Profersa aurretiaz ixteko akordioa egin dute Bilboko Udalak eta enpresak

Behin akordioa sinatu ondoren, sei hilabete izango ditu enpresak ekoizpena gelditzeko, eta beste hamabi azpiegiturak kentzeko. Kutsaduraren aurkakoek ez dute bertan behera utzi abenduaren 1eko mobilizazioa.

Sader eta Profersa enpresak, Bilboko Zorrotza auzoan, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Sader eta Profersa enpresak, Bilboko Zorrotza auzoan, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 26a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udalak eta Agaelus taldeak akordio bat egin dute, Profersa ongarri planta Zorrotza auzotik aurreikusi baino lehenago kentzeko. Hala, behin betiko akordioa sinatu ostean, gehienez sei hilabete izango ditu Agaelusek ekoizpena gelditzeko, eta hortik aurrera beste hamabi hilabeteko tartea izango du azpiegiturak kentzeko eta ingurua garbitzeko. Akordioa hogei egunez egongo da publikatuta jendeak irakurri ahal izateko.

Baina kontua ez zaio dohainik aterako udalari: kalkulatu dutenez, hiru milioi euro baino gehiagoren kalte ordainak eman beharko dizkio Agaelusi, eta kostu hori Zorrotza Puntaren birpartzelazio proiektuari batuko zaio. Izan ere, egun Profersa eta Sader lantegiak dauden eremuan batez ere etxeak eraiki nahi ditu Bilboko Udalak.

Zorrotza Puntaren aldaketa

Trenbidetik ibaira dagoen zatia da Zorrotza Punta, eta XX. mendeko Bilbo industrialaren azken irudi bizia da. Sader eta Profersa enpresak dira horren erakusleiho nagusiak. Agaelus taldearenak dira bi lantegiak: lehenak industria hondakinak tratatzen ditu, eta bigarrenak, berriz, ongarriak ekoizten ditu. Bada, hemendik urte batzuetara ez dira bertan egongo, eta Bilboko Udalak 2.000 etxe inguru eraikiko ditu. Horretarako, 2022an onartu zuen hiri antolamendurako plan orokorrean jaso zuten inguru hori aldatzea, eta onartu zuten etorkizunean Zorrotza Puntaren plan zehatzago bat egitea aldaketa guztia zehazteko. 280.000 metro koadro inguruko eremua da Zorrotza Punta.

Saderren etorkizuna jakina da: Bilboko Portura mugituko dute lantegia. Profersaren inguruan, baina, etorkizuna ez zegoen garbi, eta azkenean adierazi dute ez dutela beste inon kokatuko, kostuak handiegiak izango lirateke eta.

Polemikaz inguratuta daude bi lantegi horiek. Izan ere, Bilbo Handiko industria kutsagarrienetakoak dira, eta biziguneetatik oso gertu daude. Sader enpresak, gainera, ihes asko izan ditu, eta inpaktu handia eragin izan du inguruan. Hori dela eta, bizilagun talde batzuek urteak daramatzate planten aurka mobilizatzen, aldarrikatuz halako industriak ezin direla jendea bizi den eremuetatik horren gertu egon, are gutxiago Euskal Herriko hiri aglomeraziorik handienaren erdian.

Abenduaren 1erako mobilizaziora zuten deitua Sader eta Profersa Kanpora plataformako kideek, eta, nahiz eta atzoko akordio horren berri jakin duten, ez dute bertan behera utziko. 18:30ean izango da, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzatik abiatuta, eta Bilboko udaletxearen parean amaituko dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA