Politika «arrazistak» salatzeko giza kate bat osatuko dute larunbatean Gorlizko eta Plentziako hondartzetan

Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deitu du, eta 12:00etan egingo dute. Marea Horiaren aurtengo aldiak giza eskubideen «urraketa sistematikoak» ditu jopuntuan, eta EBren «korronte arrazistaren gorakada» gaitzestea du helburu.

Iazko Marea Horiaren giza katea, Gorlizen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iazko Marea Horiaren giza katea, Gorlizen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 18a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bandera horiz beteko dira beste urte batez Gorlizko eta Plentziako (Bizkaia) hondartzak. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta, giza kate bat osatuko dute larunbatean, 12:00etan. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, aurtengo Marea Horiak giza eskubideen «urraketa sistematikoa» izango du jopuntuan, eta EB Europako Batasunaren «korronte arrazista eta xenofoboaren gorakada» gaitzestea du helburu.

Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak argi du zein den munduko aurreneko potentziaren, Ameriketako Estatu Batuen, eta Europako talde komunitarioaren lehentasuna: politika «belizistak» hauspotzea. Hala, salatu dute EBk «gorrotoaren, gatazken eta indarkeria sozialaren diskurtsoak» sustatzen dituela, baita «etorkinak» gizarteko arazo ororen «erruduntzat» jotzen dituela ere, nahiz eta horiek «eskuineko gobernuen politika pribatizatzaileen eta sektore publikoen murrizketaren ondorioak besterik ez diren».

Diskurtso horren adierazle eta ondoriotzat jo dute, hain justu, EBko Migrazioari eta Asiloari buruzko ituna. Salatu dutenez, akordio horrek bide ematen du Europan dauden migratzaileak jatorrizko eta atzerriko herrialdeetara bidaltzeko, kasik automatikoki eta herrialde horietan pairatu dezaketen jazarpenari ez ikusiarena eginez. «Politika horiek ez dituzte kontuan hartzen migrazio prozesuen benetako arrazoiak; eta beren jatorrizko herrialdeetarako baldintza ekonomiko eta sozial egokiak sortzen lagundu beharrean, mundu desorekatuagoa sustatzen dute». 

Erroldaren auzia

Kanpora ez ezik, barrura ere begiratu dute giza katearen antolatzaileek. Azaldu dute duela urtebete inguru onartu zirela egoera berezietan erroldatzeari buruzko irizpide komunak, Bizkaiko ia ehun gizarte erakunderen ekimenez, eta orain gutxi udalentzako aplikazio prozedura bat ere onartu dela.

Halere, Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak salatu du horiek «gomendioak baino ez» direla, eta ezinbestekoa dela aholku horiek ahalik eta lasterren «praktikan» jartzea. Gogoratu dute udal errolda herritarren eskubide multzo baterako «sarbidea» dela; besteak beste, «osasunerako, hezkuntzarako, oinarrizko zerbitzuetarako, bizilekua lortzeko edo legezko enplegurako».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA