Over All' bideo instalazioa ikusgai jarri dute Bilboko Guggenheim museoan

Bi piezaz osatutako lana da, bideo artearen munduan «historikotzat» hartzen direnak. Datorren urteko urtarrilaren 17ra arte egongo dira ikusgai.

'Ever is Over All' bideo instalazioaren fotograma bat. GUGGENHEIM MUSEOA
'Ever is Over All' bideo instalazioaren fotograma bat. GUGGENHEIM MUSEOA
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urriaren 1a
17:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume bat kalean, oinez. Soineko urdin bat du jantzia, lore bat eskuetan, eta lasai doa. Bat-batean dator sorpresa: bere indar guztiarekin bide ertzean dauden autoetako kristalak hausten hasiko da, eskuetan duen lorearekin. Polizia agente batekin ere gurutzatuko da; hura agurtu, eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraituko emakumeak aurrera. Pipilotti Rist artistaren Ever is Over All (Beti dago guztiaren gainean) bideo instalazioko piezetako batek erakusten ditu irudiok, eta gaurtik aurrera Bilboko Guggenheim museoan daude ikusgai, datorren urtarrilaren 17ra arte. Mikel Onaindiak egin ditu komisario lanak.

Nazioarteko bideo artistarik ezagunenetako bat da Rist. Hain zuzen, Ever is Over All obragatik lortu zuen sona; 1997ko Veneziako biurtekoan aurkeztu zuen. Bi piezaz osatuta dago lana, eta sinkronizatuta proiektatzen dira, bakoitza aretoko pareta banatan. Lorea eskuetan daraman emakumea Silvana Cesci da, eta Zurichen filmatutakoak dira irudiak. Komisarioaren hitzetan, protagonista kristalak hausten hasten den uneak nolabaiteko tentsio momentu bat sortzen du ikuslearengan. «Biolentziaren eta onarpenaren arteko tentsioa da piezaren muina». Poliziak emakumea egiten ari dena ikusi du, baina ez du hura zigortu. Hain zuzen, piezak arauen nolabaiteko haustura erakutsi nahi du, besteak beste. 

Bigarren piezan, berriz, ez da pertsonarik ageri; loreak dira protagonista. Loreen lehen planoak ikusten dira; kolore saturatuak, eta kamera mugimendu geldoak hauteman ditzake ikusleak. Irudiok musikaz lagunduta daude, zeina Ristek berak konposatu zuen, Anders Guggisberg artistarekin batera. Onaindiaren ustetan, «atmosfera liriko atsegin eta erlaxatua» ematen die musikak irudiei.

Askatasuna

Elizabeth Charlotte Rist da artistaren benetako izena. Haurra zenean Lotti deitzen zioten, eta izen artistikoa sortzeko Pippi Langstrump marrazki bizidunetako pertsonaiaren izena gehitzea erabaki zuen; hortik Pipilotti. Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendariaren ustetan, Pippiren izaera askea erakusten dute Risten piezek ere. 

1980ko hamarkada mugarria izan zen sortzailearentzat, garai hartatik aurrera lortu baitzuen ospea. «Garai batean latza izan zitekeen bideo arteari kolorea, umorea eta plazera ekarri zizkion», adierazi du Arzalluzek. Geroztik, munduko museorik entzutetsuenetako batzuetan erakutsi dituzte haren lanak, baina aretoak eta arte zentroak ez ezik, espazio publikoa ere hartu dute; esaterako, New Yorkeko Times Squareko pantailak. 2016an, Beyonce artista estatubatuarrak Lemonade albumean omenaldi txiki bat egin zion Risti.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA